Ainhoa Etxeberria. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Faboritoak gara, bai. Uste osoa dut talde honetan»

Espainiako Kopa jokatuko dute gaurtik igandera Donostian. Bera Bera Aularen aurka ariko da gaur, final-laurdenetan. Jokatzeko irrikan dago Etxeberria: «Opari oso handia da hau».

«Faboritoak gara, bai. Uste osoa dut talde honetan».
Julen Etxeberria.
Donostia
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Minutu batzuk pasatu dira Super Amara Bera Bera Illunben aurreneko aldiz entrenatu denetik, eta bertan bizi duena barneratzen ari da Ainhoa Etxeberria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1998): «Inpresioa egin digu halako pabiloi handi batean sartzeak. Nik, behintzat, ez dut inoiz jokatu halako toki batean. Oso txukun jarri dute dena, oihal handi batzuekin, eta irudipena da oso gertu izango ditugula zaleak. Pista ere probatu dugu, eta gustura aritu gara. Horrek guztiak jokatzeko irrika handitu besterik ez digu egin».

Gaur ekingo diozue Espainiako Kopari. Zer moduz zaudete?

Sekulako gogoa dugu jokatzeko, eta gure zaleekin Kopa honetaz gozatzeko. Etxean ariko gara, eta egoera normalago batean. Oso eskertuta gaude, duela hogei urte baino gehiago ez baitzen halakorik jokatu Donostian [1996an izan zen azken aldiz]. Ederra da jokalari batentzat honelako zerbait bizitzea, are gehiago etxekoa izanda, gipuzkoarra. Eskubaloizalearentzat ere egundoko aukera da Kopa hau: hiru egunez eskubaloia izango da erdigunean. Opari oso handia da hau.

Urduritzen hasi zarete?

Ni hortxe nabil, nerbioak kudeatu nahian. Egin behar dut, ez badut egiten, akabo; oso urduri jartzen naiz. Normala da eguna iritsi ahala, sabelean tximeletak sentitzea. Ez dugu Gaskan jokatuko, ez dugu etxean lo egingo... gauza berri asko daude. Hala ere, berdin dio Illunben, Gaskan edo Bidebietan jokatu, gure etxean jokatuko dugu, gure jarraitzaileen aurrean, eta horrek berezi egingo du dena.

Pentsatu duzue nola izan liteke 3.000 ikusleren aurrean jokatzea?

Ez naiz horretan pentsatzen hasi, baina hasiko banintz, lehenbizi, irribarre bat aterako litzaidake, eta, jarraian, tripa itxiko litzaidake; oso urduri jarriko nintzateke. Inoiz ez dut horrenbeste jenderen aurrean jokatu. Niretzat jada handia da Gaskan jokatzea; beraz, pentsa Illunben, 3.000 ikusleren aurrean.

Inguruan nabaritu duzu ezer berezirik? Ohi baino ikusmin handiagoa dago?

Gurasoak beti joaten dira Gaskara, eta Illunben ere egongo dira. Baina normalean ni ikustera etortzen ez diren osaba-izeba batzuk ere animatu dira, baita zenbait lagun ere. Kuadrillakoak? Auskalo. Larunbatean Sagardo Eguna da Errenterian, eta, ziurrenik, ez dira ni ikustera etorriko [barrez].

Eskertzen da liga bideratuta izatea Kopan buru-belarri aritzeko?

Taldean oso argi dugu bi lehiaketa ezberdin direla. Orain, bete-betean goaz Koparen bila, eta datorren astean bete-betean joango gara ligaren bila.

Min hartutako jokalaririk ez duzue. Albiste ona da hori.

Oso ona. Bolada ona daramagu. Eskertzekoa da jokalari guztiak jokatzeko prest egotea.

Faboritoak zarete?

Bai. Uste osoa dut talde honetan. Sinetsita nago talde hau gorenera irits daitekeela.

Presioa sumatzen duzue?

