Durangoko 52. Azoka. Eguneko kronika

Sormenaren erakusleiho bizia

Jende andana bildu du Durangoko 52. Azokak lehen egunean. Musikari, idazle eta, oro har, egileek zuzenean beren lanak aurkezteko gune bat izateko jaio zen Ahotseneak hamar urte bete ditu jada
<b>Beira taldea. </b>Atzo eguerdian aurkeztu zuen <em>Braillean</em> lan berria Ahotsenean.
Beira taldea. Atzo eguerdian aurkeztu zuen Braillean lan berria Ahotsenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola

2017ko abenduak 7
Sormenaren Lurraldea DA! leloa aukeratu du Durangoko Azokak 52. aldirako. Sormen lanen egarriz biltzen dira urtero herritarrak, urteak utzitako kultur uztaren erakusleiho nagusira. Eta sormen lanak ez ezik, sortzaileak ere topatzen dituzte azokan. Erakusleiho ez ezik, plaza ere badelako, topaleku, eztabaidagune. Eta, gero eta gehiago, Landako guneko erakusmahaien atzealdean ez ezik, beste gune batzuetan ere topatzen ditu zaleak sortzaileak. Haien liburuez lasai hitz egiteko, disko berriko kantuak jotzeko nahiz proiektuak aurkezteko guneetan, hain zuzen.

Sortzaile batek, Martxel Rodriguez dantzariak ireki zituen atzo Landako guneko ateak, 10:30ak puntuan zirela. Haren koreografiaren ondotik eman zituzten lehen pausoak bisitariek korridoreetan barrena, eta berehala, lepo bete zuten gunea. Ordurako, 240 erakusmahaietan prest, 400 lan berri zituzten ikusgai, liburu, disko, aldizkari eta bestelakoak tarteko. Horietako askoren atzean, berriz, sortzaileak eurak, beren lanez hitz egiteko edo sinadurak oparitzeko gogoz. Hala zebiltzan, esaterako, Jabier eta Fermin Muguruza anaiak, Artekalen: Mara Mara Diskak zigiluaren mahaian lehena, Talka Recordsenean bestea, biak parez pare, beren lan berriak jendearekin partekatzen. Alboko kalean, berriz, Berri Txarrak taldeko hirukoteak argazki ugari egin zituen zaleekin.

Baina haiekin hitz egiteko baino gehiago, haien lanak zuzenean entzuteko gogoz zebiltzan beste hainbat. Eta horretarako aukera ematen du, duela hamar urtetik hona jada, Ahotseneak. Bi gunetan banatuta, zuzeneko kontzertuak eta solasaldiak bata bestearen atzetik hartzen ditu egunotan. Lehen orduan, solasaldien gunea leporaino bete zuen jendeak Eskafandrako kideek aurkeztu zuten bildumako hirugarren alearen nondik norakoen berri zuzenean jasotzeko. Silvia Federiciren Caliban eta sorgina euskarara ekarri dute bilduma feministaren sortzaileek. Jule Goikoetxeak hartu zien lekukoa jarraian, Demokraziaren pribatizazioa saiakera aurkezteko, eta goraino beteta segitzen zuen aretoak. Entzuleen artean zen Lutxo Egia, sortzailea ez ezik, Ahotsenearen koordinatzailea ere badena. Ez du lan gutxi aurten ere, orotara, 70 kontzertu eta 54 aurkezpen ekitaldi hartuko baititu guneak bost egunetan, baina tarte bat hartu zuen ibilbideari errepaso bat egiteko. Urtero joan da aldatuz gunea: ekitaldi guztiak espazio bakarrean egitetik bi gunetan bereiztera, oholtza bakarretik bi izatera... Baina bada aldatu ez den zerbait: «Irautea inportantea da; askotan proiektuak martxan jartzen dira, eta gero ez dute irauten. Ahotsenea existitzen bada, sortzaileek nahi dutelako da, egoki ikusten dutelako Azokaren testuinguruan bere lana aurkeztea, eta interesgarria da hamar urtetan hori aldatu ez izana».

Ahotsenea sortu zen bezala sortu ziren Irudienea, Szenatokia eta beste hainbat gune ere, eta Egiaren hitzetan, «nolabait azokak utzi zion disko eta liburu azoka izateari, eta kultura azoka bilakatu zen, zentzurik zabalenean».

