Roberto Rios. Futbolari ohia

«Athleticen eta Betisen artean parekotasun handia dago»

Espainiako Kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko dute gaur Betisek eta Athleticek. Riosek uste du «intentsitate handiena» duen taldea izango dela finalerdietan.

BERRIA.
haritz gallastegi
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Roberto Rios (Bilbo, 1971) Betiseko beheko mailetan zegoenean, Eusebio Riosen semea zelako zen ezaguna. Denbora gutxian itzalean utzi zuen aita, eta bere jokoagatik nabarmendu zen. Erdiko atzelari indartsua zen. Betisen, maila bikaina erakutsi zuen, eta 1997an, Athleticek ordura arte egindako apusturik handiena egin zuen, jokalaria Bilbora eramateko. 12 milioi euro ordaindu zituen. Dirutza zen hori. Athleticen bost urte jokatu ostean, erretiroa hartu zuen 31 urterekin.

Betisen eta Athleticen osatu zenuen zure futbolari ibilbidea. Gaur elkarren aurka ariko dira Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzeko lehian. Zuretzat ez da ohiko partida izango, ezta?

Niretzat, Betisek eta Athleticek elkarren kontra jokatzen dituzten partida guztiak dira bereziak. Gainera, zenbat eta gehiago egon jokoan, orduan eta zirraragarriagoa da. Gaurko lehia polita da, eta, finala izan balitz, askoz hobea izango litzateke.

Bi taldeen helburua irabaztea izango da, baina garaipena lortzeko hartzen duten bidea oso ezberdina da. Betisen eta Athleticen jokoak antz gutxi dute. Nola ikusten dituzu?

Betisek pase askoko jokoa eta kontrola ditu gustuko. Athleticek, berriz, azkar jokatzen du, kontrarioaren areara ahalik eta arinen iristeko. Hala ere, ez dute plan bakar bat. Athletic, premia duenean, baloia izaten ahalegintzen da; eta, Betisek ere, korrika egiteko aukera duenean, baliatu egiten du. Abiapuntu gisa jokamolde bat izatea ondo dago, baina partidak eskatzen duena egiteko prest egon behar dute taldeek.

Betisek jipoia hartu zuen San Mames bisitatu zuenean: 4-0. Baina Manuel Pellegrinik zuzentzen duen taldea hazi egin da azken asteotan. Talde sendoagoa dela dirudi. Hala ikusten duzu zuk ere?

Bai. Bi taldeen denboraldia antzekoada. Sasoi hasieran ez zuten segidarik izan jokoan eta emaitzetan. San Mamesen jokatu zuten partidara zalantza askorekin iritsi ziren. Baina, azken hilabetean, bi taldeek eskuratu dituzte emaitza onak. Konfiantzaz gainezka iritsi dira lehiara.

Sergio Canales da Betisen itsasargia? Gertutik zaindu beharreko jokalaria, alegia.

Betisentzat oso futbolari garrantzitsua da. Talentu handia dauka. Ziurrenik taldeko futbolaririk dohatsuena da. Eta, gainera, lesiotik bueltan joko bolada onean dago. Golak ari da sartzen, gainera, azken partidetan.

Zein da Betisek duengabezia nagusia?

Gorabehera asko ditu. Langa oso goian jarri zuten denboraldi-aurrean, baina ez dabiltza jarritako helburuak betetzen. Hurrengo hilabeteak azkena bezain onak badira, sartuko da Europarako sailkatzeko borrokan.

Zein taldek du aukera gehien finalerdietarako sailkatzeko?

Kanporaketa parekatua da. Aurreko normaltasunean, etxean jokatzeak garrantzi handia izango luke. Baina, egun, jarraitzailerik ez dago harmailetan, eta horrek aldatu egin du neurketa. Etxetik kanpo jokatzen duten taldeak partida asko ari dira irabazten. Berdintasun handia dago Athleticen eta Betisen artean.

Zaleen hutsunea nabarituko dela esan duzu. Horrelako kanporaketa batean, erabakigarria da?

Oso garrantzitsua da. Babes handia ematen dute. Horrelako partidetan, asko bultzatzen dute jarraitzaileek. Athletici mesede egingo dio. Ateak zabaltzeko aukera egongo balitz, gainezka eta bero-bero egongo zen Benito Villamarin.

Final bat jokatzeko aukera hiru partidara daukate. Gaur ez da gordetzen hasteko eguna.

Duda barik. Eta ez dute ezer gordeko. Zalantzarik badaukazu? Bai Athleticek bai Betisek daukaten dena emango dute. Pena bakarra da ezin izango dugula harmailatik ikusi.

Non egongo da partidaren giltza?

Intentsitatea izango da gakoa. Bi taldeek dituzte jokalari onak. Erritmo azkarrean jokatu eta banakako lehietan irabazle ateratzen den taldeak lortuko du aurrera egitea.

Leo Messiren kontratuak hautsak harrotu ditu. Ez dago giro argentinarraren inguruan. Bada, zuk neurri batean antzeko egoera bat bizi izan zenuen 1997. urtean, Athleticek Betisi 12 milioi euro ordaintzea erabaki zuenean zu taldera ekartzeko. Nahi gabeko protagonista bihurtu zinen. Nola egin zenion aurre egoerari?

Naturaltasunez. Kluben arteko akordioa izan zen. Telebistak indartsu sartu ziren, eta, telebistekin batera, dirua sartu zen futbolean. Ni ahalik eta ondoen aritzen ahalegindu nintzen. Urte askotan Athleticeko fitxaketarik garestiena izan nintzen. Iñigo Martinezek hartu du nire lekukoa. Polita da talde batek zu fitxatzeagatik horrelako apustua egitea, baina gero horrekin bizitzen ere jakin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.