Duda ultrakontserbadorea nagusitu da Poloniako hauteskundeetan

Legea eta Justizia alderdiko hautagaiak botoen %51,2 lortu ditu, eta parte hartzea %68,12 izan da. 1989tik izandako emaitza estuenak dira

Andrzej Duda hauteskundeen ondorengo agerraldian. LESZEK SZYMANSKI / EFE.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Andrzej Duda hautagai ultrakontserbadoreak irabazi zituen igandeko presidentetzarako hauteskundeak Polonian. Botoen ia %100 zenbatuta, Dudak %51,2ko babesa lortu zuen. Bost urtez presidente izan da, Legea eta Justizia (PiS) gobernuko alderdiarekin. Haren aurkari Rafal Trzaskowski liberal europazaleak, Varsoviako alkateak, botoen %48,7 lortu zituen. Berlingo Herresia erori zenetik (1989) Polonian izan diren emaitzarik estuenak izan ziren igandekoak.

Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian ebatzi zen azken emaitza. Bozkatzera deituta zeuden 30 milioi pertsonetatik %68,12k parte hartu zuten. «Parte hartzea ia %70 izanda, izugarria da hauteskundeak irabaztea», adierazi zuen Dudak, lehen emaitzak jakin zirenean. «Orain arte garatu ditudan politikak egiten jarraituko dut. Nire herrikideekin elkarrizketan jarraituko dut; hori ez da aldatuko», gehitu zuen.

Bozkalekuak itxi bezain laster zabaltzen hasi ziren lehen inkestek jada irabazletzat jotzen zuten Duda, baina aurkariari ateratako aldea txikia zen hasiera batean: %50,4 presidentearentzat eta %49,6 Trzaskowskirentzat. Emaitza horiekin, Dudak bere burua irabazle aldarrikatu zuen. Aldiz, Trzaskowskik behin betiko emaitzei itxaron zien, eta esan zuen «guztiz sinesten» zuela irabazle izango zela boto kontaketa amaitzean.

Hauteskundeen lehenengo itzulia ekainaren 28an izan zen, guztira 11 hautagairekin. Orduan ere Dudak lortu zituen boto gehien: %43,5. Trzaskowskik, berriz, botoen %30,46 lortu zituen. Bigarren itzulian, emaitza estuagoak espero ziren; izan ere, azken egunetako inkestek botoen %50 ematen zioten Dudari, eta %47 liberal europazaleari.

Presidentetzarako hauteskundeak hasiera batean maiatzaren 10ean egitea aurreikusita zegoen arren, gobernuak neurri murriztaileak ezarri zituen, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, eta hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen. Bai hauteskundeetako lehen itzulian, bai bigarrenean, segurtasun eta higiene neurri zorrotzen pean bozkatu zuten Poloniako herritarrek.

Agenda politikoa

Dudak kanpainako gai nagusietako bat izan du Poloniaren eta EB Europako Batasunaren arteko harremana. Hain zuzen ere, azkenaldian hainbat eztabaida izan dira Poloniaren eta batasunaren artean; azkena, Europako Justizia Auzitegiaren erabaki baten harira: Poloniako Auzitegi Gorenaren Legea EBko legediaren aurkakoa zela ebatzi zuen, ez zuelako botere banaketaren irizpidea betetzen. Poloniako Gobernuak ez du ebazpena aintzat hartu.

Horrez gain, hainbat adituk ohartarazi dute balitekeela Dudaren garaipenak LGTB kolektiboaren aurkako neurriak ekartzea. Ultrakontserbadoreak kanpainan esan zuen «LGTB kolektiboaren eskubideak komunismoa baino ideologia suntsitzaileagoa» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.