Aintzane Gorria. Borrokalaria

«Bulimiaren itzala beti hor egongo da, baina orain oso ondo nago»

Urtebete eman zuen lehiatu gabe Aintzane Gorriak bulimia dela eta. Elikaduraren nahasmendu hori zuela onartzea egin zitzaion zailena, eta lehiara itzultzeko gogoa izan du hauspo aurrera egiteko orduan.

AINTZANE GORRIA.
ainara arratibel gascon
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Berrogeialdiak Hungarian harrapatu zuen Aintzane Gorria borrokalaria (Iruñea, 1995), Olinpiar Jokoetarako sailkapen proba prestatzen. Presaz bueltatu zen Iruñera.

Nola daramazu konfinamendua?

Ondo. Ezin naiz geldi egon, eta hemengo gobernuz kanpoko erakunde batean eman nuen izena, boluntario, laguntzeko. Autoak, maskarak eta beste hamaika objektu desinfektatzen aritzen gara. Iruñeko Udaltzaingoan duguegoitza. Goizez aritzen naiz, 10:00etatik 14:00etara, gutxi gorabehera.

Eta noiz hartzen duzu entrenatzeko tartea?

Goiz jaikitzen naiz,08:00ak inguruan, eta denbora izaten dut boluntario lana egitera joan aurretik saioa egiteko. Arratsaldean ere beste entrenamendu bat egiten dut, eta lagunekin ere aritzen naiz. Bideo deia egiten dugu, eta entrenamendu fisiko gidatu bat egiten diet. Hala, bai ni eta bai haiek gustura gaude.

Zuen kirola kontaktukoa da erabat, eta, kasu honetan, hori da saihestu behar dena. Nola moldatzen zara?

Arlo teknikoa lantzea ezinezkoa da, eta sasoi fisikoari eusteko lana da egiten ari naizena. Bizikleta eliptiko bat daukat, eta horrekin aritzen naiz; baita eskailerak igotzen eta jaisten ere. Zirkuitu txikiak ere prestatzen ditut etxean, ditudan materialekin. Giharretako indarra ez galtzea da gure egiteko nagusia.

Alarma egoerak Hungarian harrapatu zintuen, Olinpiar Jokoen sailkapen proba prestatzen. Nola duzu gogoan ?

Gu hara joan ginenean, kasu gutxi zeuden oraindik hemen, baina egunetik egunera gora egin zuten. Martxoaren 12an abisatu ziguten proba bertan behera geratu zela, eta egun horretan itzuli ginen. Madrilgo Goi Errendimenduko Zentrora joan nintzen zuzenean, han bainituen nire gauza guztiak. Kirolari guztiak joanda zeuden. Dena oso kaotikoa izan zen. Negarrez egin nuen maleta, eta bizpahiru asterako baino ez nituen hartu gauzak. Baina, egoera dagoen bezala, argi dago denbora luze batean ezingo garela hara itzuli. Izan ere, kirolari askok egiten genuen gure egunerokoa han, eta langile asko zeuden, gainera: entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak, sukaldariak...

Zaila izan zen zure egunerokoa eta helburuak aldatzea?

Iruñera iritsi nintzenean argi nuen errutina batzuk jarri behar nizkiola neure buruari, egoera ahalik eta ondoen eramateko, eta horregatik ere eman nuen izena boluntario lana egiteko. Helburua, berriz, ez da aldatu, atzeratu egin da: Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen proba on bat egitea, eta ahal izanez gero datorren urtean Tokion egotea.

Bulimia dela eta urtebete geratuta egon eta gero, aurten sailkatzea oso zaila izango zela zenioen Hungariara joan aurretik. Orain, Jokoak datorren urtera atzeratuta, aukera handiagoa ikusten duzu?

