Agustin Ezenarro. ETBko 'Udak dakarrena' saioko zuzendaria

«Uda desberdin honen errealitatea jasoko dugu saioan, alaitasunez»

ETB1ek asteon estreinatu du 'Udak dakarrena' programa. Zuzeneko saioa da, eta, bertan, Julian Iantzik askotariko gonbidatuak izaten ditu. Astean lautan zuzeneko saio bat egitea erronkatzat jo du Ezenarrok.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
23 urte dira ETBrako saioak egiten hasi zenetik, baina Agustin Ezenarro kazetariak (Getaria, Gipuzkoa, 1974) orainari begiratzen dio, eta ez iraganari. Udak dakarrena saioa zuzenduko du datozen asteetan —Prime Time Media eta Orio Produkzioak ekoiztetxeak daude programaren atzean—.

Nola joan da Udak dakarrena saioaren aurreneko astea?

Oro har, ondo joan da. Zuzeneko saio bat da, zuzeneko konexio asko eta gonbidatu ugari dituena. Hainbeste osagairekin, tentuz geunden ea lehen astea nola joango zitzaigun. Nahi dugu elkarrizketak eta solasaldiak arinak izatea, programak erritmoa edukitzea eta saio atsegin bat izatea. Lehen astean gustura aritu gara. Datuek, lotsati-lotsati, baina lagundu digute. Hasiera ona izan da. Egunez egun, ikusiko dugu gauzak nola hobetu.

Donostian aritu zarete lehen astean, baina gero toki batetik bestera mugituko duzue platoa. Zer herritara joango zarete?

Egun bizitzen ari garen garaiak eragin egin digu horretan, eta hasieran nahi genuen baino gutxiago mugituko gara. Euskal Herri osoan nahi genuen ibili, baina hori ezingo da. Edonola ere, platoa toki batean izanda, zuzeneko konexioak beste herri batzuetatik egingo ditugu eta Euskal Herriko uda giro hau bilduko dugu. Datorren astean, Getarian [Gipuzkoa] izango dugu platoa, Zumaiaraere [Gipuzkoa] joango gara, baita Bermeora [Bizkaia] eta Bilbora ere. Herri eta hiri batzuekin zalantzak dauzkagu.

Erreportarien zuzeneko konexioak bitxiak dira, COVID-19aren garaiko udako gauak baitira bizitzen ari garenak.

Ez da ohiko uda bat, eta guk hain justu hori jaso nahi dugu. Uda oso arraro dago, kezkatuta gabiltzan garai bat da, jendea maskararekin dago. Baina saiotik zabaldu nahi dugun mezua da: gozatu dezagun uda honetan, arduratsu jokatuz eta zuhurrak izanda. Ahalik eta alaiena izatea nahiko genuke, zeren nahiko drama badago inguruan. Okerrena da ez dakigula udazkenean zer etorriko zaigun, eta, orduan, ahal dugun neurrian, ondo pasatu dezagun, arduraz.

Julian Iantzi aurkezle izateak nolako lasaitasuna ematen dizue?

Iantzi oso bizia da, eta zuzenekoak are gehiago pizten du. Uda giroko saio batean Iantzik daukan txispa eta alaitasun hori kutsatu egiten da gonbidatuen artean. Haren bizitasunak puntua ematen dio, saioa entretenigarria izan dadin.

Beste urte batzuetan, suen saioak aurkeztu izan dituzu hiriburuetako jaietan. Hiriburuetako jaiak ez egoteak nola baldintzatuko du programa?

Hiriburuetako jaiak bertan behera gelditu zirenean, hitz egin nuen saioan lankide izan ditudanekin, eta pena handia hartu genuen. Ez da Aste Nagusirik egongo aurten. Baina, hala ere, gure saioan jaiak tokatuko liratekeen egunetan hiri horietan egongo gara. Adibidez, Gasteizen Gorka Ortiz de Urbinarekin egongo gara jakiteko aurtengo uda nola biziko duen Zeledon gabe. Ikusiko ez ditugun sinboloak aipatuko ditugu, eta protagonistei galdetuko diegu ea jairik gabe nola ospa dezakegun barneko sentimendua.

Herritar asko lanik gabe gera daiteke uda honetan. Zuek noiz arte arituko zarete saioan lanean?

Saioak irailaren 3ra arte iraungo du. Argi dago koronabirusaren krisiak jende askori eragin diola. Gonbidatu asko ekarriko ditugu, konta dezaten COVID-19ak nola eragin dien. Ostegunean, adibidez, Leire Martinez kantariak kontatu zigun kontzertu asko bertan behera gelditu zaizkiola. Turismo gidak, ostalaritzakoak, baserritarrak eta beste ofizio batzuetako langileak etorriko dira: batzuk ezagunak, eta besteak ezezagunak. Uda desberdin honetako errealitatea ere jasoko dugu saioan, alaitasunez.

Nor gustatuko litzaizuke elkarrizketatzea zure saio batean inoiz izan ez duzuna?

Karlos Argiñano elkarrizketatuko nuke gustura. Zenbat sukalde saio egin ote ditu honezkero, kate desberdinetan... Zer meritu menuak pentsatzen, prestatzen, eta zer gaitasun duen kozinatzen dabilen bitartean hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.