Albistea entzun

Durangoko 52. Azoka. Eguneko kronika

Azokara hurbildu da zinemagintza

'Handia efektua'-z mahai ingurua egin dute Irudienean, eta solasaldia Jon Garaño zinemagileak eta Katixa Agirre idazleak areto nagusian. Egun jendetsuenetakoa izan da
<b>Irudienea. </b><em>Zinea.eus</em> atariak antolatu zuen mahaingurua.
Irudienea. Zinea.eus atariak antolatu zuen mahaingurua. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2017ko abenduak 9

Durangoko 52. Azokara iritsi zen atzo Handia efektua. Izenburu hori jarri zioten, Zerk mugitzen gaitu? galdera gehituta, Irudienean goizean egindako mahai-inguruari. Zinemaren inguruko bost aditu bildu ziren mahaiaren bueltan, galdera bati tiraka hasi, eta, azkenerako, euskal zinemagintzaren hamaika ertz ukitzeko. Galdera argia zen: zerk erakarrita bildu dira zinema aretoetara milaka lagun Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filma ikustera? Erantzunen artean, bat etorri ziren denak lan ona dela, baina baita hori ez dela faktore bakarra izan ere.

Zinemak eta ikus-entzunezkoek ere badute beren tokia Durangoko Azokan, Irudienean bereziki. Hirugarren urtez antolatu du bertan horrelako solasaldi bat Zinea.eus proiektuak, eta hango kide Maialen Goñik gidatu zuen atzokoa. Iratxe Fresneda EHUko irakasle, ikerlari eta zinemagileak, Zigor Etxebeste irakasle eta zinematografian adituak, Amaia Serrulla Donostiako Zinemaldiko hautespen batzordeko kideak, Santi Leone historialari, zutabegile eta zinemazaleak, eta Angel Aldarondo ekoizle eta BERRIAko zinema kritikariak osatu zuten mahaia. Eta hasteko, jolas moduko bat proposatu zien Goñik: euskarazko lau film eman Aupa Etxebeste!, Asier eta biok, Loreak, eta Amama, eta bi aukeratzeko eskatu zien, haien hautua edo, finean, haiekiko erakarpena argudiatzeko eskatuz. Eta berehala jabetu ziren entzuleak askotariko arrazoiak egon daitezkeela film bat edo beste aukeratzeko.

Gertuko gaiak jorratzeak ote du zer ikusirik handiena ikusleen aukeraketan, euskal filmei dagokienez? Gai horiei buruz egileen ikuspuntua jakitea erakargarriago zaio Etxebesteri, adibidez, baita filma zein generotakoa den ere. Leoneren iritzian, esaterako, gai jakin bat interesatzeak erakar dezake inor film bat ikustera, baina edonola, Euskal Herrian girotuta dauden arren, Ander, Loreak edo beste hainbat lanetan jorratutakoak gai unibertsalak direla nabarmendu zuen. Eta horri tiraka, euskal zinemagintzaren industriaren egoeraz jardutera pasatu ziren hizlariak: instituzioek euskal produkzioak sustatzeko jorratzen dituzten bideak eraginkorrak ote diren, lanak zabaltzeko banaketa sareak egokiak al diren, zinema ikustera aretoetara doazenen artean gazteak ba ote dauden, zinemaren kontsumoan telebista plataformak nolako eragina izaten ari diren, hizkuntzaren hautuak zein pisu duen... Gai mamitsu ugari ukitu zituzten.

Bada, horiek guztiak horrela, zerk mugitu du hainbeste jende Handia ikustera? Zerk bilakatu du urteotako euskarazko lanetatik gehien ikusia? Aldarondoren ustez, faktoreak asko dira, baina Loreak-ek egindako bidetik, Zinemaldian erakutsi izanak eman dion oihartzuna izan daiteke gakoetako bat. Serrulla bat etorri zen horretan, eta gehitu zuen istorioak tradiziotik eta unibertsaltasunetik edateak, oreka horrek ere izan duela zer ikusirik. Moriartiko kideek talde lanean sortzeak asko eztabaidatzera eramaten dituela, eta eztabaida horietatik gauza ederrak ateratzen direla aipatu zuen Fresnedak.

Luze joan zen solasaldia, eta gogoetak bata bestearen atzetik harilkatu zituzten hizlariek, baina amaitzeko ordua ere iritsi zitzaien konturatzerako, Irudieneak programazio zabala baitzuen atzokoan ere. Gernikaren egiak dokumentalaren proiekzioa heldu zen jarraian, esaterako, eta arratsaldean, berriz, Handia filmarena, beste hainbat ekitaldiren artean.

