Australiak auzitara joko du armadak Afganistanen ustez eginiko gerra krimenengatik

Scott Morrison lehen ministroak adierazi du «ikertu beharreko gertakari ugari» daudela. Ikertzaile berezi bat izendatuko du

Scott Morrison Australiako lehen ministroa, atzo. LUKAS COCH / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Australiako lehen ministro Scott Morrisonek atzo iragarri zuen ikertzaile berezi bat izendatuko duela armadak Afganistanen ustez eginiko gerra krimenak auzipetzeko. 2005etik 2016ra bitartean soldaduek ustez eginiko delituak prozesatzea da asmoa. Morrisonen arabera, «ikertu beharreko gertakari ugari» daude, eta prozesua «konplexua» izango dela jakinarazi zuen.

«Ustezko jokabide larrien eta, beharbada, delituzkoen akusazioak kontuan hartuta, ikerketan planteatutako gaiak ebaluatu eta ikertu behar dira, eta, akusazioak oinarrituak daudenean, epaitegietan auzipetu», adierazi zuen lehen ministroak. Harekin zegoen Linda Reynolds Defentsa ministroa ere.

Ikerketa bulego berezia sortzeko gobernuaren erabaki hori, hain justu, Australiako armadak Afganistanen egindako ustezko delituen inguruko salaketak ikertzen dituen txostena argitaratu baino astebete lehenago iragarri dute; tartean leudeke exekuzio estrajudizialak. 2016tik aritu dira gertakariak ikertzen, eta horiek asimilatzeko «zailak eta gogorrak» izango direla aitortu zuen Morrisonek. Gutxienez 50 jazoera ikertu eta 330 pertsona galdekatu dituzte lekuko gisa, Australiako agintariek urte hasieran jakitera eman zutenez.

Hala, gerra krimenen ikerketa berezirako bulego berria datorren urtean lanean hastea espero da, eta ustezko errudunak auzitegietara eramateko ahalmena izango du.

«Guztiontzat zaila izango da, baina gure justizia sistemaren eta defentsa indarren osotasuna defendatzea ahalbidetuko duen modu batean hartu behar dugu», esan zuen lehen ministroak.

Presentzia militarra

Australiak borroka operazioetarako 1.500 soldadu hedatu zituen Afganistanen 2001 eta 2014 urteen artean, eta Aliantza Atlantikotik kanpo herrialde batek inoiz eginiko ekarpen militarrik handiena bezala kontsideratu zen. Ordutik, trebakuntza eta entrenamendu lanetan aritzen diren destakamentu militar txikiak mantentzen ditu. Ikerketak 2005az geroztik baino ez dira egin, indar berezietako 150 kide hedatu eta Afganistanen presentzia militarra indartu zutenetik; aurreko urteetan, batez ere, jarduera logistikoetan aritzen ziren.

Australiako ABC kateak urteetan salatu du soldaduek Afganistanen izandako jokabidea, eta operazio militarren gainekohainbat pieza landu ditu. Horien artean, asaldura sortu zuten irudiak zabaldu zituen aurtengo martxoan. Bideoan ikusten da nola Australiako soldadu batek armagabe zegoen zibil bat hiltzen duen, tiroz, hura lurrean eserita zegoen bitartean. Afganistanen jazotakoa da erasoa, 2012. urtean. Gertaeraren ostean, Australiako indar armatuek ikerketa bat abiatu zuten, eta militarrak euren buruaren defentsan aritu zirela ondorioztatu zuten, nahiz eta irudietan argi ikusten den zibilak ez duela erresistentziarik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.