Mikel Aristi. Euskaltel Euskadiko txirrindularia

«Irabazi egin nahi dut berriro; gutxienez, lortzeko gertu egon»

Aurreko denboraldiko arantza kendu, eta onenen artean egon nahi du berriro Mikel Aristi txirrindulariak. «Zaila» izango dela jakin arren, sasoiari ondo ekin diola adierazi du.

MARKEL BAZANBIDE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Igandean eman zion hasiera denboraldi berriari Mikel Aristi txirrindulariak (Bergara, Gipuzkoa, 1993), Valentziako Klasikoan. Irabazteko asmoz atera zen, eta ia lortu. Eskuak jaso zituen helmugan, esprint estu baten ondoren. Baina hainbat errepikapen ikusita, epaileek bigarren postua eman zioten. «Gustura» da denboraldi hasierarekin.

Gutxigatik ez zenuen irabazi. Pena, ezta?

Nahi baino buelta gehiago ari naiz ematen igandean gertatutakoari. Baina, hori alde batera utzi, eta egindako lan onarekin geratuko naiz. Oso ondo hasi dugu denboraldia, eta hori nabarmendu nahi dut. Aurreko urtea oso gogorra izan zen, gauzak ez ziren nahi bezala irten. Lasterketa iairabazi dudala, horrekin geratuko naiz. Izan ere, aurreko denboraldian gertutik ere ez nuen ikusi garaipena lortzeko aukera.

Denboraldiko lehen lasterketetan beti egoten da ezjakintasun hori: zer gertatuko da, zer ez... Are gehiago egoera honetan. Estreinakoa izateko ondo moldatu zineten, ezta?

Bai, dugun egoera honekin ezjakintasun hori dago. Ez dakigu lasterketa egingo den, ez den egingo... Beste esparru guztietan bezalaxe, hemen ere ezjakintasun handia dago.

Valentziako Klasikoan, esaterako, ibilbidea moztu zizueten 98 kilometrora. Zuek noiz izan zenuten horren berri?

Bezperan [larunbatean] jakin genuen. Valentzian zen bukatzekoa, eta, egoera kontuan hartuta, ohartu ziren han amaitzea ezinezkoa zela, eta beste herri batean amaitzea erabaki zuten. Azkenean, 98 kilometro izan ziren, eta gu ohituta gauden kilometroetarako pixka bat motza egin zitzaigun. Baina ondo joan zen dena.

Aipatu bezala, lasterketa ona osatu zenuen bai zuk eta bai talde osoak. Zer sentitu zenuen tropel barruan?

Lehenengo egunetan gehixeago kostatzen da tropelean mugitzea. Irteera nahiko urduria izan zen, segituan mendate bat zetorren, eta niretzat beharrezkoa zen oso ondo kokatuta joatea, mendatea pasatu ahal izateko. Baina eroso sentitu nintzen tropel barruan.

Sasoia hasi besterik ez da egin, baina aurrekoari baino itxura hobeagoa hartzen al diozu honi?

Aurrekoarekin alderatuta, uste dut gauza bat dugula alde: badakigula zer dagoen. Lehen baino informazio askoz gehiago dugu orain. Beste gauza bat da arazoa ez dela konpondu, hor jarraitzen duela eta horrekin bizi beharko dugula txertoa denoi edo jende gehienari eman arte. Nik uste dut aurtengoa ere urte gogorra izango dela esparru guztietan, baita gurean ere.

Entrenamenduetan aldaketarik egin duzue, ala aurreko denboraldi-aurreetako antzeko plana ari zarete betetzen?

Nahiko berdintsu jarraitzen dugu entrenatzen. Denboraldi-aurrea hasi genuenean sasoi hasierako lasterketak hor zeuden, ohiko datetan. Gure helburua zen horra ondo heltzea. Orain hasi dira lasterketak maiatzera aldatzen, azkeneko bi asteetan.

Zu bigarren, hiru txirrindulari lehen hamarretan, taldekako sailkapenean lehenengo… Nola ikusi zenuen zuk taldea?

Ondo ikusi nuen taldea, gose handiz. Aurreko denboraldian oso lasterketa gutxitan lehiatu ginen. Beti izaten dugu lehiatzeko gogoa, baina aurten beste aldarte bat dugu: gogo handiagoz hasi dugu urtea. Taldea oso lehiakor ikusi nuen; elkar ondo ulertu genuen. Ondo gaude.

Talde modura urte polita datorkizuela uste al duzu?

Nik uste dut baietz; ilusio horrekin nago, behintzat. Espero dut jarraitutasun apur bat izatea lasterketak korritzeko orduan eta iaz baino hobeto sentitzea.

Orain talde osoa Valentzia aldean zaudete denboraldi-aurrea osatzen. Sasoiko jartzeaz gain, egonaldi honek talde dinamikan ere lagundu dizue.

Bai, nik uste dut hori dela egonaldiaren helburu nagusia. Etxean gaudela, denok entrenatzen gara, eta ondo dago hori. Baina nik uste denok batu eta giro ona dagoen leku batean batera entrenatzea oso garrantzitsua dela prestakuntzarako. Asko aberasten du lasterketan gure jokabidea, eta laguntzen du ere talde giroa hobetzen.

Zuek bezalaxe, beste talde askok ere Valentzia ingurua aukeratu dute beren egonaldia egiteko. Denentzako errepiderik ba al dago?

Bai [barrez]. Gu Altean gaude. Gainera, hemengo errepideak etxekoak baino gogorragoak dira, nahiko lur eremu gorabeheratsua da. Guk beti pentsatzen dugu Euskal Herria oso gogorra dela, baina leku asko daude gurea bezain gogorrak edo gogorragoak direnak, eta hau horietako bat da.

Egonaldi hauek denboraldiko egutegia finkatzeko ere erabili ohi dira. Zuk zurea itxita al daukazu?

Ez. Lehen esan bezala, maiatzera pasatu dira lasterketa asko, eta oraingoz ez dakigu zein egongo diren. Hurrengo astean bertan Valentziako Itzulia hastekoa da, baina hori ere ez dakigu egingo den edo ez… Oraingoz bai, baina, egoera kontuan hartuta, edozer gauza gerta liteke.

Lasterketa guztien artean ba al duzu baten bat begiz joa?

Gustatuko litzaidake Kataluniako Voltan eta Euskal Herriko Itzulian parte hartzea. Horiek aukeratu ditut, epe motzera lasterketa garrantzitsuenak direlako.

Helbururik ezarri al duzu denboraldi honetarako?

Lasterketak irabazi nahi ditut berriro. Aurreko urtean ez zen posible izan, eta nire helburua hori da. Irabaztea lortzen ez badut, gertu egon nahiko nuke behintzat, eta nire taldekideei irabazten lagundu.

Aurreko urtean taldeak ez zuen hiru itzuli handietako gonbidapenik jaso. Espainiako Vueltakoa hor egon zen zalantzan, baina azkenean ezer ez. Aurten baten bat izango al da?

Guretzat garrantzitsua izango litzateke Espainiako Vueltan parte hartzea. Uste dut taldea asko haziko litzatekeela, eta helburu gisa oso polita izango zen. Taldean bertan baditugu txirrindulariak Espainiako Vueltan emaitza onak lortu dituztenak. Gainera, polita izango zen horrelako itzuli bat laranjaz jantzita lehiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.