Bai, niri mesede egin dit atzerapenak. Sasoiz ondo nengoen, baina txapelketa gehiago behar nituen, horrekin lortzen baituzu maila on bat. Azken bi hilabeteetan gertuago ikusten nuen nik nahi nuen sasoi hori, eta, aurrean beste urtebete izanda, baikor nago. Zaila izango da sailkatzea, baina gutxienez sailkapen proba on bat egiteko moduan izango naiz, gauzak ondo bidean. Baina egia da, era berean, erronka bat zela proba hori orain jokatzea, benetan nola nengoen ikusteko. Gogoa nuen neure burua probatzeko, eta arantza hori geratu zait.

Eta badakizue noiz izango den sailkapen proba?

Esan diguteurtebete barru izango dela, baina ikusiko dugu zertan den. Bitartean, entrenatzen segituko dut. Batez ere neure buruan gehiago sinesten ikasi nahi dut, gure kirolean indarra bezain garrantzitsua baita zeure buruan sinestea, arlo psikologikoa.

Bulimiarekin nola zaude orain?

Bulimia ez da sekula erabat gainditzen: haren itzala beti hor dago. Baina ondo nago, inoiz baino hobeto.

Zer izan da gogorrena?

Bulimia nuela onartzea. Izan ere,hasieran ez zara konturatzen elikaduraren nahasmendu bat duzunik. Nire kasuan, entrenatzailea jabetu zen. Etxekoek ez zuten arrastorik, nik ahal nuen guztia egiten nuelako ezkutatzeko. Benetako astakeriak egin nituen horretarako. Neronek ez nuen onartzen, eta ez nuen sufritzerik nahi. Entrenatzaileak esan zien. Batez ere amarentzat oso gogorra izan zen jakitea; batetik, ni hala egoteagatik, eta, bestetik, errudun sentitzen zelako konturatu ez izanaz. Nire kirola, gainera, oso lotuta dago pisuarekin, eta hasieratik esan zidaten ezingo nuela lehiatzen segitu. Oso gogorra izan hori onartzea ere. Baina psikologikoki eta fisikoki oso gaizki nengoen. Izua ematen zidan jateak eta pisua hartzeak, digestio arazoak nituen, hortzetakoak... Gainera, ez nuen inorekin hitz egin nahi.

Eta itzulera nolakoa izan zen?

Oso gogorra hori ere. Negar asko egin nuen, eta beldur asko gainditu behar izan nituen. Batez ere pisatzerakoan pasatu nuen okerren. Pixkanaka joan ginen, presarik gabe. Txapelketa txikietan parte hartzen hasi nintzen, eta gero handiagoetan, Europakora iritsi arte. Hor helburua argia zen: pozik lehiatzea, eta uste baino hobeto lortu genuen helburua. Nire garaipen handiena izan zen hori, borroka luze bat izan nuelako horretarako.

Lehiatzen ez zinenez, beka kendu zizuten. Nola bizi izan zenuen hori?

Gogorra izan zen, ez beka kentzeagatik. Izan ere, une hartan bost axola zitzaizkidan beka eta dirua. Erakutsi zuten enpatia faltak egin zidan minik handiena, eta ikusteak zer balio gutxi eman zidaten. Orduan konturatzen zara goi mailako kirolariak, pertsonak izan beharrean, askotan emaitza bat garela, eta ez da kontuan hartzen gure inguruan beste ezer.

Halako borroka batean dagoen pertsona bati zer gomendio emango zenioke?

Laguntza eskatzeko, bakarrik aurre egiteaezinezkoa dela. Izan ere, egoera horretan zaudenean, zulo batean zaude: hortik kanpo ez duzu ezer ikusten, berdin zaizu beste guztia. Ez nuen sekula suizidioan pentsatu, baina bai hiltzen banintzen ez zela ezer pasatuko. Baina, aipatu bezala, ondo nago orain, eta lehiara itzultzeko borroka hori izan da hauspoa eman didaten gauzetako bat, gako garrantzitsu bat. Neure burua gehiago maitatzen dut orain, eta berrogeialdi hau asko laguntzen ari zait horretan urrats gehiago egiteko, eta konturatzeko zein zentzugabea den zure itxura fisikoari hainbesteko garrantzia ematea, edo horregatik zeure burua epaitzea. Garrantzitsuena zoriontsu izatea da, eta bizitzaz gozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.