Uxue Fraile. Mendiko korrikalaria

«Benetako erokeria egiten ari nintzela sentitu dut Reunionen»

Lur orotako emakumea da Fraile, Zubirin bizi den korrikalari donostiarra. Orientazio eta raid probetatik distantzia luzeetara pasatu zen, eta podiumetik podiumera dabil.

2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Saiatua. Hala deskribatu du Javi Dominguez taldekide (Vibram) eta lagunak Uxue Fraile (Donostia, 1974). Zorrotza eta burugogorra dela ere badiote ezagutzen dutenek, kirolean bezala bizitzan. Atletismoan egin zituen lehen urratsak, urte luzez; azken urteetan, baina, mendian ari da pausoak ematen, adinean aurrera eginagatik gero eta handiagoak. Zailetik zailagora doan burdinazko emakumeak «eroen moduan» amaitu du denboraldia, Reunion uharteko ultratrail gogorrean (177 km, 10.000 metroko desnibela) hirugarren eginda.

Zer moduz joan da Reuniongo ultratraila?

Diagonal des Fous! Ene! Eroen moduan! Erokeria asko egin ditut bizitzan, baina oraingoan, benetako erokeria egiten ari nintzela sentitu dut.

Munduko ultratrail teknikoenaren ospea dauka. Nolako esperientzia izan da?

Gogorra, oso gogorra; jaitsiera oso teknikoak, euria, igoera amaigabeak, tenperatura aldaketak… osagai guztiak abentura ahaztezin baterako.

Zer moduz ikusi duzu zeure burua?

Gustura nago borrokatzeko gogoz joan nintzelako eta borroka egiteko gai izan naizelako. Bigarren gaua gehiegitxo izan zen niretzat, baina eguna argitzearekin batera, nik ere argia ikusi nuen.

Hirugarren egin duzu. Helburua beteta?

Bai, oro har, bai. Asko hitz egin zidaten lasterketa honetaz, eta bukatzea zen lehen helburua. Hala ere, irabazlearengandik gertuago egon nahi nuen, eta probaren erditik aurrera ez nintzen ongi egokitu egoerara. Asko sufritu nuen, baina barruak borrokatzeko eskatzen zidan, finisher izateko.

Bigarrenarengandik zortzi segundora sartu zinen. Nola da posible halako tarte txikia hain proba luzean? Bukaeran esprinta jo zenutela ere entzun dugu.

Egia esan, ez da normala halako tarte txikiarekin amaitzea; gainera, Juliettek [Blanchet] eta biok ez genuen amaierara arte lasterketan bat egin. Aurreratu ninduenean oso indartsu ikusi nuen, baina ziria sartu zidan! Azken igoeran berriz ere harrapatu nuen, eta jaisten ihes egin zidan berriro. Hankak lehertuta neuzkan ordurako nik. Helmugarako gutxi falta zela berriz ere ia harrapatu nuen, baina ez zen nahikoa izan.

Esprinta jo al zenuten?

Bukaeran erritmoa aldatu genuen, bai, baina iristea besterik ez geneukan buruan!

Urte gutxi daramatzazu halako distantzia luzeetan, baina aurten podium askotan ikusi zaitugu.

Hirugarren urtea dut distantzia luzeko mendi lasterketetan, baina aurretik raidetan ibilia nintzen, eta iraupen luzeko probak ez dira berriak niretzat. Gustura ibiltzen naiz distantzia hauetan, baina ehun miliatara pasatzea jauzi handia izan da, ez dut uste oraindik egokitu naizenik. Hala ere, lasterketak egin eta denboraldiak aurrera egin ahala, geroz eta gusturago ibili naiz.

Burugogorra zarela diote. Funtsezkoa da hori honelako probetarako?

