Amaia Gezala. Hibaikako entrenatzailea

«Ez dugu beldurrik, lotsagabe ari gara»

ETE ligako liderra da Hibaika, lehen hiru estropadak irabazi eta gero. Ezin hobeto hasi du entrenatzaile ibilbidea Gezalak, baina, emaitzak emaitza, ez du ahaztu beste nahi hau: «Gazteei erakustea ikasitakoa».

Aitor Manterola Garate.
<i>Errenteria</i>
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Hibaikako emakumezkoen taldeko arraunlariek jai dute, baina Amaia Gezala entrenatzaileak ez (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987). Klubean da, «brikolajea egiten». Izan ere, beti dago zer egin edota zer konpondu traineruetan. Badu beste kezka txiki bat ere: «Ez daukagu lekurik eseri eta lasai hitz egiteko», esan du. Azkenean, aldagelan erantzun ditu galderak, kirolarientzat hain leku berezia eta babesgarria den horretan.

Hasiera paregabe hau izango zenutenik amestu ere ez zenuen egingo, agian.

Hasi aurretik denok sinatuko genuen, eta egia da hasiera ona egiteko oso ondo prestatu garela, ekaineko puntuek abuztukoek bezalaxe balio baitute. Ondo atera zaigu prestaturikoa, eta espero genuen goian ibiltzea, baina hiru bandera segidan irabaztea, inondik ere ez.

Ez zarete irabazle-irabazleak izan Hibaikan, banderak lortu arren. Beti izan duzue talde bat goian. Nola bizi duzue oraingo egoera?

San Juanen itzala luzea izan da azken bost urte hauetan, eta orain pozik gaude emaitza hauekin. Konfiantza ematen digu lanean jarraitzeko.

Hasiera ona egiteko prestatu zarete, baina horrek ez du esan nahi zerbait gordetzen ari ez zaretenik geroko, ezta?

Hemendik iraila bitartean badugu hobetzeko tartea, eta badakit tarte hori handi samarra dela. Oraindik segundo batzuk azkarrago ibil gaitezke. Gaitasuna ikusten diot, behintzat, taldeari.

Eremu eta modu guztietan irabazi duzue hasiera honetan: ibaian erlojuaren aurka, eta ibaian nahiz itsasoan, ohiko eran. Denera ondo moldatzea oso garrantzitsua da, ezta?

Estropada bereziak izan dira. Lehen biak ibaian izan ziren, eta, halakoetan, estropadak gogortu egiten dira. Hirugarrena ere, Donibane Lohizunekoa, itsasoko bakarra oraingoz, gogorra izan zen, haize handia zebilelako, eta indarra behar zelako lan ona egiteko. Talde indartsua daukagu halako egoeretarako. Ikusi egin behar beste baldintza eta eremu batzuetan nola moldatzen garen. Agian ez gara hain ondo ibiliko, ez dakit. Orain arteko zailtasunei ondo erantzun diegu, behintzat.

Hibaikaren helburua igoera kanporaketan sartzea da?

Taldea joan da helburuak jartzen denbora pasa ahala. Arraunlariok ikusi dugu ondo ari ginela lanean, eta trainerua bazebilela. Denboraldi-aurreko estropadetan ere ikusi dugu gai izango ginela orain goian ibiltzeko, eta, azkenean, guk geuk jarri diogu helburua geure buruari kanporaketan egoteko. Behintzat goian ibiltzeko asmoa daukagu, ligaren borrokan.

Ligako lehen bi sailkatuek jokatuko dute igoerako kanporaketa, eta hirugarrenari, Tolosaldeari, zortzi puntuko koska ateratzen diozue. Hasiera izateko, ez al da asko?

Bai, baina bost talde ari gara antzeko denborak egiten, tarte txikian, eta huts eginez gero egun batean, gera zaitezke bosgarren, eta puntu asko galdu. Oraintxe, nire helburua da, irabazten segitzeaz aparte, ez egitea huts handiren bat, puntu asko ez galtzeko.

