Jayson Granger. Bitci Baskoniako jokalaria

«Koparako ez sailkatzea porrota litzateke»

Baskoniak etzi jakingo du Kopan arituko ote den, beste emaitza batzuen arabera. Gaur, Panathinaikosen pistan jokatuko du, Euroligan. Kapitainak taldea «elkartuago» aritzea nahi du.

ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Egun berezia izan zen asteazkena Jayson Grangerrentzat (Montevideo, 1989): Jeff aita etorri zitzaion bisitan Gasteizera Bitci Baskoniako joko antolatzaile eta kapitainari. Saskibaloi jokalaria izan zen aita ere, eta ama, Silvia Amodio, korrikalaria da: «Aurki, 280 kilometroko lasterketa bat dauka Minnesotan, zero azpiko 30 graduko tenperaturekin». Gasteiz ere hotza da, eta Baskonia hotzez dabil sasoi honetan. Berotu ezinda. Epeldu ez ezik goritu ere egingo den ustea dauka, ordea, Grangerrek. Sasoiaren azken parterako taldea bizi-bizi egongo dela aurreikusi du, okerrak zuzenduta.

Zer moduz dago taldeaCOVID-19aren izurriteak gogor jo eta gero?

Ez da erraza taldea dinamika batean sartuta dagoenean gelditu behar izatea jokalari batzuk sartu eta irten ari direlako birusaren eraginez [gaur ezingo dute jokatu Alec Petersek, Artur Kurucsek eta Tadas Sedekerskisek]. Ahalik eta ondoen eta elkartuen egon behar dugu, eta aurrera tira. Galdu genuena berreskuratzen saiatzen ari gara, baina zaila da sasoi puntua berriz hartzea. Entrenamendu egun hauek on egin digute, eta ea laster jartzen garen sasoiko.

Emaitzetan ere, gorabehera handiko sasoia duzue, eta Euroligan, esaterako, zail duzue Top 8an sartzea.

Zaila izango da, baina ezinezkorik ez dago. Hiru garaipen gehiago dituzte kanporaketak jokatzeko azkeneko postuan dauden taldeek, eta urruti ere ez daude. Ezin da ukatu etxeko hainbat partidak ihes egin digutela. Taldeak badaki zer dagoen, eta partida bakoitza final bat izango da. Dena eman behar dugu, baikorrak izan, eta batez ere, elkartuago aritu.

Nolako aurkaria izango da gaur Panathinaikos? (20:00, Dazn).

OAKA oso pista zaila da. Jokalari oso onak dauzka, eta talde fisikoa da. Gasteizen lanak izan genituen irabazteko [81-79, hirugarren jardunaldian]. Oso partida fisikoa izango da, eta defentsako lana ondoen egiten duenak irabaziko du.

Hari batean duzue Espainiako Kopan sartzeko aukera, eta, ez bazarete sailkatzen, zer litzateke?

Porrota, eta horren jakitun gara taldearen barruan. Ez da seinale ona Baskoniaren pareko talde bat beste batzuen mende egotea Kopan sartzeko. Gauzak ez genituen ondo egin denboraldi hasieran, eta ez dugu aurkitu talde honek izan beharko lukeen sendotasuna ACB ligako lehen itzulian [Koparako sailkatuak zehazten dira ligaren erdian]. Oso gorabeheratsu ibili gara.

Zergatik?

Talde berria gara, eta hainbat jokalarirentzat lehen aldia da maila goren-gorenean. ACB liga hau Europako lehiaketa gogorrenetakoa da, eta, Euroligan ari garen taldeen aurka jokatzeko, aparteko motibazioa izaten dute aurkariek. Hor egin dugu kale, eta ez gara jabetu ligan dagoen mailaz. Gehiegi lasaitu gara astean partida bat jokatzen duten taldeen aurka. Baina ziur naiz hobetzeko lanean jarraituko dugula, eta lehian izango garela denboraldiko azkeneko partean.

Zerbait gehiago ere badago taldearen ibili kaskar hau azaltzeko?

Ez dago besterik. Entrenatzailea ere aldatu zuen klubak. Ez gara gai izan talde itxura emateko hainbat partidatan, elkarrekin haserre jokatzea ere eragin zuen horrek, baina ondo ari gara lanean. Egindakotik ikasi behar dugu, umilagoak izan, eta denok alde berdinerantz bultza. Talde honek hori egin duenean, gai izan gara talde handien aurka ondo jokatu, eta haiei irabazteko.

Zer izan zen zuretzat Dusko Ivanovicen kaleratzea?

Duskorekin oso pozik nengoen. Taldearen barruan jarri zidan lanarekin gustura nenbilen. Asko eskatzen du eguneroko lanean, arlo psikologikoan eta fisikoan, eta gogorra da. Nire aldeko apustua egin zuen, nahiz eta hemen egon nintzen aurreko aldian min hartuta egon behar izan nuen, ia jokatu ezinda. Asko eskertzen diot aukera eman izana.

Zergatik ez zen ondo aritu taldea Ivanovicekin?

Ez ginen gai izan ondo lehiatzeko, eta, agian, hark ere ez zuen asmatu zer nahi zuen azaltzen; batez ere, defentsako lanean. Taldeak ez zion ulertu, baina eskerrak eman behar zaizkio, Dusko entrenatzaile aparta delako, pertsona ona izateaz batera.

Hura joan zen, eta zuzendaritzak Neven Spahija ekarri zuen azaroan. Zer ematen dizue?

Nevenek beste ideia batzuk dauzka, beste filosofia bat. Garbiago dauka zer nahi duen. Baina kostatzen ari zaigu zer nahi duen ulertzea. Hasiberriak ematen dugu zenbait partidatan, eta zail egiten zaigu barneratzea partida jakin batek zenbateko garrantzia duen, adibidez. Egunero ari da bere filosofia gure buruan sartu nahian, eta ziur nago lortuko duela. Maila handiko taldea izateko bidean gara.

Zer litzateke hori emaitzetan?

Euroligako eta ACB ligako kanporaketetan sartzea. Taldearen mailagatik eta klubaren historiagatik, goiko postuetan lehian ibili behar dugu, hainbat partidatan ez garelako ondo lehiatu; eta hori barkaezina da hemen. Maila ona ematen dugunean, luzaro eutsi behar diogu berdin. Jokalari berriei eta gazteei, Baskoniaren izaera zer den erakutsi, eta azaltzen diet hiri oso bat dugula atzean.

Baskonian egon zinen aurreko hiru denboraldietan bi muturrak ezagutu zenituen: bi lesio larri. batetik, eta ACB liga irabaztea, bestetik.

Tituluarekin geratzen naiz, eta berriz jokatzeko aukera izatearekin. Oso gaizki egon nintzen, eta psikologo baten laguntza behar izan nuen. Baina atera nintzen zulotik, liga irabazi genuen, eta Berlinen konfiantza berreskuratu ondoren [denboraldi batez Alban jokatu zuen], hemen naiz berriz, lehen sartu zitzaidan arantza ateratzeko asmoz. Pentsatu nuen gehiago ez nuela jokatuko, baina ondo inguratuta egon naiz, familiarekin batez ere, eta aurrera segitzeko indarra atera nuen. Berriz jokatzea izan da kirolean lortu dudan garaipenik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.