Alex Txikon. Alpinista

«Izugarrizko zortea behar da Everesten»

Nepaldik bueltatu berritan, Everesteko espedizioari eta etorkizunari buruzko gogoeta egiteko garaia da Txikonentzat. Ez dauka garbi neguko espedizio gehiago egingo dituen.

AMAIA LARRUZEA.
Unai Ugartemendia.
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Everestetik bueltatu zenetik ez du denbora askorik pasatu etxean Alex Txikonek (Lemoa, Bizkaia, 1981). Lehenik, Granadan (Espainia) egon da dokumental bat grabatzen; gero, hitzaldiak eskaini ditu Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Bartzelonan; eta hori guztia gutxi ez eta telebista saio baten grabaziora joan da. Pozik dago, hala ere. Everesteko gailurrera (8.848 metro) ez iristeak ez dio lorik kentzen. Autokritika egin zalea da.

Nola itzuli zara Everestetik?

Oso pozik. Batzuetan sentsazio arraroak izaten ditut, batez ere saiatu ez izanaren sentsazioa dudalako.

Zer izan da gogorrena?

Hamabost egunez denda batean sartuta egotea. Taldea ondo zegoela jakinda, indarrez ere bete-betean egonda, eta saiatzeko aukerarik ere ez izatea, hori izan da gogorrena. Jendeari beste era bateko albisteak iritsiko zitzaizkion sare sozialetan, baina nik banekien Pumori igo eta gero [7.161 metro] negua amaitzen ari zitzaigula.

Aurten ere, iaz bezala, eguraldia izan al da etsai nagusia?

Bai, haizea gehienbat. Ez digu saiatzeko aukerarik eman. Konturatu naiz izugarrizko zortea behar dela Everesten [8.848 metro]. Okerrena zera da, horrelako espedizio handi bat antolatzea eta zortearen menpe egon behar izatea. Kanpoko faktore asko eduki behar dira kontuan, norberaren esku ez daudenak. Horietako batek kanpadendan sartuta eduki gintuen bi astean. Oso gogorra da. Ez dakit hitza etsaia den, baina egia da ekaitza eta haizea ulertzen jakin behar dugula.

Gauza asko aldatu al dituzue iazko espediziotik?

Taldea antzekoa izan da, baina bi lagun gutxiagorekin. Iaz hamaika izan ginen; aurten, bederatzi. Lanari begira jarrita, iaz beheko kanpalekutik lehen kanpalekura igotzeko bederatzi egun behar izan genituen; aurten, lau. Eremu horretan lan asko egitea tokatzen da, eta, nire ustez, asmatzen joan gara, Pumoriko gailurrera ere igo ginen. Orokorrean, gauzak hobetu daitezkeela jakinda ere, iruditzen zait oso lan txukuna egin dugula. Eta gauza garrantzitsu batez konturatu naiz aurten: Everesten negua otsailean amaitzen dela.

Zer esan nahi duzu, beste ahaleginen bat balego, hurrengoan lehenago joango zinatekeela?

Bai. Azaroan joan beharko genuke girora egokitzeko, horrela abendua eta urtarrila izango genituzke gailurrarekin saiatzeko. Hala ere, ez dut uste beste Everestik egongo denik.

Ez omen zara itzuliko…

Oso goiz da hori esateko, baina ekonomikoki ahalegin oso handia egin behar da joateko bakarrik. Indartsu sentitzen naiz neguko beste espedizio bat egiteko, baina etxera itzuli berri naiz, eta ez dakit...

Ezinezkoa ikusten al duzu neguan Everest igotzea?

Ez, ez, ezta gutxiago ere. Espero bagenuen ere, eguraldia oso ezegonkorra izan da. Adibidez, gailurrera igotzen saiatu behar genuen egunean, otsailaren 25ean, nahiko eguraldi ona iragarri zuten; gero, aldiz, egunik okerrenetakoa tokatu zitzaigun. Ez sinestekoa zen! Ez da ezinezkoa, baina iruditzen zait zorte apur bat behar dela. Une zehatza topatu behar da, ondo egokituta egotea...

Bigarren urtez esku-hutsik etxera.

Bai, hala da. Orain artean hiru aldiz saiatu naizen mendi bakarra K2 da, 2004an, 2011n eta 2013an. Kanchenjungan ere bi aldiz izana naiz, Shisha Pagman lau aldiz... Everest beste kontu bat da. Urte osoko lana eskatzen du, zorroztasun handia... Politena han bertan egotea da. Urte osoa pasatu dut alde batetik bestera, eta, azkenean, ez dakit horrek guztiak merezi duen. Mendian egotea bakarrik izango balitz, bueno, baina aldez aurretik egin behar den lan guztia, uf...

