Albistea entzun

Kerman Aurrekoetxea. Miarritzeko jokalaria

«Dagoeneko barneratua dugu mailaz jaitsiko garela»

Miarritze mailaz jaits daiteke gaur, Racing 92ren aurka galtzen badu (17:15) eta Perpinyak irabazten badu. Aurrekoetxeak dioenez, «plazeragatik» jokatuko dute azken norgehiagoketan.
BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2022ko apirilak 23

Pixkanaka Miarritzeko errugbi taldean tokia egiten ari da Kerman Aurrekoetxea (Plentzia, Bizkaia, 2000). Denboraldi zaila izaten ari da taldearentzat, baina harentzat aberasgarria da klubean egiten ari den hirugarren sasoia. Emaitzak aldeko ez dituzten arren, taldeko giroa «ona» dela azpimarratu du bizkaitarrak. 2023ra arteko akordioa du Lapurdiko talde horrekin, trebakuntza kontratu baten bidez, eta urratsak egiten jarraitu nahi du. Osteopatia ikasketekin uztartzen du goi mailako errugbia.

Lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta oso zail duzue mailari eustea. Esperantzarik baduzue?

Talde igo berria gara, eta igo berriek asko sufritu ohi dute Top14an. Diru gutxien duten taldeak dira, eta oso zaila da salbazioa lortzea. Bagenekien oso zaila izango zela mailari eustea, eta errealitate horrekin topo egin dugu. Dagoeneko barneratua dugu mailaz jaitsiko garela. Matematikoki lor liteke salbazioa, baina geratzen zaizkigun partidak oso zailak dira, eta sailkapenean desabantaila handia dugu Perpinyarekin eta Briverekin.

Aspaldidanik duzue barneratua?

Martxo hasieran Toulonen aurka etxean galdu genuenean jabetu ginen horretaz. Mailari eusteko borrokan azken aukeretako bat zen, baina, tamalez, galdu egin genuen.

Romain Lonca zure taldekideak denboraldiaren lehen itzulia amaitu aurretik aitortu zuen ez zuela sailkapeneko zuloan egotea espero. Iritzi bera daukazu zuk?

Oso ondo hasi ginen. Racing 92ren eta Bordeleren aurkako partidak irabazi genituen, eta Tolosaren kontra gutxigatik galdu genuen. Uste dut hazi egin ginela emaitza horiekin, baina gero errealitatea zein den ikusi da. Sorpresa eman genuen; beste taldeek ez zuten espero guk hain ondo hastea, baina goi mailako hamabost jokalari baino ez badituzu, ezin duzu ezer egin: denak izan behar dira punta-puntakoak.

Sasoi gogorra izango da aldagelan zaudetenontzat, ezta?

Egia esan, ez hainbeste, giro oso ona baitago jokalarion artean. Nik espero nuen giro txarragoa izatea, partidak galtzen dituzunean jokalarien arteko harremana zertxobait gaiztotu daitekeelako. Nahiko lotuta gaude, eta oso pozik nago taldean.

Nola prestatzen dira denboraldiko azken norgehiagokak helbururik edo motibaziorik gabe?

Plazerarengatik jokatzeko helburua jarri diogu geure buruari. Presio gabe jokatu nahi dugu, gure jokoa egin, eta garaipenen bat lortu ahal badugu, askoz ere hobeto. Taldeko kapitainak eskatu zigun gogoratzeko zergatik hasi ginen errugbian jokatzen, eta oroitzapen horri heltzeko hurrengo partida jokatzen dugunean.

Top14 ligaz gain, Challenge Cup torneoa ere jokatzen aritu zarete. Ligan mailari eusteko horrenbesteko zailtasun izanik, uste duzu beste torneo horrek traba egin dizuela?

Guretzat, mesedegarria izan da. Gutxi jokatzen dutenentzat edo jokalari gazteenentzat, aukera ona da, adibidez. Hortaz aparte, aurten etxetik kanpo irabazi dugun neurketa bakarra Challenge Cupean irabazi genuen, Italiako Zebre taldearen aurka. Horrek buruari on egiten dio, ligan etxetik kanpo ere irabaz dezakezula pentsatzen laguntzen dizulako. Hori da sasoia amaitu bitarte ditugun helburuetako bat.