Nahiko burugogorra naiz, bai, nahiz eta azken probetan buruak une txarrak pasarazi dizkidan. Horrenbeste denboran, gorabehera handiak izaten dira, eta sinetsi egin behar duzu buelta emateko gai zarela. Horregatik, funtsezkoa da buruz indartsu joatea.

Entrenamenduak asko aldatzen dira proba luzeetarako?

Nik neuk ez ditut asko aldatu, bolumena handitu ez dut besterik egin. Proba motzetan abiadura geroz eta handiagoa da, eta espezifikoki prestatu behar da; baina iraupen luzeko korrikalari batek ere ez lituzke entrenamendu azkarrak ahaztu behar.

Atletismoa, orientazioa, raidak… kirola zainetan daramazu, ezta?

Txiki-txikitatik hasi nintzen korrika, eta 25 urte egin nituen atletismoan. 800-1.500 metroko probak ziren urte haietako helburuak. Gogoan daukat zenbat sufritzen nuen neguan krosak egiten, eta nola egoten nintzen uda noiz iritsiko zain, pistan serie azkarrak egiteko. 3.000 metro haiek luzeak ziren niretzat. Nork esango zidan orduan, orain 177 kilometro egingo nituenik!

Nola pasatu zinen ultratrailetara?

Lehen orientazio proba Entzian egin nuen, orain dela urte asko. Gogoan dut mapan arretarik jarri gabe korrika egin nuela. Oinez egin zutenek azkarrago amaitu zuten nik baino! Asko erakarri ninduten mendiko proba haiek, eta erabat murgildu nintzen. Gerora, 2007an egin nuen lehenengo raida, Portugalen. Mendiko bizikletarik ere ez neukan, eta anaiak utzi behar izan zidan. Mendiko bizikletan ia batere ibili gabe, proba hartan maldak nola jaisten genituen gogoratzeak beldurra ere ematen dit. 2010era arte ibilbide polita egin nuen raid munduan. Urte hartan, baina, lehen ultratraila egin nuen, Aneton (Huesca, Espainia). Ni bete-betean nenbilen raidetan, eta ez nuen bereziki prestatu, baina bigarren amaitu nuen, eta ordutik honetan dihardut. Dena den, raiden garaiko oroitzapen ederrak ditut, eta aurten ere hartu dut parte batean, entrenamendu ona baita ultratrailetarako.

Euskal Herrian ez duzu proba luzerik egin. Zer falta da Uxue Fraile erakartzeko?

Egia da Euskal Herrian gutxi lehiatu naizela, are gutxiago aurten, baina hemengo lasterketetan oso gustura hartzen dut parte. Falta ere ez zaigu ezer falta, izatekotan oihartzuna falta zaigu. Euskal Herrian gauzak ongi egiten dira, eta ez dago kanpora begiratu beharrik.

Eta datorren urtean, zer?

Aurtengo denboraldia luzea izan da, eta oraindik ez naiz hurrengo urteari begira jarri, baina baliteke Euskal Herriko probaren batean parte hartzea. Baliteke Atlantikoaren beste aldera jauzi egiteko ordua iristea ere. Egutegia nahiko estua da, eta oraindik erabakitzeke daukagu.

Ultretako korrikalarien ametsa, Tor des Geants, agian? (330 kilometro eta 24.000 metroko desnibel positiboa).

Bai, pentsatu izan dut Tor des Geantsen parte hartzea. Ez dakit horretarako momentua iritsiko den, baina ezagutu beharreko ibilbidea omen da. Ikusiko dugu, oraingoz ez daukat presarik.

Eta Tor des Geants aipatuta, iruzur hitza datorkigu gogora. Erraza da halako probetan iruzur egitea?

Nahi baduzu, beti da erraza iruzur egitea. Eta oraindik gauza asko egin litezke iruzurrak saihesteko. Nork harrapatuko zaitu gauez 2.000 metroan motxilarik gabe korrika egiten edo ibilbide ofiziala mozten? Kirolariaren zintzotasuna da epailerik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.