Aurreikuspenak bete al dituzue?

Nik uste dut ezetz. Gutxienez saiakera bat egin izan bagenu, agian bai; baina ez dugu hori bizitzeko aukerarik izan. Hori zen nire eskaera bakarra. Orotara, espedizioa oso positibotzat jotzen dut, baina nola hasi ginen ikusita, nahiz eta oso gauza gutxi izan genituen alde, esan dezaket ez ditugula bete aurreikuspenak.

Ez saiatu izanak frustrazioa sortzen dizu?

Ez, ez, oso motibatuta jarraitzen dut. Urteak aurrera doazen neurrian gogo handiagoa daukat naturan egoteko, mendian, eskalatzen... Ilusioz beteta nago, eta horrela jarraitzeko asmoa dut.

Zein dira Nanga Parbat eta Everesten arteko alderik nabarmenenak?

Altuera, gehienbat. Esan dezaket Nanga Parbat amaitzen denean hasten dela Everest. Everest 9.000 metrotik gertuago dago 8.000tik baino. Oso zorte handia behar da bertan. Antzekoa gertatzen da 100 metroko lasterketan, marka lortzen saiatzen direnean. Pistan egonda ere, haizea aurka izaten dutenean marka ezinezkoa izaten da. Ba pentsa Everesten... Historian inork lortu ez duen gauza bati buruz ari gara. Ez da txantxetako kontua, zerbaitengatik izango da.

Iazko espedizioan eskarmenturik gabeko Carlos Rubio izan zenuen bidelagun. Aurten, ordea, berriro ere Muhammad Ali Sadpararekin joan zara. Zer ematen dizu Ali Sadparak?

Oso sokalagun ona da, eta hari Nepalgo mendiak ezagutzeko aukera eman nahi nion. Pakistango mendietan sartuta aritzen da lan eta lan beti. Oso gustura ibili gara berriro. Hala ere, mendian nik eduki dut ardura guztia. Orokorrean, oso lantalde ona izan dugu, nahiz eta askok pentsatu horiek xerpak direla. Izugarrizko harremana izan dugu guztion artean, baina argi dago norberak bere gauzak dituela, eta bakoitzak badakiela zertara joan den mendira. Oso pozik nago taldearekin.

Zergatik ari zarete hain lagun gutxi neguko espedizioetan saiatzen?

Oso konpromiso handiko mendiak dira, eta, gainera, neguan. Pentsa, neguan hiru espedizio besterik ez gara egon: Tomek Mackiewicz eta Elisabeth Revol Nanga Parbaten, poloniarrak K2n eta gu Everesten. Ekonomikoki ere, udan edo udazkenean joateko baino garestiagoa da, eta jendeak gauza errazagoak nahi ditu.

Berriro ere itzuliko al zara neguko espedizio batera?

Ez dakit, gustatuko litzaidake besteren bat egitea. Sei edo zazpi urteotan joan naiz neguko espedizioetara, eta uste dut etxekoengan pentsatu behar dela. 36 urte ditut, eta ez diot jarraituko Iñurrategik edo Oiarzabalek daramaten bideari. Ez dut neure burua hemendik hamar urtera horrelako espedizio batean ikusten. Oso urte politak bizi izan ditut, baina ez dut uste nire ibilbidea asko luzatuko dudanik. Argi daukat hemendik hamar urtera ez naizela ibiliko nire bizitza jokoan jartzen.

Azken urteak gogorrak izan dira zuretzat.

Bai. Uste dut bizitzan etapa ezberdinak bizi behar ditugula. Egia da askotan pausoak aurrera ematearen beldur garela, gauza ezezagunetara jauzi egiteko beldurra dugula... Nik argi daukat beste gauza batzuk bizi nahi ditudala.

Guztiz baztertu al duzu neguan K2ko gailurra igotzen saiatzea?

Nik ez dut inor engainatu, eta Everestera irten aurretik argi esan nuen gailurra lortzeko aukera, dena ondo aterata, %10ekoa zela. Ba pentsa, K2rena %5ekoa da. Oraindik badut indarra hurrengo bi urteetarako, eta oso motibatuta nago; baina berriro ere urte osoko lana litzateke horrelako espedizio astun bat antolatzea. Argi daukat, gainera, K2koa talde sendo batean oinarritu beharko litzatekeela, nahiz eta gero mugikortasun handiarekin ibili. Mendi handiegiak iruditzen zaizkit talde txikian eta estilo alpinoan saiatzeko. Oso baldintza zehatzak beharko lirateke horrelako estilo batean igotzeko.

Aurten poloniarrak izan dira bertan, saiakerarik ere ez dute egin.

