Arrauna. Kontxako Bandera. Aitor Altzibar. Urdaibaiko entrenatzailea

«Errendimendu aldetik nahiko ondo aritu ginen lehen igandean»

Abuztuaren hirugarren astean hartu zuen Aitor Altzibarrek Urdaibaiko traineru nagusiaren ardura. Sasoia amaitzeko hiru estropadaren faltan, bere taldeak duen gaitasun guztia erakustea nahi du, Kontxatik hasita.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Aurrera eta atzera nabil». Asteazken eguerdia da, eta lanez gainezka dabil Aitor Altzibar (Lekeitio, Bizkaia, 1975). Ez soilik bere ogibideari dagokionez, lantegi berri bat hartuta baitabil azken asteetan: Urdaibaiko traineru nagusiaren ardura hartu du Joseba Fernandez kaleratua izan ondotik. Kontxako Banderako bigarren jardunaldiari begira, uste du bere taldeak «txanda irabaztera» joan behar duela. Hortik aurrerakoak gustura hartuko ditu.

Iragan da Kontxako Banderaren lehen jardunaldia. Bosgarren izan zineten, Hondarribiarengandik hemeretzi segundora. Zer irakurketa egiten diozu joan den igandekoari?

Ez genuen estropada txarra egin. Errendimendu aldetik nahiko ondo aritu ginen, lehenengo luzean bereziki. Uste dut laugarren kaleak pisu handia izan zuela, eta besteen aldean segundo batzuk galdu genituela. Momentu jakin batean izan zen, gainera, telebistako irudietan aztertu dugunmoduan.

Zer momentutan izan zen?

Gutxi gorabehera, 12. eta 15. minutuen artean. Denbora galdu genuen bat-batean. Ez dakit ondo zer dela eta; Kontxako eremuarengatik, korronteengatik... Hor galdu genuen denbora helmugan galdutakoaren bera da.

Goiko traineruengandik gertuago ibiltzea espero zenuen?

Bai, baietz uste dut. Gero, nire ustez, itsasoa zerbait hobeto zegoen bigarren txandan, baldintzak hobexeagoak ziren, eta hor ere atera ziguten Hondarribiak eta. Espero nuen hamar-hamabi segundora ibiltzea. Gure txandarekin nahiko ondo geratu ginen, laugarren kaletik joanda, baina, bigarren txandaren ostean, hemeretzi segundoren aldea egon zen.

Bandera galdutzat ematen duzu?

Bai. Zerbait gertatu behar da, haizea edo, guk irabazteko. Hori bai, lan ona egiten badugu, posturenbat aurrera dezakegu.

Zer helburu finkatu duzu bigarren jardunaldirako?

Lehenik eta behin, txanda irabaztea, eta, gero, laugarren edo hirugarren egindakoren bati, sei-zortzi segundo aurretik geratutakoren bati, postua kentzea.

Nola ikusten duzu banderarako lehia?

Oso estua. Hor hiru ontzi daude. Zierbenak ere egin dezake, baina gaitzagoa dauka, ez baita berak berea egitea bakarrik. Beste hirurek ere huts egin behar dute. Lehenengo hirurena airean dagoela uste dut, nahiz eta Santurtzik zaila izango duen. Oraindik irabazi ahal du.

Itsasoko parteak-eta ikusita, nolako estropada espero duzu iganderako?

Pasa den igandean izandako marearen alderantzizkoa izango da. Beherantz izan genuen, eta, orain, goraka egongo da. Itsasoa, antzekoa, eta haize pixka bat gehiago agian. Baina uste dut antzeko itsasoa egongo dela. Korrontea aurka izango dugu, eta, aurrekoan ikusi bazen lehen eta bigarren kaleetatik amaitu zutela ontziek, uste dut oraingoan alderantziz gerta litekeela. Baina tira, gero gerokoak.

Iragarpenak kontutan, gustuko kaleren bat hautatzeko esango balizute?

Hirugarrena. Erdikoa da, eta jokoa ematen du. Laugarrena egokitzen bazaizu, beti hortik joan behar duzu, eta gero ez duzu tarte handirik. Hirugarrenak ematen dizu kalearekin jokatzeko aukera hori.

Duela gutxi egin duzu Bermeo B-tik lehen talderako jauzia, Joseba Fernandez ordezkatzeko. Nola jaso zenuen eskaintza?

Egun batetik bestera. Esan zidaten lehen taldea hartu behar nuela, eta horixe egin nuen. Arraunlariak ezagutzen nituen, haiekin egoteagatik eta; ez nintzen haien dinamikan aritu, bigarren traineruarekin nengoelako, baina oso ondo hartu naute. Primeran.

Gauza asko aldatu behar izan al dituzu?

Ez, gauza txikiak. Urteko lana eginda dago. Batez ere, arraunlariak gustura egotea, gogoz ekitea estropada bakoitzari, haiekin hitz egitea zer sentipen topatzen zituzten uretan, eta ahalik eta onenak izatea ahalik eta errendimendu onena emateko.

Gazteak heltzeko traineru bat zuzentzetik halako gaitasuna duen bat prestatzera igarotzean alde handia egongo da, ez?

Bai. Detaile asko zaindu behar dira goi mailako traineru batean. Aurten bospasei traineru daude hamabost segundoren barruan, eta edozein xehetasunek, edozein ziabogak, banderaren lehiatik kanpora uzten zaitu.

Zein izan da aurkitu duzun ezberdintasunik handiena?

Nire ustez, ezberdintasun nagusia arraunlarien gaitasuna da. Gazteetan, egiteko daude arraunlari batzuk, eta haiekin urteak igaro behar dira, entrenamenduak geroz eta hobeto hartu behar dituzte... Maila honetan, ordea, errendimendurako daude arraunlariak.

Elantxobe, Bermeo B... ez zara berria traineruak entrenatzen, baduzu esperientzia pixka bat. Urdaibaiko lehen taldera igarotzea pauso bat izan da zure ibilbidean?

Pauso bat da, bai. Niretzat berezia da. Gauza berri bat ezagutu dut, beste maila bat, eta lan egiteko bestelako modu bat da.

Kontxako Bandera igarota, bi estropada geratuko zaizkizue sasoia amaitzeko. Haietako bat etxean jokatuko duzue. Bandera hura irabaztea da zuen helburua?

Hiru estropada falta dira, eta Urdaibaik hirurak irabaztera joan behar du. Gaitza da, oraindik ez dugu lortu, baina helburuak izan behar du ahalik eta errendimendurik altuena lortzea azken hiru estropada horietan.

Oker handirik ezean, Jon Elortegi izango da datorren urtean Bermeoko entrenatzaile. Bigarren ontzira itzuliko zara zu?

Oraindik ez dugu horretaz hitz egin. Denboraldia amaitzen denean eseriko gara, eta lasai hitz egingo dugu. Pentsatuko dugu zer egin behar dugun, nola lagundu taldeari edo zer beharrizan dauzkagun arraun taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.