Roberto Olabe: «Canalesi esan genion hemen jarraitzea nahi genuela»

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariak atzo argitu zuenez, Sergio Canalesek taldean jarraitzeko eskaintza izan zuen, baina erdilariak ez zuen onartu. Olabek agerpen publikoa egin zuen, baina ez zuen argibide handirik eman beste jokalarien inguruan. Bai, ordea, Asier Garitanoren fitxaketaz, eta oso pozik agertu zen: «Nortasuna nahi genuen, lidergoa, taldearen, inguruaren eta ligaren ezagutza, anbizioa... Gauza garrantzitsuak dira horiek ereduei buruz hitz egiten hasi aurretik».

Olaberen ustez, Garitanok «euren onena» atera du Leganeseko jokalariengandik, «egunero exijitu dielako», eta Realean hori egiteko kapaz izango dela uste du. Olaberentzat, etorkizuneko helburua erregulartasuna da, anbizio handiagoko helburuak ahalbidetuko dituelako, eta Garitano pertsona egokia da hori lortzeko. Erregulartasuna aipatu zuen, Realak 24 entrenatzaile izan dituelako azken 21 urteetan.

Hurrengo sasoirako taldea osatzeko garaia da, eta Olabek ez zuen sakondu, agerpena «balorazioa» egiteko zelako. Hala ere, Canalesi jarraitzeko eskatu ziotela esan zuen, eta hark «ziklo bat» amaitu zela erantzun ziela. Joseba Zaldua eta Markel Bergara utzitako jokalarien inguruan galdetu, eta ez zuen informaziorik eman, ezta hiru atezainen egoeraz ere. «Eurekin hitz egiten dugunean hasiko gara etorkizunera begira», zehaztu zuen.

Capa: «Umetako ametsa»

Athleticek Ander Capa aurkeztu zuen atzo, eta eskuin atzelariak esan zuen «umetako amets bat» bete duela, bere «betiko taldean» jokatu ahal izango duelako. Capak esan zuen nahiago duela atzean jokatzea erdiko lerroan baino, eta umiltasunez lan egitea dela bere helburua. 2022ko ekainera arte sinatu du, eta pozik dago Eibarretik ondo irteteagatik. Athleticek hiru milioi euro ordaindu zituen Caparengatik iazko irailean. Josu Urrutia taldeko presidenteak, bestalde, ez zuen inolako argibiderik eman entrenatzaile berriaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.