Albistea entzun

Durangoko 52. Azoka. Eguneko kronika

Etorkizuneko sortzaileak

Ikasleek bete dituzte Landako guneko korridoreak Durangoko 52. Azokan. Haiei begirako hainbat tailerretan parte hartzeaz gain, sortzaile gogokoekin argazkiak ateratzeko baliatu dute goiza askok
<b>Argazkiak. </b>Liburuak eta diskoak begiratu ez ezik, gogoko sortzaileei sinadurak eta argazkiak eskatu zizkieten ikasle gazteek.
Argazkiak. Liburuak eta diskoak begiratu ez ezik, gogoko sortzaileei sinadurak eta argazkiak eskatu zizkieten ikasle gazteek. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2017ko abenduak 8 - Durango

«Non uste duzue idatzi zituztela lehen liburuak?». Maite Mutuberriak bota zien galdera ikasleei. Isilik zeuden taldekide gehienak, baina bada beti lehen erantzuna botatzera animatzen den norbait. Eta harrietan idatzi ahal izan zirela erantzun zion ilustratzaileari neska gazte batek. Ez zebilen oso erratuta, geroago guztiek ondorioztatu ahal izan zutenez, baina pauso bat atzerago eraman nahi izan zituen Mutuberriak aurrena: esan zien buruan, hantxe sortzen dela lehen-lehenik liburu oro. Zer pentsatua emango zien ziurrenik Liburu bat egingo dut tailerrean parte hartzeko Landako guneko areto nagusian bildu ziren gazteei. Agian, irakurle ez ezik sortzaile ere izan daitezkeela pentsatuz aterako zen bat edo beste handik. Eta agian, sortzailea izango da haietakoren bat etorkizunean.

Ohikoan, Durangoko Azokako lehen eguna izan ohi da ikasleena, baina haiek bigarren egunaren protagonistak izango zirela erabaki du aurten egutegiak. Azokak ateak zabaldu eta berehala hasi ziren lehen taldetxoak korridoreetan barrena sartzen, eta ehunka gaztek hartu zituzten goiz osoan azokako gune eta areto gehienak. Liburuak eta diskoak begiratzeko ez ezik, gustuko egileen sinadurak biltzeko edo haiekin argazkiak ateratzeko baliatu zuten eguna askok. Baina baita haientzat prestatutako tailerretan parte hartzeko ere. Eta bazuten non aukeratua.

Liburu bat sortzeko prozesuaz aritu zitzaien Mutuberria lehen orduan areto nagusira bildu ziren gazteei. Bortzirietako (Nafarroa) Tokiona institutuko 30 bat ikasle, 15-16 urte ingurukoak, borobilean eseri ziren aretoan, erdian askotariko liburuak zituztela. Euskal Editoreen Elkarteak antolatu zuen tailerra, hainbat udalerritan aurrera eramaten ari den proiektuaren erakusle ere badena. «Haur eta gazteei liburuak hurbildu eta nola egiten diren azaltzeko proiektu bat da, editoreen lanbidea ezagutarazteko. Izan ere, editoreen lanbidea ez zaie hain ezaguna». Mokotxiki (Pamiela), Leire Bilbaorekin plazaratu berri duen liburua hartu zuen adibide gisa sorkuntza prozesuaren zirrikitu guztiak azaltzeko. Baina aurrena beste hainbat liburu ibili zituzten gazteek eskuz esku, askotarikoak gainera: irudiz lagundutakoak, testu hutsez osatuak, braillez idatzitakoak... Liburuen historiari berari ere egin zioten errepasoa, harrian idatzitako piktogrametatik hasi, eta gaur egungo liburu elektronikoetaraino. Eta jarraian heldu zioten editoreak liburuen sortze prozesuan hartu beharreko erabaki katea aztertzeari, testuetatik hasi, ilustrazioetatik eta diseinu orokorraren ingurukoetatik pasatu, eta inprentarainoko bidea egiteko. Amaiera aldean, atal praktikoago baterako tarterik ere izan zen.

Praktikatik teoriatik bezainbeste izan zuen beste bi sortzailek Ahotseneko solasgunean emandako ikastaro laburrak. La Basu eta Aneguria rap abeslariek Musika hiri-kulturak: Rap tailerra eskaini zuten, eta aretoa bete zuten ikasleek, Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko 13-14 urteko neska mutikoak gehienak. Duela lau urte Eskina Femenina proiektua sortu zuten bi abeslariek, hip hoparen munduan emakumeen lanak zabaldu eta erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Eta ildo beretik mintzatu ziren gazteen aurrean, rapa emakumeena eta euskararena ere baden esparru bat dela nabarmenduz.