Bai, baina presioa beti dago: batetik, kanpotik datorrena; eta, bestetik, zuk zeure buruari sartzen diozuna. Urduritasuna bezala, presioa ere kudea daiteke, eta ondo kudeatuz gero, ona izan daiteke ere bai.

Beldur zarete inork festa zapuztea?

Gu saiatuko gara gure onena ematen eta lana ahalik eta ondoen egiten, baina aurkaria hobea baldin bada, ezingo dugu ezer egin. Galtzekotan, izan dadila aurkaria hobea izan delako, eta ez gu ez garelako ondo aritu. Gerta daitekeelako hori: egun txarra izatea. Faktore asko daude: partida bat da, 60 minutu, eta asko dago jokoan.

Zer esan dizue entrenatzaileak, Imanol Alvarezek?

Aukera ederra dela Kopa etxean jokatzea, eta horretaz gozatzeko eta gure onena emateko.

Aula Valladoliden aurka jokatuko duzue gaur final-laurdenetan. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso partida gogorra izango da. Aulak oso jokalari onak ditu, eta oso azkarrak. Sasoi honetan, haren aurka jokatu ditugun bi partidak irabazi ditugu: hemen, nagusi izan ginen [37-31], baina han, sufritu egin genuen [27-29]. Gaur ere sufritu egingo dugu.

Non egongo da gakoa partida irabazteko?

Defentsan ondo aritu beharko dugu, bai Aularen aurka, baita joka ditzakegun hurrengo bi partidetan ere. Zenbat eta gol gutxiago jaso, orduan eta gertuago izango dugu garaipena.

Itxuraz, adarrik samurrenean ariko zarete; Malaga, Ro'Casa, Elx eta Gijon daude bestean.

Nire ustez, ez da adarrik samurrena. Egia da etxean jokatuta, aukera izan genuela aukeratzeko, eta adar hau aukeratu genuela. Baina ligako lehen zortzi sailkatuek jokatuko dugu Kopa; ia ez dago alderik batzuen eta besteen artean; denak dira aurkari gogorrak, eta denen aurka borrokatu beharko dugu gogor.

Hirugarren aldiz ariko zara Espainiako Kopako azkeneko fasean. Zer oroitzapen duzu aurreko biez?

Bada, ez oso ona. Ez ginen gu izan ez batean ez bestean. Bietan galdu genuen Elxen aurka; aurkari deserosoa da beti guretzat. Horregatik, gogotsu gaude Kopa honetan arantza ateratzeko.

Hirugarren denboraldia duzu Bera Beraren lehen taldean. Zer iritzi duzu orain artekoaz?

Pixkanaka-pixkanaka, gora egin dut, kirol arloan zein arlo psikologikoan. Bigarren mailan ari zen talde batetik [San Adrian] Ligako txapeldunorde eta Kopako txapeldun zen talde batera iritsi nintzen. Hitz handiak dira horiek. Baina poliki-poliki, egokitzen joan naiz, eta, gaur-gaurkoz, esan dezaket moldatzen naizela, eta ez naizela barregarri geratzen.

Horren handia izan zen jauzia?

Oso handia. Zure ondoan dagoena, baloia pasatu dizuna telebistan ikusi berri duzu jokatzen. Telebistaz ikusi duzulako ezagutzen duzu. Hori da aldea: hura gorenean jokatzen ari zen, eta zu telebistaren aurrean zinen. Handia da elkarrekin aritzea, baina presioa ere badago.

Hori gutxi balitz bezala, postua aldatu zenuen: ezker albokotik pibotera.

Zenbait faktorek eragin zuten pibotean murgiltzea eta bertan sendotzea. Gaur egun, pibotean moldatzen banaiz, inguruan izan ditudan jokalari eta entrenatzaileen laguntzari esker da. Denek erakutsi didate zerbait. Beti eskertuko diet eman didaten laguntza eta babesa.

Zuk ere egingo zenuen zerbait, ezta?

