Unai Vencedor. Athleticeko jokalaria

«Azken lehiara arte borrokatuko gara Europan sartzeko»

Athleticek Atletico Madril hartuko du gaur (21:00, Movistar La Liga). Unai Vencedorren iritziz, «zailtasun handiko» partida da, baina taldea «prest» ikusten du neurria emateko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Unai Vencedor (Bilbo, 2000) Athleticeko harribitxietako bat da. Futbolari sortzailea da. Athleticen ez daude sobera gisa horretako jokalariak, eta, hortaz, oso gaztetatik izan du taldearen pisua eramateko ardura; akaso, zegokiona baino gehiago. Hala ere, hasi da gorengo mailari neurria hartzen.

Europako atea ez da guztiz itxi. Datorren sasoian Konferentzia ligan aritzeko esperanza duzu?

Bai. Betisek Kopa irabaztea ezinbestekoa zen bizirik jarraitzeko. Aukera dugu, eta ez dugu amore emateko asmorik. Azken partidara arte borrokatuko gara.

Athletici mahai gainean kolpea ematea egokitu zaionean kale egin du. Europako postuetan kokatzeko edo gerturatzeko partidetan ez duzue neurria eman. Zein izan da arazoa?

Ez gara gai izan, beste barik. Hainbat arrazoi tarteko, ezin izan ditugu partida horiek irabazi, baina ez dut uste beste ezer dagoenik. Dakidan bakarra da aukera dugula; beraz, barruan daukagun guztia eman behar dugula.

Marcelinoren esanetan Athleticen irabazle sena duten futbolarien zerrenda ez omen da oso luzea. Ados zaude entrenatzaileak esandakoarekin?

Nik argi daukadan gauza bakarra da taldekideok neurketa guztiak irabazi gura ditugula. Ahalik eta partida gehien irabaztea baino ez da gure helburua.

Bost jardunaldi baino ez dira falta, eta Vila-realek lau puntu gehiago ditu. Zazpigarren izateko, jokoan dauden ia puntu guztiak irabazi beharko dituzue.

Hala da. Ez daukagu kale egiteko tarterik. Ahalik eta puntu gehien irabazten ahaleginduko gara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Lehen erronka gaur daukazue Atletico Madrilen kontra. Egungo txapelduna da, goi mailako taldea, baina ez da ari iaz bezala. Partida zaila da, baina garaipena ez da ezinezkoa.

Oso talde indartsua da. Denok dakigu neurketa gaitza dela, baina gure zaleen aurrean gozatzeko ilusioa daukagu.

Zer nabarmenduko zenuke aurkariaz?

Talde gisa daukan indarra dut gustuko. Goi mailako futbolariak dira; batzuk mundu mailako izarrak dira, baina talde moduan funtzionatzen du. Jokoaren arlo guztiak menperatzen ditu. Taldea osoa da.

Zein eratako partida izango da?

Gogorra eta lehiatua izango da. Azken partidetan gauzak asko parekatu dira, eta talde gehienei ari zaie kostatzen irabaztea.

Zelaian irabazten da, baina harmailaren bultzadak ere laguntzen du helburuak lortzeko orduan. Athleticen herri harmaila egitea erabaki dute. Eman beharreko pausoa zela uste duzu?

Gaur giro bikaina espero dut. Aurkari eta ordu aproposa da harmaila bero-bero egoteko. Hala ere, iruditzen zait herri harmaila sortzea ideia ona dela.

Espainiako Superkopako finala jokatu duzue; Kopan, finalerdiak; eta oraingoz ligan zortzigarren postuan zaudete. Ontzat ematen duzu egindako lana?

Balorazioak denboraldi amaieran egingo ditugu.

Bosgarren urtez jarraian Europatik kanpo geratzea zer litzateke, porrota edo desilusioa?

Desilusioa. Ezin da porrot gisara hartu. Zein talderen kontra lehiatzen ari garen jakin behar da balorazioak egin aurretik. Gure txapelketan talde oso onak daude.

Iaz Europan aritu ziren zazpi taldeak daude lehen zazpi postuetan. Gaitza da aukeratuen multzo horretan sartzea?

Argi dago oso zaila dela. Baina gure lana da zelaian ondo jokatzea eta talde horien ingurura gerturatzen ahalegintzea.

Gustura zaude sasoian erakusten ari zaren jokoarekin?

Min hartu nuen arte, hazten ari nintzen; uste dut ondo aritu nintzela. Min hartu nuenetik, kostatzen ari zait, baina apurka-apurka lehengora bueltatzen ari naiz.

Mendizorrotzan min hartu zenuenean, garairik onenean zinen. Garrantzi handia zeneukan taldearen sormenean.

Pena izan zen, baina lesioak futbolaren parte dira. Min hartzen dugunean, ahalik eta azkarrena osatzea da gure zeregina, eta lehengo sasoira itzultzea. Naturaltasunez hartu behar dira kontu hauek.

Orain protagonismo gutxiago daukazun arren, asko jokatu duzu sasoi honetan. Teknikariek badute konfiantza zure jokoan.

Nigan konfiantza dutela nabaritu dut, eta eskertuta nago.

Cadizen aulkitik ikusi zenuen partida. Hamaikakoan lekua galtzen duenean txarto hartzen duen futbolaria zara?

Futbolean arlo guztietan lagundu behar da. Helburua hasieratik jokatzea da, eta horretarako ematen dut daukadan guztia, baina egoera bakoitza lasaitasunez kudeatu behar da. Aulkitik zelairatuta ere lagundu daiteke.

Gaztea zara, baina eskarmentua biltzen ari zara gorengo mailan. Zertan hobetu duzu eta zer duzu hobetzeko?

Heldu egin naiz; eskarmentu handiagoa dut. Erabakiak hartzeko orduan ikasi egin dut. Baina asko dut hobetzeko, eta ikasten jarraitu beharko dut.

Euskarri sortzailea zara. Pasea azkar eta zehatz ematea gustuko duzu. Izan dituzun erreferenteek ere antzeko profila dute?

Bai. Denetarik dago. Athleticen, Ander Herrera eta Javi Martinez nituen gustuko. Baina Sergio Busquetsi erreparatu diot gehien.

2000ko belaunaldikoa zara. Askorentzat aspaldian Lezaman jaio den belaunaldirik onena da. Presioa sentitzen duzu?

Beste barik. Ez daukagu aparteko ardurarik. Uste dut belaunaldi ona garela, erakutsi dugu. Lehen taldean Oihan Sancet, Julen Agirrezabala eta hirurok gaude, eta Mirandesen ari den Imanol Garcia de Albeniz ere ate joka dabil. Eta iritsiko da besteren bat. Bada zerbait.

Aurki Athleticeko hauteskundeak egingo dira. Bilbon zatiketa handia eragiten duten sasoiak dira. Taldearen jardunean eragina izaten duela uste duzu?

Ez. Badakigu hauteskundeak egingo direla, eta guk besoak zabalik hartuko dugu presidente berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.