Gazteek adi entzun zituzten hip hop kulturaren inguruan eman zizkieten azalpenak, zeintzuetan grafitiak, turntable-ak, breakdance-a eta beste hainbat hitz gako tartekatu ziren, baina galderak eta adibide praktiko ugari ere sartuz une oro. Musikaz ez ezik, ikus-entzunezkoez ere lagundu zituzten azalpenak. Gazteei helarazi nahi zieten mezuetako bat argiago erakusteko, adibidez, breakdance txapelketa bateko bideoa jarri zuten. Txapela irabazi zuen sei urteko neskato bat ageri zen irudietan, dantza bizian, eta amaieran, eskuarekin lepoa aldez alde zeharkatzeko keinua egiten. Ea keinu hori zer iruditzen zitzaien galdetu zieten biek gazteei, haien ustez hip hopean eta rapean irainak sobran daudela nabarmentzeko. Hain zuzen, rapean gero eta indar handiagoa hartzen ari den eredu bat dela salatu zuten. Aneguria: «Zuk zerbait oso ondo egiten baduzu, ez duzu zertan bestea iraindu, ez da beharrezkoa. Eta gaur egun rapean ikusten ari garena da jendeak iraina eta bestearekiko iseka erabiltzen dituela bestearen gainetik jartzeko». Oilar demak jarri zituen La Basuk horren adibide, eta haietan oso emakume gutxi ikusi ohi direla ohartarazi: «Gu hasi ginenean, halako lehiak ere egiten genituen parkean, baina ez ziren irainetan oinarritzen. Guk beti izan dugu oinarri rap sanoa». Edonola den, sorkuntzarako bide egokia nork bere baitan bilatu behar duela esan zien gazteei Aneguriak: «Zuetako bakoitzak zuen buruan duzue pentsatzeko gaitasuna, eta musika egiterakoan erabiltzen duzuen hizkuntza da gakoa, gure ustez; oso garrantzitsua da bakoitzak bere hizkuntza erabiltzea: hori norbere esku dago».

Ezin beste modu batera, eta rapean bukatu zuten solasaldia bi kantariek, ikasleek bertan ikasitako rap erritmoa txaloka markatuz laguntzen zietela.

Argazki eta sinadura bila

Ikastaroren batean ez zegoen gaztea korridoreren batean aurrera eta atzera ibiliko zen atzo goizean Landako gunean. Posterrez betetako poltsa bana zeramaten eskuetan mutiko batzuek, eta Argia-ren mahaian jasotako letxuga banarekin, berriz, pozik hartu zuten kalerako bidea bi neskatok. Izan zen liburu artean kuxkuxean ibili zenik, eta ilara luzea osatu zen atzo ere Toti Martinez de Lezearen Nur bildumako aleren batean idazlearen sinadura bat lortzeko. Dena dela, musikarekin interesatuago ikusten zitzaien beste askori. Gatiburen diskoak erosi zituzten hainbatek, taldeko kide batzuk sinadurak oparitzen ari zirela baliatuta. Izaro Andres musikariaren erakusmahaira hurbildu ziren beste asko, erostera batzuk, edo sinadura bat eskatzera beste batzuk. «Gehienek sinadurak eskatu dizkidate; ume askok esan didate gurasoek ez dietela dirurik ekartzen utzi, eta koadernotxoarekin sinadurak eskatzen ibili dira», kontatzen zuen musikariak, irribarre batez. Herenegun ere izan zen azokan, eta egun bateko eta besteko bisitarien arteko aldea nabaritu zuen musikariak. «Umeak hurbilagokoak dira, zuzenean datoz zugana, ez dute lotsa puntu hori. Polita da ezberdinak izatea eta biak tartekatzea». Era berean, esan zuen jabetua zela bere diskoa erostera etorritako gazteek sare sozialen bidez zutela haren berri.

Zea Mays taldekoek ere lagun kuadrilla zuten inguruan eguerdian, eta diskoak saltzen ez ezik, haiekin argazkiak ateratzen ere ibili ziren taldekideak. «Agian 30 argazki egingo genituen, eta hamarrek erosiko zuten diskoa; beraz, ez dago gaizki», kontatu zuen Aiora Renteria abeslariak, irribarrez hark ere. Institututik lan moduan bidalitako galderen erantzunen bila hurbildu zitzaizkien beste hainbat. Eta txikienak, sinadura bila haiei ere. «Egun kuriosoa da ikasleena; gustura gabiltza». 20. urteurrena du taldeak, eta adin horretara ez ziren heltzen atzoko bisitari gehienak. «Asko gu baino geroago jaio dira, eta inpresioa ere egiten du horrek, baina polita da: haien bizitza osoan egon gara era batean edo bestean!», irribarrez berriro Renteriak. Pareko erakusmahaian, beste gazte saldo batek inguratuta, Berri Txarrak taldeko hiru kideak; haiek ere irribarretsu hartu zituzten argazki eta sinadura eske hurbildutakoak.

Helduentzat ere bai

Ikasleak bai, asko, baina helduak ere bildu ziren atzoko egunez azokara. Landako ez zen bezperan bezain beteta egon une oro, baina, halere, jende asko ibili zen atzo ere. Eta hara joan zirenek izan zuten zer dastatua.

Goizeko tailerraren ondotik, aurkezpenen zaparradak hartu zuen berriro ere Ahotseneko solasgunea, eta lepo beteta egon zen hainbat ekitalditan, hala nola Jon Maia bertsolariak Berriak jaio ginen bere liburua aurkeztu zuenean eguerdia aldera, edota Katakrak-eko kideek Silvia Federiciren Soldataren patriarkatua azaltzean, arratsaldean. Kanpoko karpan, kontzertuek ere ez zuten etenik izan atzokoan: beste askoren artean, Deus Ez eta Tenpora taldeak izan ziren oholtzan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.