Xabier Madariaga. 'Ur handitan atzerrian' saioko aurkezlea

«Lan honek eman ahal zidan oparirik handienetakoa da saioa»

'Ur handitan' saioak zortzi herrialde bisitatu ditu, hainbat gaitan sakontzeko. ETB1ek gaur emango du lehen erreportajea, Palestinan grabatutakoa. Zortzi aste horien ostean, Euskal Herrian jarraituko dute.

BALEUKO.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
ETBko berriemaile lanetan Ekialde Hurbilean hasi zen Xabier Madariaga (Bilbo, 1981), eta Jerusalemen egin zituen hiru urte. Ur handitan atzerrian saioarekin itzuli da bertara, Palestina eta Israel: Homeland erreportajea egitera. Mikel Aiestaran, Yehuda Shaul, Yael Macias, Sammer Hammal, Razan Al Najar, Mikel Irastorza eta Amaia Elorza elkarrizketatu ditu.

Zergatik erabaki duzue Ur handitan atzerrira eramatea?

EITBrentzat hamabost urte egin ditut lanean, eta horietatik ia denak atzerrian. Herrialde eta jende berria ezagutzeak beti erakarri nau. Gure lanak duen alderik politenetako bat dela uste dut. Suposatzen dut horrek bultzatu ninduela atzerrian egindako beste programa bat proposatzera. Zuzendaritzak proposamena aztertu, eta Ur handitan bera atzerrira eramatea bururatu zitzaion. Ideia zoragarria iruditu zitzaidan orduan, eta, orain, bidaien erdia baino gehiago egin ditugula, are hobea iruditzen zait. Esperientzia ederra izan da. Lan honek eman ahal zidan oparirik handienetakoa. Protagonista eta istorio oso interesgarriak aurkitu ditugu.

Ur handitan-eko atal hauekin ikuslea harrituko duzuela iruditzen zaizu?

Mimo handiz egindako atalak dira. Asko zaindu dugu dena, eta hori nabarituko dela espero dut. Atzerrian puri-purian dauden gai sozialak izango ditugu abiapuntu, eta, gainera, protagonista euskaldunen bitartez landuko ditugu gai horiek. Gure erreferenteak konpartitzen dituzten protagonisten bitartez ezagutuko ditugu munduko errealitate konplexuenak, eta hori oso aberasgarria da.

Ekialde Hurbilean hasiko duzue denboraldia. Nolakoa izan zen hara itzultzea?

Jerusalemen egin nuen nire lehenengo zuzenekoa. Hiri hori beti egongo da nirekin, etxera itzultzea gogorra izan da. Duela hamabost urte Israel beldurtuta bizi zen. Kafe bat edateko, edo pizza jateko katxeatzen zintuzten Jerusalenen. Hori bukatu da. Israelek kontrolpean ditu palestinarrak, eta estatu juduaren garaipena erabatekoa da. Lehenengo saio honetako protagonistek argi erakutsiko digute hori.

Non ibiliko zarete hurrengo ataletan?

Astindu nauten beste gai batzuk ere jorratu ditugu: homofobia Kenyan, esaterako. Buruzagi erlijioso homofobo bati egindako elkarrizketa bereziki zaila izan da. Bi gizonen arteko maitasuna «abominazioa» zela entzun behar izan genion... Hori, nik neuk senarra izanda.... Venezuelako errealitate korapilatsuan murgildu gara, Mexikoko feminizidioak gertutik ezagutu ditugu, eta AEBen eta armen arteko erlazio arriskutsua ulertzen saiatu gara.

Iturriak lantzeko lana nola joan da?

Ez da batere erraza izan. Gai asko izan ditugu mahai gainean. Planeta oso zabala da, eta fokua toki askotan jar daiteke... Tokian tokiko errealitateekin harreman zuzena duten protagonistak aurkitzea erraza da. Erakunde edo instituzioen bitartez erraz heltzen gara eurengana. Baina herrialde horietan aukeratutako gaiarekin zerikusia duten euskaldunak aurkitzea, hori bai izan da lan zaila.

Berriemaile urte luzez aritu zinen, baina nolako esperientzia izan da saio hauek grabatzea?

Ezin hobea; dena lantaldeari esker. Albistegietarako berriemaile zoazenean, bakar-bakarrik zaude. Askotan, kameraririk gabe ere bidaltzen zaituzte. Erabaki guztiak zuk hartzen dituzu. Egin dudan antzekoena, Obamaren aukeraketan, AEB mendebaldetik ekialdera zeharkatzea izan zen, albistegietarako erreportaje sorta baterako. Baina esperientzia horietan ere nik neuk egin nuen dena. Elkarrizketatuak, gaiak... dena bakarrik landu nuen. Ur handitan erredakzio oso batek lantzen du. Atzerrian gaudenean, lau gara bidaietan parte hartzen dugunak. Dena lotuta dago aurretiaz. Talde oso batek hartutako erabakiak dira, eta horrek funtzionatzen duela ikustean, asko betetzen nau. Atzerrian grabatutako zortzi atalen ostean, Euskal Herrira itzuliko gara; printzipioz, abendura arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.