Maddi Aalla. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Rocasari irabaztea garrantzitsua da, baina ez erabakigarria»

Plentziako atezainak lehen denboraldia du Bera Beran, eta oso pozik dabil, «esperientzia hartzen». Bide horretan, partida handia jokatuko du gaur, etxean, Rocasa bigarren sailkatuaren aurka (18:00, Tdp).

GORKA RUBIO / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Edozein kontu txikik aparteko garrantzia izaten du Bera Bera eta Rocasaren arteko partidetan, bi talde handi baitira. Bideoa lagun, ederki dakite elkarren berri. Gaur lehiatuko dira(18:00, Tdp), eta, hain zuzen, aurkaria aztertzeko emanaldi baten ondoren erantzun die galderei Maddi Aalla atezainak (Plentzia, Bizkaia, 1997).

Zertan da ona Rocasa?

Kanpoko jaurtiketa oso ona daukate; bi albokoak oso arriskutsuak dira. Pibote ona ere badute, eta, bi jaurtitzaileengana asko ateratzen bagara, harekin jokatzeko aukera izango dute. Bi egoera horiek defendatzeko, oso lan ona egin beharko dugu atzealdean. Gakoa hor egongo da.

Beste batzuk?

Defentsa onak aukera emango digu kontraerasoan ateratzeko, eta, hain justu, horixe da Bera Beraren bereizgarririk onenetako bat. Gero, jakina, eraso bizkor horietan asmatu beharko dugu. Atezain oso ona izango dugu aurrean [Silvia Navarro], eta hori ere kontuan hartzekoa izango da.

Ligaren erdian egonda, asko esatea da gaur-gaurkoz aurkari zuzena denez Rocasari irabaztea erabakigarria dela?

Oso pauso garrantzitsua izango litzateke, baina erabakigarria ez: erdia faltako litzaiguke oraindik. Gainera, bigarren itzulian, aurkaririk arriskutsuenen etxean jokatu beharko ditugu partidak. Haiek zaleen babesa izango dute, eta badago zer jokatu oraindik.

Liga irabazteko hautagaiak zuek eta Rocasa zarete, ala ez dira baztertu behar beste batzuk?

Gertu dauzkagu hainbat talde ere, eta kontuan hartu beharko ditugu denak.

Liga berriz abiatu denetik Gabonetako geldialdi luzearen ondoren, bi partida jokatu eta biak irabazi dituzue, baina emaitzez harago, zer moduz dago taldea?

Liga geratzea desegokia da. Jokalari asko selekzioekin joan zitzaizkigun, eta ia hilabete egon ginen lehiatu gabe eta oso jokalari gutxirekin entrenatzen. Gero, kosta egiten da erritmoa berriz hartzea, baina, tira, aurreko bi aurkariak samur samarrak izan direnez, aukera ona izan da lehengo gauzak sentitzen hasteko berriz. Izan ere, taldea oso ondo zegoen geldialdia baino lehen.

Aukeran nahiago Rocasaren aurka geroago jokatzea?

Haiek ere nahiago izango zuten agian gure aurka geroago jokatu. Azkenean, orain tokatu da, eta ez diogu bueltarik ematen horri.

Zer moduz zu Bera Beran, lehen denboraldi honetan?

Oso ondo eta oso pozik. Oso gustura nago taldean: primeran egokitu naiz. Donostian bizi naiz, eta etxetik oso hurbil nago. Familia giroa asko gustatzen zait, eta ez dut arazorik nahi dudanean etxera joateko.

Zer ikasten ari zara sasoi honetan?

Kosta egiten zait galdera horri erantzutea. Ikasten bainoago, esperientzia hartzen ari naiz. Europako partidak ere jokatu ditut, eta lehen aldia izan da niretzat. Lehen, beste helburu batzuk lortzeko jokatzen genuen Zuazon, eta hemen ezberdinak dira.

Presioa handiagoa da Bera Beran?

Beste modu batekoa. Partida guztiak irabazi nahi izaten dira, han eta hemen. Bera Beran gertatzen da aurkari batzuen aurka ezinbestean irabazi behar dugula, eta Zuazon, berriz, aurkari horien aurka ez bagenuen irabazten, ez zen ezer gertatzen.

Nabarmentzekoa da eskubaloiko atezainak zein ondo konpontzen zareten: bat ondo ez badabil, aulkian dagoenari esaten dio ateratzeko. Azkenean, bi zarete, baina bakarra bazinate bezala.

Garrantzitsuena da bietako bat ondo egotea, eta aldaketa horiek jator egiteko, ezinbestekoa da bien arteko harremana izatea. Azkenean, atezainak bakarrik egoten gara atepean, eta oso garrantzitsua da ikustea beste atezaina konplizea duzula edozer gauzari buruz hitz egiteko, eta jabetzea elkarri laguntzeko gaudela.

Zer erakusten diozue elkarri Alice Fernandes beste atezainak eta zuk?

Erakutsi, horrela esanda, ez dakit... Nabari dudana da oso ondo osatzen dugula elkar. Haren ezaugarri onak eta nireak ondo bateratzen dira, eta, ondorioz, Bera Beraren atea ondo zainduta dago, elkarren osagarri garelako.

Beti esan izan da eskubaloiko atezainak zoro puntua eduki behar duzuela. Ados al zaude?

Ez nago oso ados. Esaten digute nola demontre jartzen garen baloiaren eta atearen erdian, baina nik esaten dut jokalariek ere hartzen dituztela zartako handiak, eta haiek ere ez ote dauden zoratu samar. Nor dago zoratuago? [barrezka]. Hala ere, ez dizut ukatuko badugula zerbait berezia.

Nolatan atezain?

11 urterekin hasi nintzen eskubaloian, eta txandaka ibiltzen ginen taldean postu horretan. Gustatu egiten zitzaidan. Haurren kategorian, jokalari ere aritzen nintzen, baina Bizkaiko selekziokoek atezain aritzeko deitu ninduten. Mugarria izan zen hori; baita hau ere: Uribe Kostako nire entrenatzailea, Patxi, atezain izana zen.

Nolako atezaina zara?

Badakit atepean ondo jartzen, eta lasaia naiz.

Lehen esan duzu Silvia Navarro izango duzuela gaur parez pare. Zer da zuretzat haren aurka jokatzea?

Beti esan izan dut erreferente bat dela niretzat. Jada hainbat partida jokatu dut haren aurka, eta ez da lehen bezain berezia edo garrantzitsua niretzat haren kontra jokatzea.

Zer izan zen lehen aldiz Navarroren aurka jokatzea?

19 urte nituela uste dut, eta, partida bukatzean, argazkia atera nuen harekin. Betirako oroitzapena badaukat.

Aurreko jardunaldian, zure geldiketa bat asteko onenen artean izendatu zuen federazioak.

Ikusi nuen, eta bozkatu egin behar zen hainbat aukeraren artean.

Taldean parte hartzen duzue horrelako gauzetan?

Ibiltzen gara bozkatzen bai [barrezka], baina ez diogu aparteko garrantzirik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.