Bigarren edo gazte taldearekin hasi zenuen denboraldia, baina lehen taldearekin amaituko duzu, eta sarri hasierako hamabost hautatuen artean egon zara. Denboraldi garrantzitsua izan da zuretzat?

Bai, niretzat oso urte ona izaten ari da. Iaz kontrakoa gertatu zitzaidan: lehen taldearekin hasi nuen denboraldia, eta bigarrenarekin amaitu nuen. Hobe aurtengoan bezala bada. Taldearentzat gogorra izaten ari da, ez dugulako irabazten, baina oso talde giro on eta sanoa dago.

Zer-nolako eta noiz arteko kontratua duzu Miarritzerekin?

Trebakuntza kontratu bat dut. Lehen taldearekin jokatzen dugun jokalari gazte batzuek dugu hori, eta aukera ematen digu lehen taldearekin edo bigarrenarekin jokatzeko. Dena den, aurten lehen taldearekin hainbat partida jokatu ditudanez, jada ezingo nuke bestearekin jokatu. Iaz 2023ra arte sinatu nuen. 22 urte baino lehen ezin duzu kontratu profesional bat izan, ikasten jarraitu behar duzulako, derrigor. Hori bultzatzen du kontratu mota horrek. Osteopatia graduaren hirugarren urtea egiten ari naiz.

Datorren denboraldiari begira, aldaketa asko espero dituzu?

Jokalari asko joango dira, eta beste batzuk etorri. Entrenatzaile taldeak jarraituko duela pentsatzen dut. Horretan asko ez pentsatzen saiatzen naiz.

Taldearen inguruan hots handia dagoela ematen du: Agilera birmoldatzeko afera, jokalarien salmentak...

Badakit presidenteak arazoak dituela alkatearekin, baina egiazki ez dakit zergatik. Ez dut prentsa asko irakurtzen, eta ez dut Twitter konturik. Nire lana jokatzea da. Ez naiz afera horietan sartzen.

Esaterako, asteon, presidenteak Twitter bidez iragarri du «pena handiz» baina Lucas Peyresblanques eta Mathieu Hirigoien saldu behar izan dizkiola Stade Français taldeari, Miarritzek «bizirik iraun» dezan.

Hori esan du, bai.

Racing 92 taldearen kontra jokatuko duzue gaur. Zer-nolako neurketa espero duzue?

Agian talde gazte bat zelairatuko dute, eta partida polita izango da, edo lehen itzulian irabazi genienez, talde indartsu bat aterako dute, errebantxa lortzeko asmoz. Kasu horretan, ahal duguna egingo dugu [kar, kar, kar].

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Williams, 2018. urtean, euskal selekzioarekin. ©Endika Portillo / Foku

Iñaki Williamsek Ghanarekin jokatuko du Munduko Kopa

Paulo Ostolaza

Ghanak Qatarko Munduko Kopa jokatuko du azaroan, eta ziurrenik han izango da Athleticeko jokalaria. Azaldu duenez, bere familia da erabakia hartzera bultzatu duen arrazoi nagusia.

Aurreko finala Danimarkak eta Herbehereek jokatu zuten. ©VINCENT JANNINK /EFE

Parekotasuna eta ikuskizuna

Ainara Arratibel

Bi urtez atzeratu ostean, gaur hasiko da Eurokopa. Irene Paredes, Lucia Garcia eta Damaris Egurrola han izango dira; baliteke Amaiur Sarriegik ere jokatzeko aukera izatea, Alexia Putellasen lesioa tarteko

Wout van Aert (Jumbo-Visma), garaipena ospatzen, atzo, Calaisen. ©YOAN VALAT / EFE

Laugarrenean jarri dio ginga Van Aertek

Beñat Mujika Telleria

Jumbo-Vismak erakustaldia eman du estrategia erasokor batekin. Van Aertek lider jarraituko du, eta aldea handitu. Gaur harbideen txanda izango da
Balsamo nagusi Giroko 5. etapan, bigarrenez; Van Vleuten lider da oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.