Aitor Bengoetxea. Musika Bulegoko lehendakaria

«Kultura eta musika aintzat hartzea; hori falta izan zaigu»

Bengoetxeak zail ikusten du koronabirusaren krisiaren eraginez galdutakoa berreskuratzea. Erakundeei eskatu die kultura ere eragile ekonomiko gisa hartzeko. Babes handiagoa galdegin du.

JON URBE / FOKU.
aitor biain
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia arrasto sakona uzten ari da kulturan, eta musika da kalte hori gehien nozitzen ari den esparruetako bat. Sektorearentzat «kolpe gogorra» izan dela dio Aitor Bengoetxea (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) Euskal Herriko Musika Bulegoko lehendakariak; «bat-bateko krak bat» eragin du lehendik ere kolpatuta zegoen industrian. Babesa eskatu du ondorioei aurre egin ahal izateko.

Krisiaren eragina zertan ari zarete nabaritzen?

Kolpeak bete-betean harrapatu gaitu. Beste sektore askotan bezala, musikaren sektorean ere balio kate osoari egin dio kalte krisiak: ez dago zuzeneko kontzerturik, eta musikariak ezin du lanik egin, baina teknikariak ere ez, aretoak ere ez, sarrerak itzuli behar dira, aretoetako ostalaritza zerbitzua ere ez dabil... Kate horretan agente asko dago, eta oso gogor jo gaitu.

Erakundeek iragarri dute neurriak hartuko dituztela krisiaren kalteei aurre egiteko. Zuen kasuan, horren faltarik izan duzue?

Bai, noski. Beste sektore batzuei laguntzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute, baina kulturaren kasuan ez da ezer aipatu, eta, are gutxiago, musikaren inguruan. Aintzat har gaitzatela, horren falta sumatu dugu. Eskatzen duguna da, gutxienez, esatea babesa egongo dela edo galerak kontuan hartuko direla. Nafarroan hartu dira neurri batzuk, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da ezer aipatu oraingoz. Esperoan gaude.

Galdutakoa berreskuratzeko modurik ikusten duzue?

Pasatutako gauzak ez dira berreskuratzen. Ez dugu espero galdutakoa berreskuratzea, dena ezbehintzat. Gakoa da, batetik, kaltea ahalik eta txikiena izatea; eta, bestetik, aurreko krisiaren ondoren kostata sortu dugun sareari eusteko edo mantentzeko aukera izatea. Askok aisialdiarekin lotzen gaituzte, baina kultura hori baino gehiago da. Gu ere sektore bat gara, bere lanpostuak eta mugimendu ekonomikoak dituena, eta, halako egoeretan beste sektoreak aintzat hartzen diren moduan, gurea ere kontuan har dezaten nahi dugu.

Helburu horrekin sortu zenuten Musika Bulegoa 2015ean. Iaztik, bide orri propio batekin ari zarete zuzendaritza talde berrikoak. Nolako urtea izan da?

Zaila izaten ari da, ñabardura pila bat daudelako, eta ez da erraza guztiak bateratzea. Baina horretan ari gara. Aurreneko lana da apur bat ikustea Euskal Herrian zer musika jardun dugun; egiteko, ulertzeko, konpartitzeko modu desberdinak ditugu. Lehenengo urtean lur hartze horretan ari gara, mapa hori osatzen eta ulertzen. Baina hasieran jarri genituen ildoei eusten diegu: elkartea tresna eraginkor bat bihurtzea nahi dugu, egunerokotasuneko beharrei erantzuteko.

Hutsunea zegoen sektorean?

Hutsunea zegoen eta dago oraindik ere. Saiatuko gara hutsune hori pixkanaka betetzen, hala ere. Profesionalizaziorako saltoa, ikusgarritasuna, lanbideari balioa ematea, musikan euskararen presentzia bermatzea... behar horiek ikusten ditugu, beste askoren artean. Eta uste dut sektoreko kide guztiok elkarrekin aurre egin beharreko erronkak direla; batera egin behar dugu indar horretan. Bulegoaren nahia da ahalik eta ordezkaritza zabalena izatea.

Nolakoa da sektoreko profesionalen egoera Euskal Herrian?

Ez nuke nahi kulturan ohikoa den negarrez aritzeko joera horrekin aritu, baina musikari profesionala izateko ez dago erraztasunik hemen. Zama eta arriskua suposatzen du. Babes gehiago behar da egunerokoan normaltasun bat izateko. Bai administraziotik, bai bestelako eragileen aldetik, laguntza gehiago behar ditugu. Musikari izatea okina, harakina edo iturgina bezala baita; lanbide bat, eta bizitza duin bat izateko bitartekoak behar ditugu. Horiek eskaini ahal izatea da gure nahia.

Babesa ekonomikoa da soilik?

Babesa modu askotan ager daiteke, noski. Ekonomikoa izan daiteke, lan baldintzak hobetu daitezke, legedia eguneratu, edo, besterik gabe, zabalkundea emanez eman daiteke babesa. Badira eredu ezberdin asko Europan, eta administrazioa animatu nahi dut erabaki ausartagoak hartzera.

Gizarteak zein erantzukizun du?

Musika aisialdiarekin lotzen dugu, denbora-pasa gisara, eta ahaztu egiten ditugu kulturak dituen balioak; gizarteak horrenkontzientzia hartu beharko luke. Kultura herriarena da, eta herriak babestu behar du.

Kulturaren Behatokiak azaroan aurkeztutako ikerketaren arabera, musika da euskal kulturaren indarguneetako bat: sei euskaldunetik bostek dute ohitura euskaraz musika entzuteko.

Datuak gehienetan esanguratsuak dira, baina, aldi berean, itsaso batean nahasten gaituzte, eta pixka bat sakonago aztertu beharko genituzke. Baina, oro har, datu baikorrak dira. Pozgarria da, noski, baina ikusarazi behar da babesa ere behar dugula. Oraindik lan asko dago egiteko.

Ikusgarritasuna emateko helburua dute Musika Bulegoaren sariek, hain zuzen. Martxoaren 10ean ziren banatzekoak, Gasteizen, baina bertan behera utzi zenituzten koronabirusaren zabaltzeagatik. Urte oso bateko lanak saritzen dituzue.

Laugarren urtea da. Gainera, sariketa zabalari eusten diogu: ez dugu soilik abesti edo disko bat saritzen; izan daiteke proiektu bat, konposizio bat, bira bat edo ekoizpen musikal bat.

108 proposamen jaso dituzue, eta askotariko musika ildoak daude horien artean. Euskal musikaren aniztasunaren isla dira?

Bai, zalantzarik gabe. Rocka, popa, jazza, musika klasikoa dira nabarmenenak, baina apur bat sakonduz gero, badaude fusio desberdin asko. Hizkuntza aldetik ere askotariko proposamenak daude. Niri ere harritzen nau gazteak ekartzen ari diren egiteko modu ezberdinak: hizkuntzak nahastekoak, estilo urbanoak eta tradizionalak uztartzekoak. Zorionekoak gara, egia esateko.

Sarri aipatzen da doinuen olatu berri bat datorrela. Zuei ere agerikoa zaizue?

Agerikoa da, bai. Kode berriak datoz, eta adi egon behar dugu horiei ere. Molde berriak lehengoak haustera datoz, eta proposamen berriak egitera. Ez da erraza, hala ere, talkak egon daitezkeelako. Baina joera nabarmena da, bai. Batik bat musika konpartitzeko, egiteko eta ulertzeko modu berriak zabaltzen ari dira, eta horiei erantzuten saiatu behar gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.