Camen Muguruza. IDK Euskotreneko presidentea

«Kluba prest dago Europan aritzeko urratsa egiteko»

Uztailaren 1era arte du epea IDK-k Eurokopan jokatzeko izena emateko. Muguruza baikor dago, aurreko aldietan baino diru gehiago lortzen ari baitira babesle pribatuetatik.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bulegoko lanetan bete-betean sartuta dago Carmen Muguruza IDK Euskotreneko presidentea(Donostia, 1971): fitxaketak, Europan jokatu ahal izateko babesleak eta laguntza ekonomikoa lortzea... Oporrak urruti ditu oraindik. Baina ahaleginak merezi duela nabarmendu du. «Epe laburreko eta motzeko helburuei erreparatuta, ametsa beteko dugu Europan jokatuta».

Arrazoi ekonomikoak direla medio pare bat aldiz uko egin ondoren, ezustekorik ezean datorren astean iragarriko duzue estreinakoz Europan jokatzeko izena emango duzuela. Zergatik orain?

Urtarrilean, ligan emaitza onak lortzen ari ginela ikusita, lanean hasi ginen. Izan ere, kantxan lortutakoa gauzatu nahi genuen behingoz, eta klubaren ibilbidean beste aurrerapauso bat eman. Datorren astean jakinaraziko dugu behin betiko erabakia zein den, baina baikor gaude. Aurreko aldietan, babesle pribatuen ekarpen handiagoa falta izan zaigu, baina, orain, lor dezakegula uste dugu. Egitura eta klub aldetik ere aurrerapauso bat eman dugu, eta horrek ahalbidetu digu marketin lan on bat egitea diru pribatu hori lortzeko.

Horren barruan sartzen da enpresekin egin zenutenBidaiatu gurekin topaketa?

Bai, hala da. Oso ondo joan zen topaketa, eta jada jaso dugu hainbat enpresaren baiezkoa. Orain gutxi, enpresa bateko buruak 2.000 euroko laguntza eskaini zigun. Agian gutxi zela esan zigun. Baina, guretzat, euro bakoitzak urrearen balioa du. Lan handia egin behar da halako bakoitza lortzeko. Egoera ekonomikoa, gainera, ez da erraza, eta, alde horretatik, ekarpena egiten duten enpresa guztiei oso eskertuta gaude. Erakundeek ere babestu gaituzte.

Enpresentzat gero eta erakargarriagoa da emakumezkoen taldeak babestea?

Oraindik asko dago egiteko. Baina, gure kasuan, urtero hazten ari da. Duela gutxi, estatu mailako datu bat irakurri nuen aldizkari batean: emakumeen taldeen babesletza %140 handitu zela iragan urtean. Oso datu ona da. Telebistari eta Interneti esker, emakumeen kirolak ikusgaitasuna irabazi du, haren inguruan zabaltzendiren balioak positiboak dira, eta ardura sozialagatik ere gero eta enpresa gehiagok egiten dute apustu emakumeen kirolaren alde. Emaitzak ere hor daude. Bera Bera, Reala, Txuri-Urdin, gu... Gipuzkoako emakumezkoen talde nagusi guztiak Europan jokatzeko sailkatu gara. Gu, adibidez, Bera Berarekin egoten gara egunerokoan Gaskan. Asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta gure esperientziak azaltzen dizkiogu elkarri. Guretzat, Bera Bera eredu da. Denboraldiak daramatza Europan jokatzen, emaitza onak lortzen eta kudeaketa zentzudun eta on bat egiten.

Zenbat handitu beharko duzue aurrekontua Europan aritzeko?

100.000 euro inguru. Txapelketa bera jokatzeak 75.000 euro inguruko kostua dakar. Kontuan izan behar da hona etortzen diren taldeen gastuak, Donostiara iristen diren unetik,guk ordaindu behar ditugula, eta gero kanpoan jokatzen dugunean aurkariak... Horri gehitu behar zaio ezusterik ezean lan hitzarmen kolektibo bat sinatuko dutela udan Espainiako Ligako jokalariek, eta guk ere urratsak egiten segitu nahi dugu profesionalizazioaren bidean.

Zer ekarriko lioke klubarentzat Europan jokatzeak?

Eurokopa oso txapelketa erakargarria da, eta nahi dugu balio izatea Gaskara zale gehiago erakartzeko, eta bazkide kopuruan ere urrats bat egiteko.

Zenbat handitu nahi duzue bazkide kopurua ?

Egun 450 bazkide ditugu, eta 600era iristea gustatuko litzaiguke. Gaskan biltzen den batez besteko ikusle kopurua milara iristeko erronka ere badugu. Zorionez, gainera, Gaskak Eurokopan jokatzeko baldintza guztiak betetzen ditu.

Ametsa beteko duzue taldeak Europan jokatuz gero?

Amets asko ditugu, baina epe ertaineko eta motzeko mugarriei erreparatuta, bai.

Zer kendu dizu gehiago lan honek: loa edo denbora?

Loa ez. Halako gauzek ez didate loa kentzen; bai, ordea, denbora. Aipatu bezala, lan asko egin behar da hau guztia lortzeko

Taldea osatzeko garaian asko aldatu behar izan duzue ikuspegia, Europan joka dezakezuela kontuan hartuta?

Bai, dudarik gabe. Izan ere, jakina den bezala, egutegi beteagoa izango dugu. Ez bakarrik Europan jokatuko dugulako, baita heldu den denboraldia oso berandu hasiko delako ere, Munduko Txapelketa jokatuko baita irail amaieran. Amaitu ere oso goiz amaituko da, Europako Txapelketa izango delako datorren urtean. Horrenbestez, ohi baino talde apur bat luzeagoa izango du. Normalean, 9-10 jokalarik osatu dute multzoa. Hurrengoan, 11 jokalari izango ditugu.

Bi jokalari oso garrantzitsu galdu dituzue: Laura Cornelius eta Lauren Cox. Baina gustura zaudete fitxatutakoekin?

Bai, Cornelius eta Cox ligako bi talde indartsuenetakoetara joan dira. Zaila da ekonomikoki horiekin lehiatzea. Natural daramagu hori. Baina, aldi berean, esan nahi du hemen jokalariak hazi egiten direla, eta beste batzuetan ere erakargarria izan daiteke hona etortzea. Europanaritzeak ere lagunduko digu horretan. Gainera, oso gustura gaude egin ditugun fitxaketekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.