Mariasun Quiñones. Realeko jokalaria

«Egoera honetan, telebistei apustu bat eskatu behar zaie»

Realak Bartzelonaren zelaian jokatuko du gaur eguerdian. Mariasun Quiñonesek onartu du Superkopako finaleko 10-1a «mingarria» izan zela, baina «konplexurik gabe» ariko direla.

LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Realak proiektu berri bat abiatu du, Natalia Arroyo entrenatzailearen eskutik. Gustura dago Mariasun Quiñones atezaina (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). «Ekarri duen ilusioarekin, eta guk hazteko eta hobetzeko dugun gogoarekin, gauza politak egin ditzakegu».

Aurreko igandean, ziurrenik txandakatzeak tarteko, ez zenuen jokatu. Adriana aritu zen. Ezin duzu lo hartu, ezta?

Hala da. Adriana eta Elene oso gazteak dira, baina sekulako maila dute, eta egunero erakusten dute. Lehia polita dugu. Ander [Ruiz Mitxelena] entrenatzailearekin batera laukote polita osatzen dugu. Elkarri hazten laguntzen diogu, eta hori garrantzitsua da. Jokatzen duenak jokatuta ere, lasai gaude, ziur gaudelako ateratzen denak ondo egingo duela.

Asko aldatu da atezainek lan egiteko duzuen modua Natalia Arroyo iritsi denetik?

Egia esan, nik ez dut aldaketa handirik antzeman. Anderrekin lan egiteko denbora uzten digu, eta gero taktika eta hanketako jokoa lantzeko multzoarekin aritzen gara.

Joko proposamenean, zenbateko garrantzia ematen dio atezainari? Izan ere, baloiaren irteeran gero eta funtsezkoago bihurtzen ari zarete.

Nik uste dut baloi irteera horretan gehiago jartzen duela fokua erdiko atzelarietan. Gonzalorekin [Arkonada], beharbada, garrantzi handiagoa genuen. Baina oraindik goiz da horren inguruan hitz egiteko. Beharbada, orain arte egokitu zaizkigun aurkariekin nahiago izan du beste jokatzeko era bat baliatu. Dena den, ni gustura eta eroso nago jokatzeko era honekin.

Zer balorazio egiten duzu orain arte Arroyorekin abiatu duzuen denboraldiaz?

Pozik gaude. Uste dut lan ona egin dugula. Sentsazioak onak dira, eta ondo egin ditugun gauzekin geratzen naiz, asko baitira.

Zer gauza egiten dituzue ondo?

Lerro artean oso ondo ari gara jokatzen, eta horretarako beharrezkoak diren pase sakon eta neurtuetan asmatzen ari gara.Gainera, presioan eta defentsako lanean asmatzen ari gara. Gauza asko ari gara ondo egiten baloirik gabe.

Atzean sartu eta jokoa trabatzen duten taldeen kontra, ordea, gehiago ari zaizue kostatzen zuen jokoa ezartzea.

Bai, nik uste dut horretan badugula zer hobetua. Erosoago gaude jokoaren ekimena izateko gurekin nor baino nor gehiago lehiatzen den talde bat aurrean dugunean, aipatutako lerro arteko zulo horiek errazago topatzen ditugula. Aurreko igandean, hala ere, atzean ondo sartu zen talde bat [Sporting Huelva] izan genuen aurrean, eta irabazteak konfiantza eman behar digu.

Beti nabarmendu izan da Realaren erasoko jokoa. Baina defentsan ere urrats bat egin duzuela dirudi. Zuk ere hala uste al duzu?

Baietz uste dut. Teknikoki eta taktikoki gero eta atzealde hobea dugu. Nuria [Mendoza] eta ni salbu, gainera, jokatzen ari diren jokalariak oso gazteak dira, eta talentu handia dute: Lucia, Ana, Nuria [Rabano]...

Gaur Bartzelona izango duzue aurrean. Haien aurka jokatu zenuten azken aldian, 10-1 galdu zenuten, Espainiako Superkopako finalean. Asko pentsatu duzu egun hauetan horren inguruan?

Egia da porrot oso mingarria izan zela. Baina hainbat jokalari eta entrenatzailea ez zeuden partida hartan, eta proiektu berri honetan dugun ilusioa baliatu behar dugu, neurketari energiaz eta konplexurik gabe heltzeko.

Ba al dago Bartzelonari irabazteko modurik?

Argi dago oso zaila dela. Baina horretarako aukeraren bat izateko, ezinbestekoa izango da guk ondo egiten dakizkigun gauzak egitea. Nik beti esaten dut funtsezkoena guk egiten dugunari begiratzea dela. Bada, halako partidetan are gehiago. Izan ere, alferrik da haiek egun txar bat izatea guk gure lana ondo egiten ez badugu.

Nola sentitzen zara COVID-19a dela-eta ligan gertatzen ari diren partidak atzeratuta?

Argi dago lehentasuna osasuna dela. Baina kirol ikuspegiari erreparatuta, partida atzerapenek txapelketa desitxuratu egiten dute zertxobait. Izan ere, zuk talde bat postu batean ikusten duzu sailkapenean, eta, beharbada, ez da erreala, zenbait partida dituelako jokatu gabe. Gainera, talde batek jardunaldi batean jokatu ez badu, freskoago irits daiteke hurrengora.

Beldurra ematen dizu emakumeen futbolaren ikusgaitasunean eman diren pausoetan eten bat egoteak?

Beldurra ez, baina bai kezka. Dena den, eman diren aurrerapausoak oso sendoak izan dira. Guztion helburua ahalik eta partida erakargarrienak jokatzea izango da, zaleek guri lotuta jarrai dezaten. Telebistei eskatu behar diegu, halaber, gure futbolaren ikusgaitasunaren alde benetako apustua egitea. Izan ere, bada kontratu bat gure partidak eskaintzeko. Baina zenbat ematen dira? Bada, haiek nahi dituztenak, eta hor eragin beharko dugu. Are gehiago kontuan hartuta momentuz zaleek ezin dutela gu ikustera etorri. Espero dugu baita ere gure ligari profesional izaera aitortzea.

Hala ere, urratsak egiten ari zarete. Egunero Zubietan bazkaltzen duzue, eta beti goizez entrenatzen hasi zarete.

Bai, goizean jaiki eta entrenatzera joatea askoz hobeto da guretzat. Askoz energia gehiagorekin gaude, eguna aurrera joan ahala nekea pilatzen joaten baita. Bestalde, goi mailako kirolean elikadura gero eta garrantzia gehiago hartzen ari da, eta hori zorrotz zaintzea funtsezkoa da. Azken batean, gure izaera profesionala aitortzeko beste bi pauso dira.

Hiru talde sailkatuko dira Txapeldunen Ligarako. Hori da helburua?

Sasoia luzeagoa izango da, eta gorabehera asko izan daitezke. Baina ez diogu ezeri uko egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.