Mariano Galarza. Baiona errugbi taldeko jokalaria

«Harro nago euskal jatorria daukadalako»

Bigarren denboraldia du Baionan jokatzen, eta iruditzen zaio arbasoek 1800 inguruan hasitako bidaia amaitzen ari dela: haiek Irundik joan ziren Argentinara, eta bera etxera itzuli da.

BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ilusioa egin dio Mariano Galarzari (Partido 25 de Mayo, Argentina, 1986) elkarrizketa euskaraz aterako dela jakiteak. Agurtzean, «eskerrik asko, agur» idatzi du sakelakoan. Euskal Herrian errugbian jokatzen ari den euskal jatorriko argentinarra da.

Euskal jatorriaren inguruan arakatzen ibili zara hemen?

Ez asko. Anaia etorri zenean Irunera joan ginen, hangoak zirelako arbasoak. Aita etortzeko zain nago Argentinatik, hark ere gogo handia duelako. Kontatu izan dit 1800 inguruan galarzatarrak atera zirela Irundik, eta 25 de Mayo hirira joan zirela. Zelai batzuk erosi, eta han hasi ziren lanean. Ignacio uste dut izena zuela aurrenekoak; Roke jaio zen gero, nire birraitona; Raul ondoren, aitona; Jorge gure aita gero; eta azkenik ni. Badakit zelai haren zati bat herriari eman zitzaiola eskola egiteko, eta Roke Galarza izena du. Aitak txapela janzten du egunero. Euskaraz ez dugu hitz egiten, baina odola euskalduna daukagu, eta harro nago euskal jatorria izateaz.

Etxean ari zara jokatzen.

Galarzatarrek aspaldi hasitako bidaia amaitzen ari naizela iruditzen zait. Pozik nago taldean, eta zaleekin oso konektatuta. Modu berezian bizi dute taldea. Frantsesakez, euskaldun sentitzen dira.

Top 14an, hiru partida irabazi dituzue, eta lau galdu.

Ez daukagu ezer sobera, eta beti lehiatu behar dugu ondo. Horrela gaudenean, edozeini lanak emateko gai gara. Larunbatean [bihar] oso partida garrantzitsua daukagu, Montpellierren aurka, etxean. Irabazi egin behar dugu bai edo bai, eta, horretarako, ondo jokatu beharko dugu.

Nola hasi zinen errugbian jokatzen?

Berandu hasi nintzen, hiriko taldean: Tacuara Rugbyn. Intxausti Eskolan ere bagenuen taldea. Gero, 18 urterekin La Platara joan nintzen ikastera, eta Unibertsitateko taldean jokatu nuen. Sei urte egin nituen han. Tarte horretan, profesional hasi nintzen, 22 urterekin. 23rekin Irlandara ere joan nintzen, Leinsterrera, sei hilabeterako. Ezagutu nahi nuen zer den Europako errugbi profesionala. Oso esperientzia ona izan zen, beste mundu bat ezagutzea bezalakoa. Argentinara itzuli, eta urte eta erdi han egin nituen. Erdi-profesionala zen Pampas XV taldearekin txapelketa batzuk jokatu genituen Hegoafrikan.

Berehala, baina, Europara berriz, Ingalaterrara.

Bai. 25 urte nituela. Urtebete egin nuen Worcester taldean, eta lau Gloucesterren. Arerio zuzenak dira, elkarren ondoan baitaude. Gloucesterrekin Euskal Herrian jokatzeko aukera izan nuen, San Mames estadioan, Challenge Cupeko finala. Cardiffen aurka galdu genuen, baina sekulako oroitzapen ona daukat estadio horretan jokatzeagatik, eta Euskal Herrira nentorrelako. Elkarrizketak ere egin zizkidaten Bilbo aldean, ikusi zutelako Galarza abizen euskalduna duen norbait bazela taldean.

Ingalaterran bost urte osatu, eta Frantziara joan zinen: Bordelera.

