Iñigo Perez. Osasunako jokalaria

«Zuhurtzia bidaide ona da, baina amestu ere egin behar da»

Iñigo Perezek uste du Osasunak «erotu gabe» jardun behar duela, Bigarren Mailako «berdintasuna» tarteko. Baina ez dio muzin egiten ilusioa izateari: «Nirea Lehen Mailara igotzea eta Sadarren gozatzea da».
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abuztuak 31
Hiztun ona da Iñigo Perez (Iruñea, 1988). Haren oinetatik irteten diren baloien argitasun bera dute haren ahotik ateratako hitzek. Paseak eta azalpenak Osasunako jokalari moduan ari da egiten orain, uztailean Numantziatik iritsi ostean. Nerabea zela irten zen etxetik, Athleticen harrobian hazteko, eta harat eta honat ibili ondotik, 30 urterekin iritsi zaio Iruñera itzuli eta elastiko gorritxoa janzteko aukera. Osasunak ez du ametsetako liga hasiera izan, baina erdilari nafarrak uste du taldea «bide onean» dela.

Nola sentitzen zarete lehen bi partidetan puntu bakarra lortu eta gero?

Amorratuta. Badakigu gehiago eman dezakegula, eta emaitza hobeak lortu. Etsipen apur batekin bukatu ditugu partidak. Dena den, orduek aurrera egin ahala, lehen garaipena lortzeko ilusioa eta gogoak itzultzen zaizkizu.

Gainera, azken partidan hobera egin zuen taldearen jokoak. Baduzue zeri heldu.

Lehen neurketak denboraldi-aurrearen luzapena izaten dira. Mallorcan ez ginen gai izan teknikariaren proposamena zelaian islatzeko. Elxen aurka, ordea, goitik behera aldatu zen taldearen itxura. Bestelako jarrera erakutsi, eta duin aritu ginen jokalari bat gutxiagorekin gelditu ostean. Puntu bakarra bildu arren, iruditu zitzaidan zaleak nahiko konforme irten zirela Sadartik.

Zer falta izan zitzaizuen partida irabazteko?

Ate aurrean asmatzea erabakigarria da. Lehen zatian bizpahiru aukera oso garbi izan genituen, eta horietakoren batean asmatuz gero, partida erabat aldatuko zatekeen. Horrez gain, saihestu daitezkeen taldeko huts txikiak egin genituen Elxen golean, ziurrenik hamar jokalarirekin aritzearen eraginez.

Zer mezu igorri dizue Jagoba Arrasatek lehen bi estropezuen ondoren?

Esan digu gauzak datozen bezala onartu behar direla, eta lanean erabakimenez jarraitu behar dugula. Nire iritziz, egunetik egunera garbiago ditugu entrenatzaileak ezarri nahi dituen kontzeptuak, bide onean goazen seinale. Noizbait jasoko ditugu fruituak.

Ondo ezagutzen duzu entrenatzailea, elkarrekin aritu baitzarete Numantzian azken hiru sasoietan. Nola deskribatuko zenuke?

Pertsona gisa, lasaia, argia eta zentzuduna da. Eta entrenatzaile moduan, fede itsua du bere estiloan, eta ideiak behar bezala igortzen daki. Estilo ausarta du, nahiago du aurrera egin atzera baino, bertikaltasuna horizontaltasunaren aurretik jartzen du, jokalariei askatasuna ematen die erabakiak hartzeko, eta, horrekin batera, elkartasuna eskatzen die. Osasunaren jarraitzaileei asko gustatzen zaie jokamolde hori, eta, horregatik, uste dut lotura polita sortuko dela taldearen eta harmailen artean.

Ardura handia duzu haren eskeman: zentzua eman behar diozu taldearen jokoari. Nola ikusi duzu zeure burua orain arte?

