Cristina 'Chini' Pizarro. Logroñoko jokalaria

«Minduta joan nintzen Realetik, baina orain pozik eta ilusioz nago»

Bost denboraldi Realean jokatu eta gero, Cristina Pizarrok taldea utzi zuen joan den sasoian. Baina oraindik ere lotura estua du bai talde txuri-urdinarekin, bai Donostiarekin. Bihar Zubietara itzuliko da.

ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Cristina Pizarro Logroñoko jokalariak (Madril, 1989) dio bihar Realaren aurka golen bat sartuz gero ez dakiela ospatuko duen. «Reala beti izango da niretzat klub berezia».

Bost sasoi Realean jokatu eta gero, zure taldekide ohien aurka jokatuko duzu bihar. Nola bizitzen ari zara astea?

Neurketa berezia eta polita izango da. Astea ahalik eta normaltasun handienarekin igarotzen saiatzen ari naiz, eta arreta osoa entrenamenduetan eta ikasketetan jartzen.

Asko hitz egiten duzu zure taldekide ohiekin talefonoz?

Egia esan, ez. Tarteka mezuren bat bidaltzen diogu elkarri. Azkenaldian zoriontzeko izaten ari dira, jasotzen ari garen sariengatik [barrez]. Ea aukera dudan Urrezko Danborra emango diguten egunean Donostian egoteko.

Norekin duzu harreman gehien?

Batez ere Manurekin [Lareorekin], Nerearekin [Eizagirrerekin],Anerekin [Etxezarretarekin] eta Nuriarekin [Mendozarekin]. Azken batean, taldekide ohiak gara, eta adi egoten gara bakoitzari nola doakion.

Zer sentituko duzu Zubietara iritsi eta bisitariaren aldagelara joan behar duzula ikustean?

Arraroa izango da. Baina jakitun nengoen gertuko zela, eta Realean igarotako une onak gordeko ditut.

Zer izan da zuretzat Reala?

Reala beti izango da niretzat klub berezia. Bost denboraldi jokatu nituen han, eta nire kirol ibilbidean oso urte garrantzitsuak izan ziren. Hainbat lesio larri izan nituen, eta indartuta atera nintzen horietatik. Gainera, uste dut oso bizkor ohitu nintzela bertako kulturara eta jendearen bizimodura. Zaleen aldetik beti nabaritu izan nuen babes handia, baita klubean zein egunerokoan ezagutu nuen jendearengandik ere.

Donostian ezagututako jendearekin harremana izaten jarraitzen duzu? Gustatuko litzaizuke erretiroa hartzean bertan bizitzea?

Donostia izugarri gustatzen zait, eta, Logroñotik horren urruti ez dagoenez, maiz joaten naiz bisitan. Beti esan dut erretiroa hartzean bertan bizitzea gustatuko litzaidakeela, baina ikusiko dugu zer pasatzen den. Espero dut oraindik urte batzuk ematea futbolean jokatzen.

Minduta joan zinen. Uste duzu aukera zenuela segitzeko?

Bai. Minduta joan nintzen denboraldiko azken egunean esan zidatelako ez nuela segituko. Hori ez da atsegina. Azken batean, ezin izan nituen zaleak zelaian agurtu. Sare sozialen bidez egin behar izan nuen. Bertakoa ez den lehen jokalaria izan nintzen Realean jokatzen, emakumezkoen taldeko aurrena Anoetan gola sartzen, eta Espainiako Kopa irabazi zuen taldean egon nintzen. Beraz, historiaren parte txiki batean banago. Pena eman zidan alde horretatik. Gainera, jokatzen segitu nezakeela erakusten ari naiz denboraldi honetan. Baina, aldi berean, pertsona baikorra naiz. Beti ahalegintzen naiz gauzen alde onei begiratzen, eta Reala uzteak Logroñora etortzeko aukera eman zidan.

Espainiako Kopako finalean bizitakotik zer oroitzapen duzu maiteen?

Zelaira iritsi ginen momentua. Ahaztezina izan zen autobus inguruan hainbeste zale ikustea gu animatzen. Ezin genuen sinetsi bizitzen ari ginena.

Pozik dirudizu Logroñon.

Oso pozik nago hemen. Berriro ere futbolarekin disfrutatzen ari naiz. Sekula baino gogo eta ilusio handiagoa dut, nire bigarren gaztaroan. Taldeari dagokionez, bigarren denboraldia du Lehen Mailan, eta, aurreko sasoian sufritzen aritu eta gero, ez genuen espero hain goian egotea. Baina denboraldi-aurretik oso ondo egin dugu lan, eta uste dut Gerardok [Garcia Leon, entrenatzailea] ezarritako jokatzeko era ondo barneratu dugula. Emaitzak alde izatea asko ari zaigu laguntzen. Helburua ahalik eta puntu gehien pilatzea da, sasoi amaierara estutasunik gabe ailegatzeko.

Alde handia nabaritu duzu Realaren eta Logroñoren artean?

Azpiegituretan antzematen da batez ere. Baina horri ere bilatu diogu konponbidea. Adibidez, ez genuen gimnasiorik, baina gela bat egokitu dugu horretarako, eta izugarri pozik gaude horrekin. Azken batean, Logroñok ez du gizonezko talde baten babesa atzetik, eta hori antzematen da. Giroa,

halaber, gertuagokoa da, eta askoz balio gehiago ematen zaio lanari eta ahaleginari esker lortzen denari.

Kirol arloari erreparatuta, nolako partida espero duzu bihar?

Partida lehiakorra eta parekatua izango da, eta gauza txikiek erabakiko dute. Espero dut zaleek gozatzea eta neurketa ona izatea.

Non egon daiteke zuek garaipena lortzeko gakoa?

Guri baloiaren jabetza izatea gustatzen zaigu, baina jabetza horrek zentzua izan dezala. Zelai erditik aurrera ditugun jokalarien abiadura baliatuz, joko zuzena egin ohi dugu, aurkariaren atzelarien bizkarra bilatuz. Hori lortzen badugu, aukerak izango ditugu.

Nola ari zara ikusten zure talde ohia?

Erregulartasuna falta zaio. Beharbada, kopa irabazi izanaren presioa ere antzematen ari da.

Erasoan ez dute aurreko sasoian zuten argitasuna. Zergatik dela uste duzu?

Bolada onak eta txarrak behar bezala kudeatzen jakin behar da. Golari garrantzi handia ematen zaio, baina askotan garaipenek eta golek taldeek dituzten hutsuneak eta gabeziak estaltzeko balio dute. Beraz, galdu edo irabazi, garranzitsuena da akatsak konpontzea, eta horietatik ikastea.

Realari nola eragin diezaioke Nerea Eizagirrek ez jokatzeak?

Realaren erasoko jokoan eragina izan dezake. Izan ere, futsezko jokalaria da eraso horretan, gakoetako bat. Jokoa ikusteko gaitasun handia du, aurkariak atzean uzteko ahalmena du, bi hankekin moldatzen da ondo eta hegaletan zein erditik joka dezake. Espero dut ahalik eta azkarren osatzea, jokalari onek zelaian egon behar baitute beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.