Zinema eta letrak, eskutik

Landako gunea jendez lepo zegoen lehen ordutik. Kalean euria, eta azokak ateak zabaldu bezain pronto murgildu zen jendetza korridoreetan barrena, batera eta bestera ibiltzea zaila gertatzeraino. Azokako orain arteko egunik jendetsuena izango zen atzokoa ziurrenik, eta jendetsuak izan ziren Landakon egindako hainbat ekitaldi ere. Tartean, zinemarekin lotutako beste bat, baina literaturarekin uztartua oraingoan. Zinemagile bat, Handia filmaren zuzendarietako bat den Jon Garaño hain zuzen, eta idazle bat, Katixa Agirre, elkartu ziren areto nagusian, Maite Bidarte kazetariak gidatutako solasaldian. Eta bi diziplina oso ezberdin izanagatik ere, bien arteko bat etortze ugari agerian utzi zituen bi sortzaileen arteko elkarrizketak.

Hasteko, eta agerikoena dena, beren ibilbidean euskaraz sortzeko hautuan bat egin dute bi egileek. Sorkuntza bera, sortze prozesua izan zuten beste hizpideetako bat. Langintza kolektiboa da Garañoren kasuan, eta bakartiagoa, Agirrerenean, baina alderantziz ere izan zitekeela iruditzen zaie biei: lantalde zabal batekin betiere, baina bakarka zuzentzen direla film ugari; eta banaka, baina talde baten laguntzaz idazteko aukera gehiegi jorratu gabea ere hor dagoela.

Kasu batean ekoizlea eta bestean editorea; figura horiek ere izan zituzten aztergai, eta, bietan, aktore lagungarriak ez ezik, sortzaileak ere badirela nabarmendu zuten biek ala biek. Saioaren gidariak terapia ariketa moduko bat egitea proposatuta, sorkuntzaren «miseriez» ere hitz egin zuten, bai norberak barnean bizi dituenez, bai kanpoko faktoreek eragindakoez: frustrazioez, beste lan bat sortzeko aukerarik edo baliabiderik izango ote duten ez jakiteak sortzen duen ziurgabetasunaz, askotariko kritiken eraginpean jartzeaz, kultur sorkuntzari maiz baliorik ez aitortzeko joeraz... Ez ziren alderdi ilun horietan geratu, ordea, eta sortzen jarraitzeko biek sentitzen duten bulkada gailentzen zaiela argi utzi zuten. Biek dituzte proiektu berriak esku artean: udaberrirako nobela berri bat amaitzekotan da Agirre, eta film berri bat grabatzen hastekoa, berriz, Garaño.

Bien bitartean, beste hainbat ekitaldi hartu zituen Landako guneak. Jende ugari bildu zen Eider Rodriguezen Bihotz handiegia narrazio liburuaren aurkezpena entzutera goizean, Ahotseneko solasgunean, eta gune berean hitzaldi eta ekitaldi jendetsuak izan ziren arratsaldean ere. Horien artean, besteak beste, bakarrizketa poetiko bat egin zuen Iñaki Perurenak, harriekin duen harremanaren inguruan. Oso bestelakoa izan zen, baina jendetsua hura ere, Txakur Gorria taldearen Xixili ikuskizuna; obraren hogei minutuko lagin bat eskaini zuten Mariñe Arbeok, Malen Amenabarrek, Nerea Ibarzabalek eta Ane Labakak. Kanpoko karpan, berriz, kontzertu ugari atzokoan ere: goizean, esaterako, Ze Esatek, Igor Arzuaga, Bultz eta Itziarren Semeak igo ziren oholtza gainera, beste askoren artean.

Hainbat erakusmahairen inguruan ere batu zen jendea gustuko egile horren sinadura bat lortzeko, eta ilara luzeak sortu ziren zenbaitetan; Huntza taldearen kasuan, esaterako. Liburuak sinatzeko zeregin horretan, hirugarren egunez, etenik gabea izan zen Toti Martinez de Lezearen jarduna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Pablo Larrainen 'Spencer' filmeko irudi bat. ©Donostiako Zinemaldia

Pablo Larrainen 'Spencer' izango da emanaldi sorpresako filma

Andoni Imaz

Etzi emango dute, 16:00etan, Viktoria Eugenian. Diana Spencer Galesko printzesari buruzkoa da.

Johnny Depp aktorea, atzo, Donostia Saria jasotzeko ekitaldian. ©Gorka Rubio / FOKU

Depp: «Arrazoi bakarrarengatik nago hemen: jendearengatik»

Edu Lartzanguren

Emazte ohiari tratu txarrak eman izanaren salaketa airean egon zen ekitaldian, nahiz eta inork ez aipatu zuzenean.

Thierry de Peretti zuzendaria eta Vincent Lindon aktorea, gaur, Donostian ©Jagoba Manterola / Foku

Droga trafikoaren barrunbeak eta kazetaritza, Sail Ofizialean

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Thierry de Peretti zinemagile frantsesak ‘Enquête sur un scandale d’état’ aurkeztu du Sail Ofizialeko lehian.‘La hija’ erakutsi du Manuel Martin Cuenca zuzendari espainiarrak sail berean, lehiatik kanpo

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna