Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Iruditzen zait objektu gisa erabili gaituztela jokalariak»

Anaitz Arbillari ez zitzaion gustatu jokalariei ezer ez galdetzea lehiaketaren itzuleraz, baina, jokatzen hasi direnetik, taldearen geroak eragiten dio kezka. Eibarrek Valentzia hartuko du gaur Ipuruan.

Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Anaitz Arbilla (Iruñea, 1987) Eibarreko kapitainetako bat da, eta badu zer esan taldearen egoeraz. Uste du hiru bat partida irabazita mailari eusteko moduan izango dela. Gaur du aukera, Valentzia baitator Ipuruara (19:30). Beste kezka batzuk ere izan ditu, ordea, futbola geldirik egon denean, eta ez zaio gustatu kirol horretako agintariek jokalariekin izandako jarrera.

Ondo jokatzen ari zarete, baina bi puntu bakarrik lortu dituzue. Uzta eskasegia, egin duzuen jokorako?

Martxoan, Liga eten zenean, ez geunden ondo. Jokoa ez zen ona, eta puntu oso gutxi ari ginen ateratzen. Sekulako lana egin dugu konfinamenduan, bakoitzak bere etxean, eta elkarrekin entrenatzen hasi garenean ere oso ondo jarraitu dugu lanean. Beste itxura bat dauka orain taldeak, eta pozik gaude, baina hiru partida irabazi behar ditugu mailari eusteko. Ea lehenbailehen lortzen dugun aurreneko garaipena, eta joko onari puntuak gehitzen dizkiogun.

Gaitz erdi; izan ere azken hiru taldeak, Espanyol, Leganes eta Mallorca, ez dira irabazten ari.

Hori da. Garrantzitsua da, bai. Elkarren arteko partidaren bat ere jokatu dute, eta emaitzak onak izan dira guretzat. Talde horiek lauzpabost puntura izatea garrantzitsua da guretzat.

Partida asko ari zarete jokatzen, eta horrek berak ere nahiko aztoramendu ez al dizue eragiten?

Zaila da. Ez dago denborarik betiko entrenamenduak egiteko. Partidak prestatzeko bakarrik ari gara erabiltzen. Eskerrak partidaren egunean bidaiatzen ari garela; horrek arindu egiten du egoera hau guztia. Baina ez da eramaten erraza.

Eibarren ezaugarrietako bat da, hain zuzen, entrenamendu biziak egiten dituzuela. Egoera honetan ezin horrelakorik nahi beste egin?

Hori da. Lehiatzea bakarrik dugu buruan, eta ondo prestatzea da helburua orain, fisikoki ondo egotea.

Hiru egunetik behin jokatuta,gorputza bere onera etortzen zaizue partidatik partidarako tartean?

Osotasunean, ez. Astean bi partida joka daitezke, baina hiru... Hirugarrenean, nekea sumatzen hasten gara. Oraingoan, behintzat, larunbatetik [Getafen jokatu zuen Eibarrek] gaur arte, egun bat gehiago izan dugu indarberritzeko.

Non antzematen duzue ez zaudetela erabat indarberrituta partida batetik bestera?

Giharretan. Hauspoa ondo izaten dugu, baina hankak, ez, eta egun gehiago beharko lirateke erabat ondo egoteko. Baina talde guztiak gaude berdin, eta denok jokatu behar dugu horrekin.

Nekeak neke, ondo lehiatu beharrean zarete, azkeneko txanpa baita, eta dena erabakiko baita orain.

Bai. Ez da ligaren hasiera, eta talde guztiek daukagu zerbait jokoan; buru aldetik prest egon behar dugu. Ondo gaude horretan ere, eta espero dut horrela segitzea.

Valentzia, gaurko aurkaria, puntuak lortzen ari da. Talde arriskutsua da.

Oso jokalari azkarrak eta teknikoak dauzka, baina guk gureari begiratu behar diogu, eta ondo gaude. Oso garrantzitsua izango litzateke gaur irabazi eta 32 puntura heltzea, eta ea atzerago lagatzen ditugun aurkari zuzenak. Hala ere, uste dut azkenera arteko borroka izango dela.

Taldean presioa nabari zaizue, asko baitaukazue jokoan.

Urduri gaude, eta denok nahi dugu irabazi. Elkarri eskatzen diogu dena ondo egiteko, eta tentsio hori antzeman egiten da. Partida bat irabazi behar dugu, joko on honekin garaipena lortzeko gai garela ikusteko.

Zer da ikuslerik gabe jokatzea?

Hasieran arraroa zen, dena entzuten baita; protestak, batez ere. Baina bagenekien barneratu egin behar genuela egoera hau, eta ohitu gara pixkanaka.

COVID-19arekin lotutako beldurrak gutxitu zaizkizue?

Bai. Entrenatzen hasi behar genuenean, maiatzean, kutsatze eta heriotza asko zeuden. Orain, ikusi dugu eguneroko bizitzan egoera bere onera etortzen ari dela. Futbolak sekulako indarra egin du berriz hasteko edozein egoeratan, eta ez dakit ondo edo gaizki dagoen, baina objektu gisa erabili gaituzte jokalariak. Dena den, garrantzitsuena izango da mailari eusteko helburua gauzatzea.

Erabili egin zaituztela sentitzen duzu?

Badakigu gurea lana dela eta betebeharrak ditugula, beste guztiek bezala. Baina hasiera izan zen izan zen bezalakoa, eta ez ziguten ezer galdetu. Zalantzak geneuzkan, baina inori ez zitzaizkion axola. Egoera orokorra gogorra zen. Nik neuk uste nuen azkarregi hasi ginela, baina orain lasaiago nago, egoera orokorra ere hobea delako.

Eibarreko jokalariek agiri bat plazaratu zenuten zuen kezken berri emateko. Zein zen helburua?

Sentitzen genuena azaldu genuen. Agiriaren helburua ez zen adieraztea ez genuela jokatu nahi. Beldurra genuela jakinarazi nahi genuen.

Zure inguruan ere sortu zen eztabaida, eta zabaldu zen ez zenuela entrenatu nahi. Zer gertatu zen?

Arazo txiki bat izan nuen,baina ez nuen polemika sortu nahi klubean. Egun hartan, Ipuruara joan nintzen entrenatzera, eta nahiago nuen lehen entrenamendu egunean han egon. Hitz egin nuen entrenatzailearekin, eta ez nuen hasi nahi azalpenak ematen, klubarekin akordio bat lortua genuelako.

Jakin daiteke zer zen arazo hori?

Ez, hor utziko dugu.

Jokalari batzuei kontratua bukatuko zaie ekainaren 30ean, eta egun horretatik aurrera jarraituko duten edo ez ez jakiteak ez du taldeko giroa nahasten?

Ez naiz sartuko gai horretan. Ez dakit nola dagoen egoera, eta klubak eta jokalari horiek ikusiko dute zer egiten duten, akordio bat egin kontratuak luzatzeko, edo ez. Geratzen garenok badugu konpromisoa lanean segitzeko, eta badakigu zer eta nola egin behar dugun.

Demagun batek edo batzuek ez segitzea erabakitzen dutela hil amaieratik aurrera. Kapitainetako bat zaren aldetik, zerbait leporatuko zenieke agurtzerakoan?

Ez da nire arazoa, eta beraiek ikusiko dute zer den hoberena. Erabaki bat dago hor, eta bakoitzak ikusiko du zer egiten duen; hemen ezin da inor behartu jarraitzera. Taldea ari da erakusten edozeinek jokatuta ere ondo lehiatzen ari dela, eta hori da garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.