Enrike Amilibia. Aktorea

«Inklusiboa ez bada, ez da kultura»

Mexikon jaiotako aktore euskaldunak Gorkarena egiten du ETB1 ematen ari den 'Puntu Koma' websailean. Ikus-entzunezkoen munduan sumatzen duen aniztasun faltaz eta bere ibilbideaz mintzatu da.

GORKA RUBIO / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Enrike Amilibia aktoreak (Mexiko Hiria, 1986) Gorkarena egin du ETBko Puntu Koma telesailean. Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojoren agindupean aritu da lan horretan. Datorren astelehenean emango dute azken atala ETB1en, baina beste bost atalak ikusgai daude dagoeneko Interneten, Nahieran zerbitzuan. Amilibiak urte askotxo daramatza ikus-entzunezkoetan lan egiten.

Legaleon T antzerki taldearekin hasi zinen antzerkian. Zerk bultzatu zintuen agertokira?

Txikitatik gustatu izan zait asko antzerkia. Martin telesailean estra gisa aritu nintzen. Jendea ezagutzeko balio zidan, zaletasun gisa. Marioren Bakarrizketa egin nuen gero, Alex Tellorerekin. Hark lagundu egin zidan prestatzen, eta Usurbilen, Tolosan eta Orion [Gipuzkoa] antzeztu nuen. Baina ez dut neure burua bakarrizketak egiten ikusten; badira horretan oso ondo dabiltzanak, baina neuk, aukeran, nahiago taldean.

Zergatik ez bakarrizketak?

Trebezia handia behar delako besteei barrea eragiteko; niri hori falta zait. Norbere indarguneak zeintzuk diren jakin behar da, eta nirea taldean lan egitea da. Egin dut film labur bat —Aquí es posible—, urritasuna duten pertsonen autonomiaren inguruan.

Film hezigarri bat, alegia, zuk bezala Downen sindromea dutenpertsonei zuzendua, esaterako. Baina zuk nahi zenuen edonorentzat aritu, ikusle ororentzako filmak egin, ezta?

Bai, nik parte hartu nahi dut, eta aukera bat izan, telebistan eta antzerkian aritzeko, eta ez bakarrik aniztasun funtzionalen bat dutenekin. Naturaltasun osoz, edozeinekin aritu nahi dut, hori iruditzen baitzait benetako aniztasuna eta normaltasuna. Horrela izan beharko luke.

Baina oraindik ez da horrela. Aukera gutxi daude?

Aurreiritziengatik lan egiten dugu kolektiboka; adibidez, urritasun bat duten pertsonen antzerki edo dantza taldeetan. Baina uste dut aniztasuna lortu nahi badugu, hainbat motatako jendea batera aritu beharko ginatekeela, eta elkarrengandik ikasi. Diskriminazioa iruditzen zait gaurko egoera; erronka daukagu, eta horretan lan egitea falta zaigu.

Iruditzen zaizu kulturaren industriak ez duela errealitatea islatzen, elbarriak ez dituelako agertzen, edo, agertzen dituenean ez dituelako naturaltasunez erretratatzen?

Batzuetan pentsatzen dute subnormalak garela edo gaixotasunen bat dugula. Nik Downen sindromea daukat, eta harro nago neure izaeraz. Edozein pertsonarekin bizi eta lan egin nahi dut. Oraindik bidea egiten ari gara, eta ikusgarritasuna falta da ikus-entzunezkoetan.

Bidea urratzen ari den telebista saioren bat aipatuko zenuke, eredu gisa?

El Languik eta Pablo Pinedak egiten zutena [Donde comen dos, La1]. El Langui nahi izan duen lekura heldu da, eta ni harro nago horretaz. EITBn, esaterako, ez dago guk hitz egiteko edo parte hartzeko saiorik.

Puntu Koma websail gisa planteatu zuten, hau da, Interneterako, baina azkenean ETBn ere ematen ari dira. Horretan ez al da egin ahaleginik gizartean dagoen aniztasuna islatzeko?

Bai, eta ez bakarrik aniztasun funtzionala duten pertsonekin: emakumeen boteretzean ere egin du ahalegina. Gaur, ikus-entzunezkoetan profil zehatz batzuk eskatzen dituzte: adinak, altuerak... Hori diskriminazioa da. Profilak behar dira, baina, erakusten baduzu gai zarela eta talentua duzula, aukera eduki beharko zenuke. Puntu Komak sariak izan ditu nazioartean: Miami Web Fest [AEB] jaialdirako hautatu zuten, eta Asia Web Awardsen drama onenaren saria jaso zuen.

Aktoreak ere askotan kexatu dira berrogei urtetik gorako emakume rolik ia ez dutela sortzen. Batzuek telesail propioak ekoitzi behar izan dituzte euren benetako adinako pertsonaiak antzeztu ahal izateko. Horiekin identifikatzen zara?

Inklusiboa ez bada, ez da kultura. Enpatia falta da, eta egunero erakustea. Aukera ematen badidate, edozein gauza egingo nuke: telesailak, websailak edo iragarkiak. Aktore lanak alaitasuna ematen dit, eta elkartasuna sentitzen dut. Ez da lan gogorra gustuko baduzu. Baina zailena, beti, aurreiritziei aurre egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.