Bai, baina gustura egin dut lan hori. Hobetzeko baldin bada, aurrera, nahiz eta batzuetan etsigarria izan. Gustatzen zait exijentzia. Gainera, babes handia izan dut beti inguruan.

Zein izan da unerik onena Beran Beran zaudenetik?

Iaz etxean Elxi irabazi eta liga irabazi genuenekoa. Oso egun polita izan zen. Oroitzapen ederra dut. Hala ere, badut gogoa ospakizuna betea izan dadin, zaleekin, gutxi gorabeherako normaltasun batean.

Eta txarrena?

Etsipen uneak. Bigarren mailatik zatoz, postu bat lortzeko borrokatu behar zara, eta postukideak zu baino askoz hobeak dira. Etsigarria da hori. Baina hori kudeatzen ikasi dut. Nik oso ondo dakit zer eman dezakedan eta zer ez. Taldeko kiroletan gauza batzuk ez daude zure esku, eta oso gogorra da horren aurka borrokatzea, ezin baituzu ezer egin.

Zer moduz daramazu Bera Bera talde handian jokatzeak eragiten duen presioa?

Presioa norbanakoarena denean, ondo eramaten dut. Adibidez, ikasketetan: zuk ikasten duzu, eta zuk egiten duzu azterketa. Baina ez dut oso ondo eramaten presioa zuk gauzak ondo egin behar dituzunean taldeak ondo funtziona dezan; hau da, nire esku ez dagoen zerbait dagoenean. Baina oso babestuta nago, eta horrek mesede egin dit presioa eramangarriagoa izan dadin.

Ikasi egiten duzu ere: Medikuntza. Zer moduz daramazu biak uztartzea?

Ondo, parentesi artean; etxean kontrakoa esango dute. Batetik, etxean erraztasun guztiak izan ditut. Bestetik, ikaskide zoragarriak ditut; beti lagundu naute. Eta azkenik, Unibertsitateak ez dit inoiz inolako trabarik jarri. Giro on batean errazagoa da dena ondo ateratzea, eta nik sekulakoa dut; nekez egon daiteke hoberik. Hala ere, gogorra da dena kudeatzea. Niri oso astuna egin zait Medikuntzako Gradua aurrera ateratzea. Mesedez, hau nabarmendu: asko ikasi behar izan dut aprobatzeko.

Lehentasuna dituzu ikasketak?

Erabat [sendo erantzun du, eta azkar, zalantza egin gabe]. Hasiera-hasieratik teknikari taldeari argi utzi nion lehenbizi ikasketak atera nahi nituela. Banekien ikasketak ondo joateko beharrezkoa nuela kirola egitea, baina oso argi nuen, era berean, ikasketak ondo joateko ordu gehiago sartu behar banituen beste gauza batzuk sakrifikatuko nituela.

Inoiz sentitu izan duzu egoera gainezka egiten ari zitzaizula?

Bai. Izan ditut halako uneak, baina aurrera egin dut beti.

Entrenamenduak, partidak, bidaia luzeak... Ez du erraza izan behar.

Ez. Apunteak batetik bestera eramatea beste aukerarik ez dago: Errusian, Errumanian, Kanaria uharteetan... toki horietan guztietan egon dira nire apunteak. Lehentasunak argi baldin badituzu, edozer gauza egingo duzu lehentasun horiek bermatzeko. Adibidez, entrenatzera joan ahal izateko, gai kopuru zehatz bat ikastea. Hori kudeatu beharra dago, eta nik egin dut, baina, noski, sakrifizio handia eginda. Beste adibide bat jarriko dizut: Errusiatik bueltan, goizeko hamabietatik arratsaldeko seietara ez genuen ezer egiteko, eta taldekideak lotara joan ziren, eta ni ikasten jarri nintzen. Geroago egin nuen lo, hegazkinean. Taldekideek esan izan didate erotuta nagoela, unibertsitateko apunteekin batetik bestera. Halako sakrifizioak egiteko oso argi izan behar dira lehentasunak, eta nik oso argi dut nirea: nik mediku izan nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.