Karpan, rock doinuak

Kanpoko gunea aukeratu zuten beste hainbatek, eta rock doinuak lagun egin zituzten lehen orduak azokan, besteak beste, Akabu eta Nebrashka taldeen eskutik. Biek ala biek MusikaZuzenean atariaren erakusmahaian jarri dituzte beren lanak eskuragarri, beste 50 bat taldek egin bezala. «Talde batek bere diskoa zuzenean aurkezteko aukera izatea da eska dezakeen gauzarik handiena», Koldo Otamendi MusikaZuzenean atariko arduradunaren hitzetan. Alde horretatik, duela hamar urte Ahotsenea sortzea azokarentzat «inflexio puntu bat» izan zela uste du. «Ahotseneak eman dio bizi berri bat diskogintzari, eta zuzeneko musikari dagokionez, baita azokari ere. Gure stand-ean dauden talde askori esaterako, ateak ireki dizkie, eta etortzeko beste motibo bat ere eman die». Egitasmoaren horizontaltasuna nabarmentzekoa da Otamendirentzat, talde guztiek, sona handiko zein ezezagun izan, jotzeko denbora tarte eta baliabide berberak baitituzte. Eta beste bertute bat ere aitortzen dio, erakusleiho izatea: «Nire ustez, gaur egun musikagintzan dagoen arazorik handiena da jendeak ez duela interesik gauza berriak deskubritzeko; baina parean jartzen badizute, Ahotsenean ikusten baduzu, talde askorekin harritu zaitezke. Haietara iristeko aterik ez baduzu, berriz, ez zara konturatzen hor daudela».

Erakusmahai berean du bere lan berria eskuragarri Beira taldeak ere. Aurreko bi diskoak jendaurrean erakusteko Ahotseneako oholtza baliatu zuten taldekideek, eta Ahotsenean aurkeztu zuten atzokoan Braillean berria ere. Taldea baino lehen sortu zen gunea bera, baina urteotan ikusi dute nola joan den hazten, eta egun, bertan jo nahi izanez gero, izena emateko «oso garaiz» ibili beharra dagoela dio Jon Martin taldekideak. Taldearen izenarekin jolas eginez, lupa batekin alderatu zuen guneak eskaintzen duen aukera. «Euskal kultura oso zabala da eta Ahotseneak aukera ematen digu ordu erdiz lupa jartzeko produktu batean, bestela agian ohartzeke pasatuko zena». Aurreko urteetan lanak aurkeztu ostean jendea hurbildu izan zaiela kontatzen zuen, aurrez ezagutzen ez zituztela esanaz eta sinadura eskatuz. «Poza ematen dizu horrek. Talde on asko daude egun, eta behar ditugu halako erakusleihoak, halako mikrofono eta bozgorailuak».

Beiraren aurretik, aldameneko oholtzan, Hiri kristalezkoa (Elkar) disko berriko kantuak aletu zituen Rafa Ruedak. Hastapenetatik du gertuko gunea, eta sortzaileei azokaren barruan are ageriago agertzeko aukera ematen dien neurrian, aurrerapausotzat du sortu izana. Haren balioa nabarmentzen zuen emanaldia bukatu berritan. «Gaur egun, uste dut ezin dela azoka ulertu Ahotsenea gabe; gorpuztu egiten du. Halako gune baten garrantzia erakusten du oso denbora gutxian guztiz errotu izanak». Eskertzen du orain hamar urte hainbat lagun proiektua martxan jartzera animatu izana. «Uste dut oso denbora gutxian Ahotsenea denona izatea lortu dutela, eta sortzaileak oso eskertuta gaude». Hedabideetan presentzia handia ez duten taldeak ezagutarazteko, adibidez, oso lagungarria dela uste du Ruedak. «Nik ere, entzule moduan, Ahotsenean ikusi izan dut ezagutu gabeko zerbait, eta animatu naiz diskoak erostera».

Aurkezpenak, etenik gabe

Bazkalorduko barealdiaren ondotik, jende olatuak berriro hartu zituen Landako guneko korridoreak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 30 urteak ospatzeko haur eta guraso ugari bildu ziren areto nagusian, eta behin ekitaldia bukatuta ere, korridoreetan haien inguruan segitzen zuten askok eta askok, haien muxuak jasotzeko irrikan. Handik ez oso urrun, azokan ohikoa bihurtzen ari den beste irudi bat: jende ilara luze bat, aterainokoa ia, Toti Martinez de Lezearen sinadura baten zain.

Ahotsenean, bien bitartean, aurkezpen zaparradak aurrera segitzen zuen, bai barruko solasgunean, baita kanpoko kontzertuetarako karpan ere. Hantxe jo zituen Maider Zabalegik Zuei diskoko kantuak, eta harentzat han aritzea «izugarrizko ohorea» zela aipatu zuen emanaldiaren aurretik. «Uste dut kultura zabaltzeko halakoak beharrezkoak direla. Izugarria da urtero-urtero hau antolatzeko egiten duten lana». Azokaren nahiz gunearen erakusleiho funtzioa nabarmendu zuen hark ere, baina ispilutzat ere baditu. «Ni ere musika entzutera eta dauden berritasunak ezagutzera etortzen naiz Durangora. Oso erakusleiho garrantzitsua da euskal kulturarentzat, eta aldi berean aberatsa ere bada, zenbat sortzen dugun erakusten duelako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna