Maria Rua. 'Streaming' plataformetan aditua

«Aurten, motelagoa izaten ari da 'streaming' plataformen igoera»

Komunikabideen eta entretenimenduaren mundua aztertzen jarduten du Maria Ruak. Egun, 'streaming' plataformak ditu lan eremu nagusietako bat. Iazko gorakadaren ostean, motelduz doa merkatua.

BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Komunikabideen eta entretenimenduaren arloko zuzendaria da Maria Rua (Pontevedra, Galizia, 1975), Omdia enpresan. Londresen du lantokia, eta handik aztertzen ditu publizitatea, telebista, streaming plataformak eta erabiltzaileen jarrerak, besteak beste. Baita bideo euskarrien merkatua ere.

Egun, streaming plataformekin egiten duzue lan gehienbat?

Arreta handia jartzen diogu streaming plataformen merkatuari. Streaming merkatuak telebisten merkatu tradizionalean nolako eragina duen aztertzen dugu. Izan daitezke ordainpeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak, edo doako telebista kateak. Streaming merkatuak boom bat izan du, eta guztiek egokitu behar izan dute horrelako zerbitzu bat, baina askok kable bidezko telebista eskaintzen dute oraindik ere.

Nolakoa da streaming merkatuaren egoera?

2020an boom bat izan zen streaming zerbitzu guztietan, bai ordainpekoetan baita doakoetan ere. Zergatik? Entretenimendurako aukera bakarra zelako. Jendeak aisialdirako zuen dirua bideo zerbitzuetara bideratu zuen. Aldiz, igoera hori askoz ere motelagoa izaten ari da 2021ean. Iaz zerbitzuak erosi zituen jende askohoriek uzten ari da orain, edo beste batzuekin ordezkatzen. Netflix plataformak izan ditu baja gutxien. Plataforma horretan harpidetzen den jendeak leial jokatu ohi du.

Zergatik pizten du Netflixek halako fideltasuna?

Lehenik, askotariko katalogoa dute, zabala. Etengabe estreinatzen dituzte edukiak, eta oso indartsuak dira tokiko edukietan. Inbertsio handiak egiten dituzte ez soilik ingelesezko produkzioetan, baita tokikoetan ere. Tokiko ekoizpenak oso erakargarriak dira, gainera. Bestalde, prezio ona dute. Jende askok baja eman zuen HBOtik, esaterako, garestia iruditzen zitzaielako.

Netflix izan zen 2020an gehien erabilitako plataforma; atzetik izan zuen Disney Plus sortu berria. Zergatik halako arrakasta?

Alde batetik, marka hori mundu osoan ezaguna delako. Jendeak haurrentzako edukiekin lotzen zuen marka hori, eta iaz familiak batera zeuden etxean. Horregatik, eduki ezin hobea zen merkatu horrentzat. Orain, eskaintza berri eta zabalagoak egiten ari da, merkatu handiagoa lortzeko.

AEBetan merkatua hozten hasi dela dirudi. Jaitsierarik izan da?

Inkesta bat egin genien estatubatuarrei streaming plataformen inguruan, eta lehen aldiz, jaitsiera nabaritu da. Azaroan, estatubatuar bakoitzak 7,2 streaming zerbitzu zituen batez beste, eta, orain, berriz, 7,06. Gure galdera hauxe da: streaming zerbitzuen kopuru hori izateko prest dago jendea? Izan ordainpekoak edo doakoak. Estatubatuarrak dira etxeko zerbitzu gehien dituztenak. Gainerako herrialdeetan askoz ere gutxiago dituzte.

Zeintzuk dira hozte horren arrazoi nagusiak?

Zazpi zerbitzu asko dira, eta jendeak nekea sentitzen du horiek guztiak mantendu behar dituenean. Ez da diru kontua soilik, doako zerbitzuak ere erortzen ari baitira. Izatez, AEBetan doako zerbitzuek izan zituzten baja gehien. Ordainpekoek, aldiz, igotzen jarraitzen dute. Mundu mailan bezala, lehen postuetan daude Netflix, Disney Plus eta Amazon Prime.

Zergatik izan dira kaltetuen doako zerbitzuak?

Doako zerbitzu asko haien plataformak toki bakar batean biltzen hasi dira. Beraz, jendeak hainbat zerbitzu izan beharrean, zerbitzu horietako batera jotzen du, eta hartan denak ditu eskuragarri. Esate baterako, Pluto eta Peacock TV.

Europan streaming-a igotzen ari da, oraingoz. AEBetako joera ikusiko da Europan ere?

Egon liteke jaitsiera bat, baina oraindik ez. Oraindik badago hazten jarraitzeko tartea Europan eta Hego Amerikan. Baina pentsa liteke ez duela zazpi zerbitzuko batez besteko hori gaindituko. Zazpi da orain muga.

Eta noiz igarriko da jaitsiera?

Ziurrenik, 2024. urtetik aurrera iritsiko da AEBetako muga horretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.