Hala da. Urtebete egin nuen, eta orain Baionan bigarren denboraldia osatzen ari naiz. Baliteke nire ibilbideko azkena izatea. Edo agian, azken-aurrekoa. Fisikoki oso ondo nago, baina urtez urte noa orain, ez naizelako ausartzen esatera hiru denboraldi gehiago egingo ditudala jokatzen.

Errugbia kontaktu handiko kirola izanik, 34 urterekin jokatzen segitzea asko da?

Lesioek eragin handia daukate, baina postuak ere bai. Aurrelaria naiz, eta luza dezakegu ibilbidea gehiago, abiadura ez delako oinarrizkoa guretzat. Bai, aldiz, indarra, potentzia, eta, azken batean, esperientzia. Ondorioz, maila onean ari gaitezke 35-36 urtera arte.

Izan dituzu lesio larriak sorbaldetan, ezta?

Bai. Sorbalda bakoitzean behin egin didate ebakuntza, baita orkatil batean ere. [Pentsatzen aritu eta gero] Egon, sorbalda batean bi ebakuntza dauzkat. Badira hiruzpalau urte operazio gelatik pasatu gabe.

Medikuntza ikasten hasi zinen.

Azkeneko urtea falta zait, eta asmoa dut bukatzeko errugbia utzitakoan. Espezializazioa ere egingo dut, kirolarekin loturikoa. Baina errugbian asko ari naiz gozatzen, dakidalako azkar bukatuko zaidala.

Zuk izandako lesioekin joaten bazaizu jokalari bat kontsultara, errugbia uzteko esango diozu?

Ez. Errugbia oso polita da. Hainbeste gauza ematen dizkigu balio aldetik eta gizatasunean, merezi du minarekin sufritzea. Gainera, jokalari aldi baterako izaten gara.

Zergatik nabarmentzen dira hainbeste errugbiaren balioak?

Gauza askogatik. Argentinan, behintzat, familia osoak daude errugbian sartuta, eta hori oso polita da. Bestelakoan, talde jokoa da nagusi: jokalari bakoitzak dauka bere zeregina zelaian. Nik, adibidez, oso gutxitan izaten dut baloia eskuan partida batean, baina ez zait axola, taldearen onerako delako. Elkartasun handia egoten da taldeetan. Gainera, beti egin behar da aurrera, botatzen bazaituzte lurrera, jaiki eta jarraitu egin behar da. Bizitzarako asko erabil daitezkeen ikasgaiak dira. Lagun giro ederra dago, halaber. Baita aurkariekin ere; partiden ondorengo hirugarren denbora deiturikoak ezagunak dira, eta luzeak. Lagun asko egin ditut horrela. Epaileari ere errespetu handia zaio, ahalik eta lanik onena egiten ari delako hura ere.

Zenbat denboran izaten duzu baloia partidetan?

Hamabost segundotik ez da pasatzen, 80 minutuko partida batean. Oso gutxi da. Baina talde lana denez, lan ikusezinak ere sekulako balioa dauka.

Argentinako selekzioarekin, baduzu arantza handi bat: 2015eko Munduko Kopa. Zer gertatu zitzaizun?

Nire ibilbideko egoera itsusiena da. Wembleyn zen partida, aurrenekoa, Zeelanda Berriaren aurka, baina gero bederatzi astez zigortu ninduten, egin ez nuen gauza bategatik. Oso gogorra izan zen ezin jokatzea. Leporatu zidaten aurkari bati hatza begian sartzear egon nintzela, horrela izan ez bazen ere. Gero, 2018an, aukera izan nuen selekziora itzultzeko, eta duintasunez uzteko selekzioa.

Ia mediku zaren aldetik, zein da zure iritzia COVID-19aren inguruan?

Hasieran, gutxietsi egin genuen, eta badugu puska baterako. Oraindik hil behar ez zuen jende asko ari da hiltzen, eta familia asko suntsitu ditu. Ekonomian, gainera, txikizioa ari da eragiten. Argentinan, esaterako, bizi guztiko familia negozioak itxi beharrean izan da jendea. Ea azkar pasatze den, baina luzerako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.