Athleticen «ilusioa» berriz eskuratu nahi du Elizegi presidente berriak

Gaur izango ditu lehenengo hartu-emanak kirol arloko lantaldeko kideekin. Uste du hauteskundeetakoa «egun ederra» izan zela

Aitor Elizegi eta bere lantaldea, herenegun, Ibaigane atarian, hauteskundeak irabazi eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Askorentzat, ezustekoa izan da Aitor Elizegiren garaipena Athleticen presidentetzarako hauteskundeetan. Alberto Uribe-Etxebarriaren hautagaitza jotzen zuten denek faboritotzat, orain arteko ildoaren jarraipena zekarrelako eta askoz berme gehiago aurkeztu zituelako hautagaitzak ofizial egiteko prozesuan. Baina bazkideek Elizegiren proposamena hobetsi dute, alde txikiagatik izan bada ere. Orain, «Athleticera berriro ilusioa ekartzea»izango du zeregin nagusi.

Beharbada, Elizegi bera izan da emaitzek ezustean harrapatu ez duten bakarra. BERRIAri azaldu dionez, «erabateko konfiantza» zuen garaipenean. «Egin dugun planteamenduagatik, herrialdean ditugun loturengatik, lurraldearekin dugun loturagatik, hautagaitzaren aniztasunagatik, aurkeztu dugun kirol batzordeagatik [Rafa Alkortak eta Andoni Aiertzak eramango dute arlo hori] eta beste arrazoi batzuengatik, uste dut lortu behar genituen botoak lortu ditugula», azaldu du presidente berriak.

Hala ere, Elizegik badaki parte hartzea txikia izan dela, eta etxean gelditu diren bazkideak bereganatzea ere eginkizun izango du: «Datak txarrak ziren, Gabonak gainean izan ditugu, eta, gainera, lehenengo taldearen egoera ez da ona», azaldu du. «Horren ondorioz, jende askok nahiago izan zuen parte ez hartzea, eta boto zuri eta baliogabe asko ere egon ziren. Boto asko faltan sumatu ditut, baina, hala ere, atzokoa [herenegungoa] egun ederra izan zen Athleticeko zale guztientzat, benetako festa bat».

Lanpeturik ibili zen atzo Elizegi: hedabideen galderei erantzuteaz gain, lehenengo kontaktuak izan zituen kirol arlokoak ez beste langile eta kideekin. Kirol esparrukoekin eta jokalariekin gaurtik aurrera hasiko da harremana izaten. Urte berriarekin batera, berriz, hauteskunde kanpainan proposatu dituenak gauzatzen hasteko ordua iritsiko zaio.

Presidente ohiak bidelagun

Langintza horretan, orain arte presidente ibilitakoak eta haien taldeetakoak bidelagun nahi ditu Elizegik: «Hala behar du. Eskarmentu handiko jendea dugu, eta ez dago arrazoirik ondare hori guztia galtzeko. Nik beti esan izan dut ez dakidala erabakiak neuk bakarrik hartzen: hori dut ahulgune eta, aldi berean, bertute nagusi».

Orain arte presidente izandako Josu Urrutiak eta beste hautagai Alberto Uribe-Etxebarriak eskua luzatu diote presidente berriari, eta adierazi prest daudela aldi berri honetan laguntzeko. Elizegik eskaintza aintzat hartu du, eta haien «eskuzabaltasuna» goraipatu du: «Guk badugu esperientzia hori: porrot egin, eta porrotean ere taldeari leial izaten jarraitzea. Ez dut dudarik egiten aurrerantzean ere hala izango dela. Gainera, gure programan eta Albertoren [Uribe-Etxebarria] hautagaitzaren programan bazeuden antzekoak ziren proposamen asko, eta elkarrekin lan egiteko aukera dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.