Italiako Giroa

Gutxi iraun dio pozak Vivianiri

Italiarra nagusitu da esprintean, baina epaileek zigortu egin dute, eta Gaviriak eskuratu du garaipena Italiako Giroko hirugarren etapan

Gutxi iraun dio pozak Vivianiri.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Elia Vivianik (Deceuninck-Quick Step) zeharkatu zuen lehenbizi atzo Orbetelleko helmuga, Italiako Giroko hirugarren etapan, baina gutxi iraun zion pozak esprinter italiarrari, epaileek zigortu egin baitzuten, azken metroetan bidea itxi ziolako Matteo Moschettiri (Trek). Hala, bigarren iritsi zenarentzat, Fernando Gaviriarentzat (UAE) izan zen garaipena. Arnaud Demare (Groupama) sailkatu zen bigarren, eta Pascal Ackermann (Bora) hirugarren. Viviani, berriz, lehen taldeko azkeneko postura bidali zuten.

Sailkapen nagusian ere bada aldaketarik. Izan ere, eroriko bat izan zen helmugarako bost kilometro falta zirela; Richard Carapazek (Movistar) 46 segundo galdu zituen, eta Tao Geoghegan Hartek (Ineos), 1.28. Azken hori zazpigarrena zen sailkapen nagusian etapa hasi aurretik. Beraz, Pello Bilbaok (Astana) postu bat egin du gora, eta bederatzigarren da orain, Primoz Roglic liderrarengandik (Jumbo) 42 segundora.

Sure Hatsuyama (Vini Fantini) izan zen eguneko beste protagonista. Japoniarrak aurrera egin zuen etapa hasi eta gutxira, eta makina bat kilometro egin zituen ihesean. Baina tropelak harrapatu egin zuen 72 kilometro falta zirela; hura bakarrik saiatu zen tropelaren zaintzari iskin egiten.

Esprinterrek beste aukera bat izango dute gaur, atzokoaren antzeko saioa baita laugarren etapa, Orbetello eta Frascati artekoa, luzea (228 kilometro) eta gorabehera handirik gabekoa. Vivianik aukera du atzoko kolpea arintzeko; amorru biziz ariko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.