Talde gaztea duzu gehienean.

Bai, beterano batzuk ere bagauden arren. Gazteen gainean osatu dugu taldearen bizkarrezurra, eta beteranoak haiei laguntzeko gaude, osatzeko. Nahi dugu gazte hauek ahalik eta urrunen iristea, eta gure laguntza izango dute.

Zuk esana da emakumezko talde guztien helburu nagusiak izan behar duela arraunlari gazteei arraunean egiteko aukera ematea.

Ezinbestekoa da hori emakumeen arraunak aurrera jotzea nahi badugu. Bidea da harrobikoekin taldeak osatzea, eta harrobiko arraunlari horiek identifikatuak sentitzea bakoitza bere taldearekin. Bertan arraun egin nahi izatea da gakoa, horrela egingo garelako handi talde guztiak.

Araudian, orain, gizonezkoen eredua hartu da, eta arraunlari bakoitzak zehaztua du bere egoera: berezkoak zaudete, etxekoak eta kanpokoak. Zer iruditzen hau dena?

Ni neu ez nago ados. Kirolariak kirola egiten du nahi duelako, eta askatasuna behar du. Dirua ordaintzea talde batetik arraunlari bat ateratzeko ere ez zait ondo iruditzen. Oztopoa da emakumeen arraunerako. Klub guztiek ez dute dirurik, eta, ondorioz, kirolari batzuen kirol bizitza mugatu egiten da, denek ez baitute gaitasuna arraunlari bat bere taldetik mugitzeko, eta, gainera, talde batean gustura ez dagoenak ezingo du taldez aldatu ez badago klubik harengatik ordaintzeko.

Nola dago orain emakumezkoen arrauna?

Gure ligan talde asko daude, eta aukera gehiago dago horrela eginda lehiakortasuna sustatzeko. Iaz liga txukuna atera zen, eta aurten ere, 11 talderekin, bide beretik goaz. Talde guztiok dakigu zer nahi dugun, eta non gauden.

Talde on gehiago daude orain lehen baino?

Baietz uste dut. Lehen, bizpahiru talde oso goitik zeuden, eta besteak, azpitik. Orain, pentsatzen dut Orio iritsiko dela talde handi haien denborak egitera, eta besteok agian ez, baina, orokorrean, txukunago gabiltza talde guztiak. Lehia zenbat eta handiagoa izan, hobeto guztiontzat.

Talde handi horietako batzuk izan dituzu zuk kontrario, eta ezin irabazi askotan. Liga hasiera bikain honekin ari zara ateratzen nolabaiteko arantza hori?

Ematen du konplexu antzeko bat izan dugula Hibaikan horregatik, eta buelta eman behar zaio horri. Daukagun taldeak ez du ezeren beldurrik, gaztetasunagatik ziurrenik, eta guztiaren bila ateratzen ari gara estropadetan, lotsagabe puntu batekin.

Entrenatzaile zaren aldetik, izaera horri bide eman behar diozu, ezta?

Taldeek nortasuna eduki behar dute, eta honek badu: oso borrokalariak gara, onerako eta txarrerako. Jende jatorra dago, garai txarrak ere pasa ditugun arren. Adibidez, azterketa garaietan zortzi arraunlarik esatea ez datozela entrenatzera. Halakoetan, ezin osatu, eta kezka sortzen zidan. Bukatu dituzte, eta, gainera, nota onekin [barrezka].

Lehen, arraunlari bakarrik zinenean, halako egoerek orain baino gutxiago kezkatuko zintuzten, ziurrenik.

Bai. Lehen, norbait ez bazen ondo sentitzen, laguntzen zenion; baina, orain, gehiago, entrenatzaile ere naizen aldetik.

Zergatik eman zenuen entrenatzaile izateko pausoa?

Banuelako gogoa gazteei nik neuk urteetan bizi izandako guztia erakusteko. Berezko zerbait balitz bezala hartu dut entrenatzaile izateko pausoa ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.