Pixkanaka noa, taldea bezala. Toki berri batera joatean, ahalik eta azkarren egokitzea gustatzen zait, baina gauzak azkar egiteak ez du beti esan nahi ongi eginda daudenik. Euskarrian aritzea erantzukizun handia da, une oro hartu-emanean baitzaude taldekideekin eta aurkariarekin. Hobera ari naiz egiten, baina zaila da neure buruaz iritzi publiko bat ematea.

Entrenatzailea lehendik ezagutzeak zenbateraino erraztu dizu egokitzapena?

Garbi dago horrek gauzak erraztu dizkidala, aurretik banekielako zer egin behar nuen teknikariaren planetan sartzeko. Hori bai, Jagobaren talde teknikoak ez du ezer oparitzen. Agian bere apustua izan naiz, baino horrek ez du esan nahi beste jokalariekiko lehentasuna dudanik. Horrek ez du balio harentzat.

Nafarra izanagatik, Osasunan sekula aritu gabea zinen. Espero bezalakoa al da?

Kanpotik Osasuna klub bikain bat iruditu izan zait beti, bai zaleei eta bai instalazioei dagokienez. Toki berri batera iristean, aurreikuspenak errealitatearekin bat etortzea nahi izaten duzu, eta hala gertatu da kasu honetan. Gustatu ez zaidan zerbait topatu izan banu, arazorik gabe esango nizuke. Ordea, ez dago halakorik.

Gainera, ederra izango da urte askoren buruan berriz ere etxean bizi ahal izatea.

Egonkortasuna ematen dizu lan-saioak bukatu ostean familiarekin eta lagunekin egon ahal izateak. Gauza berria da niretzat, beti jokatu baitut kanpoan. Norbaitek agian esango dizu etxean jokatzeak presioa dakarrela, baina nik hori ez dut gauza txartzat hartzen.

Iruñea asko aldatu al da gazterik Lezamara joan zinenetik?

13 urterekin joan nintzen, eta, egia esan, ordura arte apenas irten nintzen Txantreatik. Auzoko bizimodua nuen; hirigunea eta inguruak orain ari naiz ezagutzen. Txantreak esentziari eutsi dio, eta asko gustatzen zait hango bizimodua eta auzokideen artean dagoen harremana.

Osasunaren gaurkotasunera itzuliz, igoera ez da helburutzat jarri nahi izan; horren ordez, urratsez urrats joateko asmoa erakutsi dute zuzendari, teknikari eta jokalariek. Bat egiten duzu diskurtso horrekin?

Uste dut ikuspuntu hori eduki beharko luketela Bigarren Mailako talde guztiek. Urtero gauzak oso estu izan dira igoerako kanporaketak ezarri zirenetik. Berdintasun handia dagoela ikusirik, zentzurik ez dauka helburu jakin bat jartzeak. Hobe da ez erotu eta zuhurtziaz jokatu, talde indartsua dugun arren. Gero, garbi dago norberak bere ilusioak dituela. Nirea Lehen Mailara igotzea eta Sadarren gozatzea da. Zuhurtzia bidaide ona da, baina amestu ere egin behar da.

Igandean Granadan ariko zarete. Partida arratsaldeko seietan zen hastekoa, baina, azkenean, bederatzietan jokatuko da, beroa saihesteko. Ez zaizue gaizki etorriko.

Eskertzen da aldaketa, baina egia da ere jokalariak edozerengatik kexatzen garela. Partida iristeko gogotsu gaude, aurrera begira konfiantza emango digun garaipen bat lortu nahi baitugu. Niri ez zait asko gustatzen, baina futbolean ematen du emaitza ororen gainetik dagoela, eta helburuak bitartekoak zuritzen dituela. Hori horrela, igandean irabazten saiatuko gara, baina joko onarekin bada, hobe.

Iragan sasoian Osasunako entrenatzaile izan zen Diego Martinezek zuzentzen du Granada. Horrek taldea kitzikatzen al du?

Ez dut uste taldekideek horri garrantzirik ematen diotenik. Kontu taktikoez hitz egin da, sasoi oso bat osatu baitzuten harekin. Karta gehienak gora begira daude. Baina partida bat gehiago da. Morboa kanpora begira du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna