Ethan Hawke aktoreak ere jasoko du Donostia saria

Aktorearen «lan ibilbide bikaina» omenduko du Zinemaldiak, irailaren 17an. Sigourney Weaverrek ere jasoko du saria aurten
Ethan Hawke, erdian, iazko Kritikaren Sarien ekitaldirako bidean, Hollywooden (AEB).
Ethan Hawke, erdian, iazko Kritikaren Sarien ekitaldirako bidean, Hollywooden (AEB). MICHAEL NELSON / EFE

Ander Perez -

2016ko abuztuak 25
Donostiako Zinemaldiak joan den ekainean iragarri zuen aurtengo Donostia saria Sigourney Weaver aktoreak jasoko zuela, baina atzo, oharkabean, beste izen bat gehitu zion jaialdiko omenduen zerrendari. Weaverrekin batera, Ethan Hawke aktore, gidoilari eta zuzendariak ere (Austin, Texas, AEB, 1970) jasoko du ibilbidea aitortzea xede duen saria. Irailaren 17an jasoko du gorazarrea, The Magnificent Seven haren filmaren emanaldiaren aurretik.

Donostiako Zinemaldiak, atzo zabaldutako ohar batean azaldu zuenez, Hawkeren «lan ibilbide bikaina» goratu nahi du sariaren bitartez. Haren izaera «polifazetikoa» ere nabarmendu dute, eta horrekin lotu dituzte rol ezberdinetan egindako lanak, aktore, gidoilari eta zuzendari modura egindakoak. «Desafioak edukitzeari beldur gabea», halaxe aurkeztu du Zinemaldiak aktorea.

Richard Linklater zuzendariarekin lankidetzan egindako proiektuak dira Hawkerren lanik ezagunenak. Boyhood laudatu eta txalotuan rol garrantzitsua antzeztu zuen, eta Oscar sarietarako hautagaitza ekarri zion lanak, gizonezko aktore onenaren sailean. Orduko hartan, zortzigarren aldiz jardun zuen Linklaterrekin batera. Aurretik, zuzendariaren Before Sunrise, Before Sunset eta Before Midnight filmek osatutako trilogia ezagunean rol protagonista bete zuen, Julie Delpy aktorearekin batera. Sagako azken bi pelikuletan, gainera, gidoilari lanak egin zituzten Hawkek eta Delpyk, Linklaterrekin batera. Hirukoteak Oscar sarietarako hautagaitza jaso zuen bi gidoiengatik.

Aurretik ere gertutik usaindua zuen aktoreak Oscar saria. 2002an jaso zuen,hain zuzen ere, bere lehen izendapena, taldeko gizonezko aktorerik onenaren kategorian, Denzel Washingotenekin batera filmatutako Aintone Fuquaren Training Day filmarekin. Esku hutsik geratu zen orduan, gainerakoetan bezalaxe.

1985ean egin zuen debuta zineman, eta, ordutik, dozenaka filmetan hartu du parte. Horietako batzuk dira Dead Poets Society, Great Expectations, Hamlet eta The Purge. Donostiako Zinemaldian Antoine Fuquak zuzendutako The Magnificent Seven filma aurkeztuko du Hawkek. Izen bereko 1960ko film ezagunaren remake-a da pelikula, eta Veneziako zinemaldia itxi ostean iritsiko da Donostiara. Irailaren 17an emango dute filma, saria banatu ostean. Sigourney Weaverrek, berriz, irailaren 21ean jasoko du Donostia saria, eta, haren kasuan ere, A Monster Calls haren azken filmaren proiekzioa izango da saria emateko galan.

Hawkek, gainerakoan, idazle gisa ere jardun du —lau eleberri ditu argitaratuak—, eta gidoilari lanetan ere aritu da. Aktore lanetan dabil, ordea, buru-belarri, eta azken urtean egindako lanek —batik bat, Robert Budreauren Born to Be Blue filmean egindakoak— kritika onak jaso dituzte. Iaz, bera protagonista den Alejandro Amenabarren Regression filmarekin estreinatu zen Zinemaldia, baina Hawkek ez zuen Donostiara bidaiatzerik izan. Aurten, bai.

Frantziako zinema, hasteko

Enmanuelle Bercotek zuzendutako La fille de Brest / 150 Milligrams filmak inauguratuko du Donostiako 64. Zinemaldia, irailaren 16an. Frantziako zuzendariaren bosgarren lana Irene Frachon sendagilearen Mediator 150 mg liburuan dago oinarritua, eta botika baten kontsumoaren eta Bresteko ospitalean jazotako heriotza susmagarri baten arteko lotura kontatzen du. Sidse Babett Knudsen eta Benoit Magimel aktoreek antzeztuko dituzte rol nagusiak. Filma Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna