Jon Mariezkurrena. Baikoko pilotaria

«Eskuetatik ondo banago, gai naiz atzean nagusitzeko»

Gozakaitz ekin dio Binakako Txapelketari Berriozarko atzelariak. Erik Jakarekin estreinakoz ari da txapelketan, eta espero du «geroz eta hobeto» moldatuko direla elkarrekin.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Laugarren aldiz ari da Jon Mariezkurrena (Berriozar, Nafarroa, 1999) Binakako Txapelketa Nagusia jokatzen. Erik Jakarekin osatzen du bikotea, eta aurreneko bost jardunaldietan bi garaipen lortu dituzte: «Sailkapenean ez gaude hain gaizki». Hainbat bikote indartsu ikusi izanagatik ere, argi du txapelketa irabazteko hautagai nagusiak nortzuk diren: «Zabaleta, niretzat, beti izango da faborito». Larunbatean Ezkurdia eta Tolosaren aurka jokatuko dute, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Astelehenean 22-16 galdu zenuten Iker Irribarria eta Beñat Rezustaren aurka. Nolako partida izan zen?

Ikusi zenez, ez nago nire sasoirik onenean, eskuin eskua ez daukadalako nahiko nukeen moduan. Behintzat ez nuen minik hartu, baina ez dut pilota batere gozatzen, eta, alde horretatik, triste nago. Baina, bestalde, parez pare aritu ginen bikote oso indartsu baten aurka, eta momentu batean hortxe izan genituen.

Txapelketaren hasieratik zabiltza arazo horrekin?

Udan nire joko mailarik onena eman eta gero, binakako txapelketako lehenengo jardunaldiko partidan, Berriozarren, eskuin eskua asko izorratu nuen. Azken partidan minik sentitu ez banuen ere, tako asko jartzen ari naizelako izan daiteke.

Zeinen azkar aldatzen diren gauzak, ezta?

Hala izaten da kirolean, eta, oro har, bizitzan. Txapelketaren aurkezpen egunean entrenamendu bat egin nuen, eta bikain sentitzen nintzen, udako sasoiarekin eta konfiantzaz gainezka. Urte osoan gorabehera handiak izaten dira, eta askotan, edo gehienetan, eskuengatik. Pena handia da, nahiago nukeelako udako sasoia orain izatea, baina hori ezin da aukeratu. Halere, sailkapenean ez gaude hain gaizki. Aurrera begiratu behar dugu.

Bi puntuko uzta ontzat ematen duzu?

Bai. Ea erabat sendatzen naizen eta pixkanaka konfiantza berreskuratzen dudan. Eskuetatik ongi banago, atzean nagusitzeko gai naiz partida askotan. Hori lortuz gero, Erik [Jaka] sasoiko dago aukera horiek aprobetxatzeko.

Lehenengo bi partidak galdu egin zenituzten, baina hurrengo biak, irabazi. Bolada txar hori azkar moztea gakoa izan da?

Bai, oso garrantzitsua izan da. Gaizki hasiz gero, aurreneko lau edo bost partidak galtzen badituzu, inori irabazteko gai ez zarela pentsatzen hasten zara. Hirugarren jardunaldian zortea ere aldeko izan genuen, 22 eta 21 irabazi baikenuen. Arnasa hartzeko balio izan zigun. Laugarren jardunaldiko partida ere ez genuen ondo hasi, baina markagailua irauli eta bigarren garaipen bat jarraian lortzeko gai izan ginen.

Erik Jakarekin lehen aldiz ari zara jokatzen. Hasi zarete bikote gisa elkar hobeto ulertzen?

Jardunaldiz jardunaldi erosoago ari gara, eta partida gehiago jokatu ahala geroz hobeto moldatuko garela uste dut. Irribarria eta Rezustaren aurka galdu arren, bikote gisa aurreko jardunaldi batzuetan baino askoz ere hobeto aritu ginela iruditzen zait.

Nola ikusten ari zara Jaka?

Oso pilotari langilea da. Inor gutxik espero zuenean, buruz buruko txapelketa irabazi zuen, eta lau eta erdikoan ere txapeldunorde izan zen. Hori zerbaitengatik da. Atzetik lan ikaragarria dago. Zorte txarra izan zuen lesioa perikarditisa diagnostikatu zioten nahi baino gehiago luzatu zelako. Nahiz eta ez duen lau eta erdiko txapelketa ona egin, ikusten da jokoz ondo dagoela. Hori da garrantzitsuena.

Zein da duzuen bertuterik onena?

Erikek tantoa bukatzeko duen erraztasuna. Ni ongi jartzen banaiz, eta pilota luzatzen badut, Erikek oso azkar bukatzen du tantoa.

Aurreko aldietan atzelarien txapelketa izan zela esaten da. Aurtengoa ere hala doa?

Txapelketa honetan denetarik dago. Dena den, egia da atzelari oso onak nagusitzen ari direla azkenaldian. Zabaleta, Rezusta eta Albisu ikusgarriak dira, eta alde handiak sortzen dituzte. Aspaldian ez da horrelako atzelari multzo bat garai berean ikusi ahal izan. Pilotarentzat eta atzelariontzat polita da hori, bigarren planoan geratzen hasiak baikinen.

22 urte besterik ez dituzun arren, binakako txapelketa nagusian laugarrenez parte hartzen ari zara.

Lehenengo parte hartzean oso gaztea nintzen; ez nuen inongo presiorik, eta lotsagabe jokatzeak lagundu ninduen. Orain beste bat naiz. Hiru edo lau urte hauetan garapen handia izan dudala uste dut, batez ere azken bi urteetan. Psikologikoki asko hobetu dut, eta, horri esker, beste modu batean pentsatu eta jokatzen dut. Hobetzeko asko daukadala ikusten dut, eta hori ona da.

Zer bikote da faboritoa txapelketa irabazteko?

Jose [Jose Javier Zabaleta] dagoen bakoitzean, niretzat, beti faborito izango da -Elezkanorekin osatzen du bikotea-. Egun, alderik handiena sortzen duen pilotaria da. Bere ibilbideko garairik onenean dago 30 urterekin, erabat egonkortuta, eta jokatzeko duen modua ikusgarria da. Edozein aurrelari jarrita ere badakizu ia ziur finalerdietara iritsiko dela. Irribarriak eta Rezustak osatzen duten bikotea ere ezin dugu ahaztu, edozein bikoteri irabazteko gai baitira.

Peña eta Albisu garaipen bakarrarekin ikustea harrigarria da?

Badirudi txapelketaren zati handi bat jokatu dela, baina bost jardunaldi baino ez dira igaro. Txapelketaren erdia baino gehiago falta da. Beraz, orain arte ikusitakoaren balorazio txiki bat egin bagenezake ere, ez dakit errealitatea ongi islatuko lukeen. Peñari eta Albisuri dagokienez, gauza batengatik edo bestearengatik garaipen bakarra dute, baina ziur nago puntuak batzen hasiko direla, eta kanporaketetarako erraz sailkatuko direla. Albisu jokoz fresko ikusten dut, eta Peña ere ongi ari da.

Ezkurdiaren eta Tolosaren aurka jokatuko duzue asteburuan. Zer partida espero daiteke?

Bikote txarrik eta partida errazik ez dago, eta asteburukoa horietako beste bat da. Ezkurdiaren kontra jokatzea ez da erraza, erritmoa nahieran aldatzen duelako. Xabi [Tolosa] konfiantzarekin ikusten dut. Gu astez aste hobera goaz, baita nire eskua ere, eta, gure onena ematen badugu, garaipena lortzeko aukera asko izango ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.