Adriana Cardoso. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Jada sumatzen dugu pistaren falta»

Hegaleko brasildarrak taldearen historiako 25.000. gola sartu zuen azken lehian. Pozik eta harro dago horregatik.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Portugalen behar zuen Adriana Cardoso Bera Berako jokalariak gaur (Fortalez, Brasil, 1990), Brasilgo selekzioarekin egonaldi bat egiten. Baina koronabirusaren krisiak hankaz gora jarri du eskubaloia ere.

Nola ari zarete bizitzen egoera?

Gu ohituta gaude jarduera fisiko eta bidaia asko egitera. Beraz, gogorra da denbora guztian etxean egotea eta ohi baino kirol gutxiago egitea. Baina ahalik eta ondoen daramagu. Etxean ditugun baliabideekin entrenatzen ari gara, eta prestatzaile fisikoak egindako plangintzari segitzen. Guk ez dugu gimnasiorik etxean, futbolari askok sare sozialetan erakutsi duten moduan. Albaren [Menendez taldekidea] aitak bizikletak eta arrabolak zituen, eta etxera ekarri ditugu. Horrekin ari gara entrenatzen. Gomak eta hondartzako esterak ere baditugu, eta horiek ere erabiltzen ditugu. Elikadura ere zorrotz zaintzen ari gara.

Zuek egunerokoan hainbeste kirol eginda, psikologikoki gogorra egingo zaizue ez egitea, ezta?

Bai. Gure egunerokoa hori da, eta jada sumatzen dugu baloiaren eta pistaren falta. Whatsappeko taldean elkar motibatzen dugu.

Hainbat txapelketa ez direla amaituko dirudi. Beldur zarete horretaz?

Ez, ez. Liga, berez, maiatz amaieran bukatuko beharko litzateke. Argi dago luzatu egin beharko dela egutegia, baina uste osoa dut amaitu egingo dugula. Arazo bakarra izan daiteke klub askok hamar hilabete ordaintzen dietela jokalariei, eta, alde horretatik, kontratuak egokitu beharko lirateke, normalean ekaina izaten baita ordaintzen ez den hilabeteetako bat. Baina egoera berezia da, eta traba hori ere gaindituko da

Zu sukaldaritza ikasten ari zara, Karlos Argiñanoren eskolan. Gutxienez ikasteko aprobetxatzen arituko zara, ezta?

Bai. Zorionez, eskola praktikoak ostiralean amaitu genituen, eta orain Internet bidez jasotzen ditugu eskolak eta egin beharreko lanak. Egia esan, izugarri disfrutatzen ari naiz. Aspalditik nuen sukaldaritza ikasteko gogoa, eta horrek ere laguntzen dit ordu batzuetan eskubaloiaz ahazteko, eta jende berria ezagutzeko.

Lehiari dagokionez, eta orain artekoa kontuan hartuta, liga oso ondo bideratua duzue, ezta?

Oraingoz, bai. Baina ez gara fio. Aurreko sasoian ere alde bera ateratzen genion Ro'Casari, eta gero galdu egin genuen liga. Lanean jarraitu behar dugu. Etxean jokatu genuen azken partida, Teneriferen aurkakoa, oso ona izan zen hasieratik. Arreta eta intentsitate handiz atera ginen, eta hala segitu genuen amaiera bitarte. Txapelketa itzultzen denean Elxen pabiloian jokatzea tokatzen zaigu, bigarren sailkatuaren pabiloian. Askok diote partida erabakigarria dela, final baten parekoa. Baina niretzat ez. Ez digu ezertarako balioko Elxi irabazteak, ondorengo partidetan huts egiten badugu. Partida bakoitza jokatu behar dugu final bat balitz bezala, eta intentsitate eta seriotasun berarekin lanean jarraitu.

Aurreko denboraldian gertatutakoak balio izan zizuen Teneriferen kontra intentsitate horrekin ateratzeko?

Nik ez nuen zuzenean horretan pentsatu, baina, beharbada, lagundu zigun. Gure helburu bakarra partida guztiak irabaztea da, eta sentipen onekin jarraitzea.

Non dago taldea hain ondo egotearen gakoa?

Ez dakit. Baina gauza guztiak ondo lerratzen ari dira. Dena den, bi arrazoi aipatuko nituzke: batetik, taldean dugun giro ona, eta, bestetik, partida guztietan erakusten ari garen grina. Izan ere, lehen, zenbait partidetan, sartzea kostatzen zitzaigun. Orain, berriz, gai gara partida guztian intentsitateari eta abiadurari eusteko, eta hala jarraitu behar dugu. Hori egiten badugu, zaila da guri irabaztea, taldeak kalitate handia baitu. Horri eutsi behar diogu.

Denboraldi honetan etorritako fitxaketek zer eman dizuete?

Asko. Oso azkar egokitu ziren, eta berehala barneratu zuten taldearen jokatzeko era eta filosofia. Gehienak oso gazteak dira, eta horrek bizitasun eta ausardia puntu bat gehiago eman dio taldeari, lehiakortasuna handitzearekin batera. Nahiz eta arrastoan ere sartu behar ditugun noizean behin [barrez], eta gogorarazi taldearen balioak eta filosofia, aspalditik baitaude ezarrita.

Ro'Casa zuengandik hain urruti egotea ezustea izan da?

Galtzea espero ez genuen partida batzuk galdu ditu. Baina ez diogu erreparatu behar aurkariek egiten dutenari, baizik eta gure lana ondo egin, eta dugun abantaila baliatu.

Taldearen historiako 25.000. gola sartu zenuen Teneriferen kontra. Pozik egongo zara, ezta?

Egia esan, partida amaitu arte, ez nintzen jabetu hamabi gol sartu nituela eta horietako bat 25.000.a zela. Oso pozik nago. Denboraldi hasieran ez nintzen gustura aritu; ez nintzen nahi bezala hasi. Psikologikoki ondo nengoen, eta entrenatzen ere bai. Baina partidetan ez nion taldeari nahi nuena ematen. Ziur nengoen gauzak aldatu egingo zirela, eta hala izan da.

Hegalekoentzat funtsezkoa da golak sartzea. Buruari asko eragiten diozu baloia sartzen ez denean?

Ez, egia esan, ez. Ni beti izan naiz oso pertsona baikorra, eta garbi daukat ilusioz eta tinko lan eginez gero, gauzak azkenerako atera egiten direla. Taldea bolada onean egoteak ere lasaitasuna eman zidan, eta Maitane [Etxeberria] ere ondo ari zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.