Albistea entzun

Ana Fuentes. Kazetaria

«Bruselan kezkatuta daude kazetarien aurkako erasoez»

Europako Batasunean prentsa askatasunak duen egoeraz hitzaldia emango du gaur eguerdian Fuentesek, Gasteizko 'Kazetaritza bertatik bertara' jardunaldietan.

CARLOS ROSILLO / PRISA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko irailak 1

Pekinen, New Yorken eta Parisen berriemaile aritu da Ana Fuentes (Madril, 1980). 2012an, Hablan los chinos liburua idatzi zuen. Egun, El País egunkariaren eguneroko podcasta aurkezten du.

 

Europan prentsa askatasunak duen egoeraz ariko zara gaur Kazetaritza bertatik bertara jardunaldietan —bihar amaituko dira—. Nolakoa da egoera?

Galdetzen denean Europako Batasunean prentsa askatasunak zer-nolako egoera duen, ondo dagoela esaten dute askok. Baina 2020an, mila kazetarik eta argazkilarik erasoak jasan zituzten. Iaz, sei kazetari hil zituzten lanean ari zirela. Munduko beste toki batzuetan baino hobea da egoera, baina arazoa larria da.

Nolako eragina du prekaritateak kazetarien lanean?

2008ko krisialditik asko nabaritzen da prekaritatea. Pandemiaren eraginez, publizitate sarrerak ikaragarri jaitsi ziren. Plataformek Interneteko trafikoaren parte handi bat bereganatu dute, kazetarien soldatak jaitsi egin dira, eta oso zaila da prekaritatearen benetako argazki bat egitea. Eta freelance kazetari batek, gaiak proposatzen dituenean, erosiko dioten hori saltzen du. Frantziako kazetari batzuekin hitz egin dut, eta, ikerketa sakonak aurrera eramateko, gai arinak landu eta saldu behar izaten dituzte aurretik.

Gatazken berri ematera joaten direnentzat ere ez dago pagotxarik.

Ukrainara joan izan diren berriemaile asko freelance ziren, eta ez zuten asegururik, ez babeserako ekipamendurik.

Zer beste presio ari dira jasaten kazetariak Europan?

Parte hartze publikoaren aurkako salaketa juridikoak ugariak dira. Hau da, kazetari batek zerbait kritikatu edo salatzea eragozteko, auzitara jotzen dute zenbaitek: horretan aritzen dira norbanakoak eta enpresak, baita gobernu batzuk ere, eta jazarpen mota bat da. Difamazioa delitutzat hartzen den herrialdeetan sarri gertatzen da. Bretainian, esate baterako, nekazaritza intentsiboko isurketek hondartzetan zuten eragina ikertu zuten kazetari batzuek, eta horren ondotik eraso egin diete. Bruselan kezkatuta daude kazetariei egiten ari zaizkien erasoekin, eta lege bat ari dira prestatzen.

Nondik nora joango dira Bruselako ekinaldiak?

Europako Batzordeak iazko irailean hartu zituen kazetariak babesteko lehen neurriak. Berandu heldu diote gaiari. Orain, European Media Freedom Act egitasmoan ari dira lanean. Baina isunak eta neurri eragozleak hartu beharko lituzkete; txostenekin eta estatuei gomendio soil batzuk eginda, ez da ezer lortuko. Baina legeak urratzen dituzten erakundeei isunik ez jartzea, hori ez da posible.

Pablo Gonzalezen auzia Europan ari da gertatzen. Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen Poloniako justizia errespetatu behar dela. Zer iritzi duzu?

Ez dut asko sakondu Gonzalezen auzian. Poloniako justizia arazo bat da Europan; ez dio segitzen Bruselako bideari. Ezin izan da frogatu Gonzalez Errusiaren espioi bat denik, eta ikerketa independenteak egon behar lirateke.

Pekinen, New Yorken eta Parisen izan zara berriemaile. Iruditzen zaizu berriemaileek askatasun handiagoa dutela hedabidearen ildotik apur bat ateratzeko?

Bai. Berriemaile batzuk erredakzio zentralarekin bat doaz, baina berriemaileek ez dute beti ildo editorialarekin bat joan beharrik. Esate baterako, Le Figaro-ko berriemaile batek Ameriketan ez dio derrigor ildo kontserbadore bati jarraitu behar, egunkariak Frantzian egiten duen moduan.

Egunotan hasi zarete Hoy en El País podcastaren denboraldi berria prestatzen. Zer moduz zabiltza podcasteko lanean?

Irrati asko egin izan dut, baina ez da gauza bera. Hemen haritik tiraka zoaz, entzulearekin. Galdera bat planteatu ostean, kazetaritza zintzotasunak pixkanaka gaiari erantzutera eramaten zaitu. Galdetuz noa, jakin-minez, intereseko gaiekin.

Europako egunkariak podcastak maiz egiten jarriko dira, ala burbuila lehertu egingo da?

Papereko irakurleak gutxitzen ari dira nabarmen; eta audioa gorantz doa. El País-en podcastak oso ondo doaz, uste zuten baino hobeto: irailean hasi nintzenean, milioi bat espero zituzten, eta bost milioi entzule dituzte jada. Jendea irakurtzeaz nekatuta dago, eta konplizitatea lortzen ari dira podcastekin.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Urtubiaren gertukoei gustatu zaie filma»

Urtzi Urkizu

Netflixek Lucio Urtubiaren bizitzari buruzko filma estreinatuko du gaur: 'Un hombre de acción'. Amezkua da gidoilaria, eta azaldu du Urtubiaren bizitzeko moduari eta pentsamenduari fidelak izatea funtsezkoa zela.
 ©EZEZAGUNA / EZEZAGUNA

Iruindarren euritakoak dantzan

Itsaso Jauregi

Iruñean San Saturnino eguna ospatu dute, aterkien azpian. Erraldoirik eta prozesiorik gabeko hirugarren urtea izan da herritarrentzat, baina euriaren azpian kantuan jarraitu dute.
Ezkerretik eskuinera: Ane Garai eta Maialen Oleaga. ©BERRIA

'Kuirpunk' doinuen eztanda

Unai Etxenausia

Perlata eta La Soga del Muerto taldeetako partaideek dena ematen dute oholtzara igotzen diren bakoitzean. Argi daukate jotzeak ematen dien askatasunaz bizi behar dituztela kontzertuak, beti arduraz bizi beharrean.
Hilabete honetan bi aldiz agertu da Belharra, Donibane Lohizune parean. Europako uhinik handiena da. Matt Etxebarne ageri da argazkian, foil taula <em>hegalaria</em> lagun. ©FRANCK LAPUYADE

Belharra: hogei urteko mugarria

Ainize Madariga

Hogei urte bete dira Donibane Lohizuneko Belharra uhin erraldoiaren gainean surf egin zutela lehen aldikoz. Axi Muniainek arraunean ere igan zuen lehentze, 2013. urtean. Gero eta haboro dira ausartzen direnak orain: Matt Etxebarne da haietako bat. Baina denek oroitarazi dute lanjer handia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.