Lucas Egibar. Snowboarderra

«Agian, jendeak beti irabaztea espero du, eta hori oso zaila da»

Lucas Egibarrek indartsu ekin dio munduko kopari. Olinpiar Jokorik eta munduko txapelketarik gabeko urtea izaki, lehiaketa hori du helburu donostiarrak denboraldi honetan. Bigarrenez irabazi nahi du.

Unai Ugartemendia.
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Aldarte onean ekin dio urteari Lucas Egibarrek (Donostia, 1994), eta badauka horretarako arrazoirik. Izan ere, munduko kopa du helburu nagusi denboraldi honetan, eta, aurreneko bi probak jokatuta, hamargarren da sailkapen nagusian.

Bi proba jokatu dituzu jada Munduko Kopan. Zer balantze egiten duzu egindako lanaz?

Lehena, Montafongoa [Austria], inoizko nire lehen lasterketarik onena izan zen. Pena izan zen finalerako sailkatze saioetan hain ondo ibili eta gero finalean podiumetik kanpo gelditu izana [laugarren izan zen]. Hala ere, oso lan ona egin nuen. Aldiz, bigarren proba, Cervinian [Italia] jokatutakoa, beste kontu bat izan zen. Pattal aritu nintzen, eta hamalaugarren izan nintzen. Beste lau lasterketa gelditzen zaizkigu oraindik, eta denetik gerta daiteke.

Azkeneko urteetan lehen lasterketetan ez zinen hain ondo aritu.

Hala da. Lehen, beti 20. eta 30. postuen artean hasten nintzen, beraz, lortutako laugarren postuarekin eta hamabigarrenarekin ezin naiteke kexatu. Hasieran beti kostatzen zitzaidan erritmoa hartzea, baina, egin dugun denboraldi-aurrea kontuan hartuta, banekien aurrean ibiliko nintzela, oso ondo sentitzen bainintzen.

Lehen lasterketako laugarren postuak, halere, arantza txiki bat utzi omen dizu, ezta?

Nik badakit goian egon naitekeela, eta, egia esan, oso ondo ikusi nuen neure burua lehen lasterketa izateko. Oso azkar nenbilen. Sailkatze faseko bi lasterketetan lehen postuan amaitu nuen. Finalean, ordea, jaitsierarik okerrena egin nuen. Hasiera nahiko arraroa zuen ibilbideak, eta, ni azkarra izanik, ezin izan nuen nahi nuen moduan jaitsi, eta hor arantza txiki bat gelditu zitzaidan. Baina, halere, gustura nago egindako lanarekin.

Oso indartsu zaudela erakutsi duzu lehen bi probetan.

Bai, baina lanean jarraitu behar dut.

Denboraldi-aurrean argi esan zenuen sasoi honetako helburu bakarra munduko kopa irabaztea zela.

Eta hala da. Adierazpen haiek egin nituen egunean jada nabaritzen nuen ondo ibiliko nintzela, ordura arte egindako entrenamendu saioetan oso indartsu ikusten bainuen neure burua. 2015ean irabazi nuen saria berriro irabazi nahi dut.

Oso sasoi lehiatua izango da. Iritzi berekoa zara?

Bai. Lehen elkarrizketetan jada esan nuen Alessandro Haemmerle austriarra eta Omar Visintin italiarra aurrean ibiliko zirela, eta halaxe gertatzen ari da. Denboraldi osoan lehia estua izango dugu, eta xehetasun txikiek erabakiko dituzte lasterketa asko.

Denboraldi arraro samarra izango da, ez delako jokatuko ez Neguko Olinpiar Jokorik, ez munduko txapelketarik.

Bai, lau urtetik behin horrelako urte bat tokatzen da, baina nik argi daukat aurten inoiz baino gehiago munduko kopan egin behar dudala ahalegina. Oso gogotsu nago.

Azken sasoia ez zen ona izan. Arantzarik ba al duzu horregatik?

Bai, arantza handia gelditu zitzaidan. Denboraldian zehar lasterketa on batzuk egin nituen, Veysonnazen [Suitza] lortutako garaipena tarteko, baina ez nuen nik espero nuen kolpea eman. Denboraldi amaieran, Munduko Kopak ihes egin zidala ikusi nuenean, denboraldi honi begira jarri nintzen denborarik galdu gabe.

Hurrengo Neguko Olinpiar Jokoak oraindik ere urruti daude, bi urte barru, baina berriro ere hura izango al da azken helburua?

Lan guztia hara bideratuta egiten dugu, baina, zuk aipatu bezala, oraindik oso urrun daude, eta, esaterako, datorren urteko Munduko Txapelketa ere oso urruti ikusten dut. Gutxinaka joan behar dut. Helburuz helburu joatea gustatzen zait.

Zure hirugarren Olinpiar Jokoak lirateke 2022koak, Pekingoak. Jendeak domina bat irabaztea eskatuko dizu?

Ikusteko dago nola doazen Pekinera arteko urteak. Gaur egun, oso indartsu ikusten dut neure burua, baina badakigu Oilinpiar Joko batzuetan edozer gauza gerta daitekeela, azkenekoetan gertatu zen antzera. Ziur nago jendeak jada emaitza handiak eskatuko dizkidala.

Nola kudeatzen da presio hori?

Ondo daramat. Egiten dudana ikaragarri gustatzen zait, eta ahal dudan gehien gozatzen saiatzen naiz. Ni naiz neure buruari gehien exijitzen diona, eta badakit lehenik lasai lehiatu behar naizela, eta ondoren, nik dakidana egin. Hori eginez gero, gehienetan behintzat, aurrean beharko nuke, horretarako maila badudala iruditzen baitzait.

Baloratua sentitzen al zara?

Nik uste dut lortu ditugun emaitzengatik baloratuak izan garela. Egin dugun lan guztia hor dago, eta eskertu digute. Espainiako Federazioaren aldetik ere laguntza gehiago ikusten da, eta atzetik ere jendea badator.

Hala ere, badirudi dominaren bat lortzen ez baduzue zuen kirola ez dela existitzen.

Bai, hori asko igartzen da. Orain urte batzuk, edozein probatan laugarren izanda, jende askok zorionduko ninduke, mezuak ere izugarri izango lirateke, deiak... Baina aurten, lehen proban laugarren amaitu nuen, eta oso mezu gutxi jaso nituen. Agian, jendeak beti irabaztea espero du, eta hori oso zaila da. Jada urte asko daramatzat honetan, eta badakit nola funtzionatzen duen. Nik lanean jarraitu behar dut; hori da berme bakarra hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.