Bixente Oiartzabal. Eibarreko jokalari ohia

«Talde nortasunaren falta sumatzen dut Eibar honetan»

Eibarrek zaila du mailari eustea. Bost jardunaldi geratzen dira, eta salbazioa zazpi puntura du. Halere, ez da ezinezkoa: Bixente Oiartzabalek nabarmendu du aukerak badaudela.

LAGUN ONAK.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bere larrutan bizi izan du Bixente Oiartzabalek (Urrestilla, Gipuzkoa, 1964) Eibar aurten bizitzen ari den sufrikarioa. Ondo ezagutzen du taldea, 300 partidatik gora jokatu baitzituen Eibarreko elastikorekin Bigarren Mailan. Zalerik gabe ez dio zentzurik hartzen futbolari, baina ahal duenean Eibarren lehiak ikusten ditu. «Ezinean» ikusten du taldea.

Hamasei partida daramatza Eibarrek irabazi gabe. Horrelako boladarekin zaila da mailari eustea, ezta?

Zaila da, bai. Denbora asko da partida bat irabazi gabe: lau hilabete. Jokalariak ere ez dira gogoratuko noiz irabazi zuten azkenekoz. Gogorra da horrelako egoera batean ikustea taldea, baina hau aurreko urtetik aurreikusten zen pixka bat. Aurten ez da asmatu fitxaketetan, huts larri asko ari dira egiten defentsan, eta ez dute apenas golik sartzen. Kike Garciak bakarrik sartzen ditu golak, eta horrela ezin da. Beste aurrelariek, hegalekoek eta erdilariek ere sartu behar dituzte batzuk; bestela, ezinezkoa da.

Halere, taldea bizirik dago oraindik. Matematikoki behintzat.

Bai, hori horrela da. Matematikoki taldea bizirik dagoen bitartean, sinetsi egin behar du posible dela. Ez da erraza, azkeneko partida Bartzelonaren aurkakoa baita, baina dena posible da aukerak geratzen diren bitartean.

Horrela egotea espero al zenuen?

Ondo hasi zen. Beheko taldeen artean gol gutxien sartu zizkioten taldea zen, baina gerora gauzak okertu egin dira, eta hau da gaur egun dugun egoera. Baina hemen edonoiz alda daiteke norabidea. Begira Alaves: orain dela gutxi egoera berean zegoen, eta Battagliak area kanpotik sartutako gol batek guztiz aldatu du Arabako taldearen aldartea.

Talde honetan zeren falta sumatzen duzu?

Talde nortasunaren falta sumatzen dut, eta hori bertako jokalariekin lortzen da. Egia da futbol profesionalean horrelako zerbait lortzea zaila dela, baina, nire ustez, hori oso garrantzitsua da Eibarren moduko taldeetan. Bertako jendeak asko errazten du talde kohesio hori. Nik, adibidez, beti garrantzi handia ematen diot jokatzen ez duen baina etxekoa den jokalariari. Kasu honetan, ez dago. Gure garaian gehienak etxekoak ginen, eta alde horretatik abantaila batekin jokatzen genuen. Aldagelan artzainarena egiten duen pertsona bat beti dator ondo

Lurrean botata amaitu zuten jokalari askok Realaren aurkako partida. Kanpotik zer transmititzen dizute jokalariek?

Ezintasuna. Ikusten da nahi dutela, baina ez dute lortzen. Saiatzen dira, baina ez dute saririk jasotzen, eta hori oso gogorra da. Partida askotan galtzen hasten dira, eta markagailuan atzetik hastea, horrelako egoera batean, mentalki oso-oso gogorra da.

Baliteke jokalari batzuek beste leku batzuetan edukitzea burua, kontuan hartuta eskaintzak izan ditzaketela?

Ez dut uste. Egia da oraingo futbol honetan jokalari gehienak kanpokoak direla, eta agian egoerak ez diela hemengoei bezainbeste inporta. Baina futbolari guztiek nahi dute irabazi, eta oraingoan ere, seguru horretan bakarrik ari direla pentsatzen jokalariak.

Eta Mendilibar nola ari zara ikusten?

Oso bolada txarra pasatzen ari da, eta sekulako zama pilatu dute bizkarrean. Pisu hori guztia eramatea ez da erraza. Ziur naiz Mendilibar eta jokalariak direla gehien sufritzen ari direnak.

Zuek ere antzeko hiru egoera bizi izan zenituzten 1989-90, 1992-93 eta 1998-99 denboraldietan. Estreinakoan, gainera, lehen jardunalditik egon zineten jaitsiera postuetan, eta azkenekoan atera zineten.

Bai, nik ondo dakit zer den aurten Eibar pairatzen ari den egoera bizitzea, eta ez da oso atsegina [barrez]. Gogoan dut oraindik sasoi hori [1989-90]. Nire aurrenekoa izan zen, eta asko ikasi nuen, gainera. Lehenengo jardunalditik jaitsiera postuetan geunden, eta azken partidan lortu genuen ateratzea. Ligako azkeneko hamabost minutuetan egon ginen bakarrik Bigarren Mailan. Egunkari batzuek hiltzat ematen gintuzten, eta azkenean lortu egin genuen.

Mentalki nola egin zenioten aurre egoerari?

Burua ondo eduki behar da horrelako egoera bati buelta emateko. Guk ez genuen amore eman, eta lanean jarraitu genuen. Partida guztietan borrokatzen zara;halako batean, neurketa batzuk ateratzen hasten zara, eta horrek konfiantza ematen dizu zeure buruan. Pixkanaka-pixkanaka sinesten hasi ginen, eta azkenean lortu genuen.

Egungo Eibar sailkapenari buelta emateko gai ikusten al duzu?

Lehen esan bezala, matematikoki posible den bitartean, bai, baina Realaren eta Granadaren aurkako partidak oso garrantzitsuak ziren bizirik irauteko... Nik azkeneko jardunaldira bizirik iristea sinatuko nuke, Bartzelonaren aurka jokatzea tokatzen den arren. Seinale ona izango litzateke.

Zer bideri jarraitu behar zaio horra iristeko?

Alavesi irabazi behar zaio. Mailari eusteko borrokan jarraitzeko azkeneko aukera da. Hori baliatu ezean, jai dauka taldeak. Baina oraindik posible da, eta hori argi izan behar dute jokalariek.

Maila galtzeak min handia egiten du esparru guztietan. Zer esan nahiko luke jaisteak Eibarren gisako klub xume batentzat?

Nik beti esan izan dut Lehen Mailan aritzea Eibarrentzat Txapeldunen Liga irabaztea bezala zela. Orain dela urte batzuk ezinezkotzat jotzen genuen, eta orain, begira. Gainera, Bigarren Maila oso kategoria polita da Eibarrentzat. Zazpi denboraldi onenen artean lehiatu eta gero, kluba ondo dagoela uste dut, eta proiektu berri bat eratzeko aukera ona da.

Zertarako baliatu beharko luke taldeak jaitsiera?

Bigarren Mailara jaistea aukera bat da harrobia sendotzeko eta lehenengo taldea tokiko jendearekin osatzeko. Hasierara itzultzea, lehen egiten zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.