Nik ere saiakeraren bat egingo zutela pentsatzen nuen, baina ez dakit ziur zein egoeratan ibili diren. Haiek jakingo dute zer gertatu den, baina estatu mailako espedizio bat izanik, pentsatzen dut atsekabetuta itzuliko zirela. Hala ere, susmatzen dut berriro saiatuko direla hurrengo bi edo hiru urteetan. Nik ere urteak behar izan nituen Nanga Parbat neguan igotzeko. Horrelako mendiek ez dute besterik: saiatzea, saiatzea, saiatzea.

Oso espedizio gorabeheratsua izan da poloniarrena. Lehenik, erreskate bat egin zuten Denis Urubkok eta Adam Bieleckik; gero, Urubkoren gailur saiakera bakarrik...

Egia esanda, pena handia ematen dit. Denak lagunak ditut, eta ezagutzen ditut, baina ez dakit ondo zer gertatu den. Hedabideek ere ez dute asko lagundu. Espedizio buru gisa joan zen Krzysztof Wielickirekin egon nintzen joan aurretik; Urubko ere ezagutzen dut, eta biak ulertzen ditut. Urubkoren maila denok ezagutzen dugu, eta beste erritmo batzuetan ibiltzen da, baina berak bazekien norekin zihoan eta zein ziren baldintzak. Nik lan bat onartzen dudanean, badakit zer dagoen eta zein den nire lana; bestela, bere kasara antolatu zezakeen espedizioa eta kito. Ez da kritika egitearren, nik kanpotik ikusi dudana da. Dena oso arraroa izan dela dirudi.

Dagoeneko 11 zortzimilako eginak dituzu. Askok galdetzen al dizute zergatik ez zaren hamalauak osatzera joaten?

Uf, denek gauza bera galdetzen didate [barreak]. Argi daukat ez dudala hori egin nahi. Gauza bitxia pasatu zait azken espedizio honetan. Pumorin eta Nuptsen ibili gara, Ama Dablan [6.812 metro] ere hor dago, eta hara joateko gogoa sartu zait. Zortzimilakoen zerrenda amaituta behar nuen, baina gauza batengatik edo besteagatik hor gelditu da zerrenda. Pentsa, Euskal Herrian [Alberto eta Felix] Iñurrategi anaiak, [Juanito] Oiarzabal eta [Edurne] Pasaban; gertuan ere Carlos Pauner eta Jorge Egocheaga; Ferran Latorre eta Oscar Cadiach kataluniarrak... Nire izenak ez lioke ekarpen handirik egingo zerrenda horri.

K2ko arantza ateratzeko asmorik baduzu, udan besterik ez bada.

Bai, Ali Sadparaekin joatea gustatuko litzaidake. Bera udan joango da, baina nik aurten ez dut joateko gogorik. Egunero daukat deika berarekin joateko, baina ez daukat asmorik.

Oso jende gutxik deitu omen dizu elkarrizketa egiteko. Gailurra egitearen eta ez egitearen aldea izan daiteke?

Bai, baliteke. Gailurrera igo banintz, denek zein ona naizen eta zenbat balio dudan esango lukete; baina nik badakit mundu honetan zer eta zein dagoen, eta zergatik gerturatzen zaizkidan. Baina gailurra lortzearen eta ez lortzearen aldea oso esanguratsua izan daiteke. Egia da ere bi urtean nahiko espedizio antzekoak izan direla, Everesteko gailurrik gabe. Baina Pumoriko gailurra lortu dugu. Inork igo gabe zeukan 2001etik, eta lehen errepikapena zen neguan Jim Bridwellek, Ned Gillettek eta Jan Reynoldsek 1982an igo zutenetik. Inork ez dio batere garrantzirik eman. Halere, esan behar dut espedizioan zehar jende askok jarraitu gaituela, bai hedabideetan, bai Internet bidez eta baita sare sozialetan ere.

Udaberrian zerbait egiteko asmorik baduzu?

Ez, udaberrian ez. Udazkenean agian zerbait egingo dut.

Apusturik ez dago orduan aurten.

Ez, ez [barreak]. Argi daukat ez dudala errepikatuko iaz egin nuena. Esperientzia txarra izan zen apustua horrela amaitzea, gehienbat irabazia nuela ikusi eta gero, ia-ia han gelditu nintzela ikusita. Ikaragarri ikasi nuen apustu hartan: ondoan zein dauden ikustea, erori eta berriro jaikitzeko gai naizela ikustea, muturreko egoera batetik osatzea... Ia bi hilabete behar izan nituen berriro ere indarberritzeko. Ahal izango banu, egun hura ezabatuko nuke. Botoi bat sakatu eta apustu hura ezabatzeko aukera izango banu, ez izan zalantzarik sakatuko nukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.