Cristina Polonio. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Ez nuen espero Bera Bera bezalako talde indartsu batek deitzea»

Bera Berak Europako Ligako hirugarren saioko joanekoa jokatuko du gaur Errumanian, Ramnicu Valcearen aurka (14:00). Itxaropentsu dago Cristina Polonio: «Paris ere faboritoa zen, eta kanporatu egin genuen».

JUAN ANTONIO GOIKOETXEA.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berako beste kideek egin bezala, Cristina Polonio (Sevilla, Espainia, 1998) asteartean goizean goiz irten zen etxetik maletarekin. Aste trinkoa zuten aurretik: lehenbizi, autobus bidaia luzea Galiziara, hurrengo egunean Guardan jokatzeko; eta ostegunean, oraindik eta bidaia luzeagoa, handik irtenda eta autobusez eta hegazkinez bidaiatu eta gero, Errumaniara joateko, Ramnicu Valceara. Han jokatuko dute gaur, Europako Ligan. «Nekezak dira halako bidaia luzeak, baina seinale ona da: lehia bete-betean jarraitzen dugun seinale da», dio.

Bidaia luzea egin behar izan duzue Errumaniara iristeko. Halere, Guardesi irabazi izanak arindu egingo zuen dena, ezta?

Bai, noski. Partida zaila zen: batetik, Guardes aurkari gogorra da, eta, bestetik, haren pistan zaleek asko estutzen dute. Irabazi egin behar genuen lehen postuari eusteko, eta irabazi genuen. Pozik gaude; helburua bete genuen.

Zuazoren aurkako partidarekin konparatuta, neurketa biribilagoa jokatu zenuten.

Zuazoren aurka, gaizki ekin genion partidari. Guardesen kontra, ordea, ondo hasi ginen, eta nahiko kontrolpean izan genuen lehia.

Zuazok, gainera, mesedea egin zizuen: berdindu egin zuen Ro'Casarekin. Edonork har dezake edonor ustekabean?

Guk argi dugu hori. Partida guztiak jokatu egin behar dira, eta, bete-betean aritu ezean, lasai gal dezakezu puntu bat edo biak.

Hala ere, zuek oraindik ez duzue partidarik galdu, eta neurketa bakarra falta zaizue etenaren aurretik; hain zuzen ere, aurkari zuzen baten aurka: Gijon. Galdu gabe amaitzea da helburua?

Bai, eta bide onean gaude. Ondo ari gara, baina ezin gara lasaitu. Edozein partidatan ihes egin diezazuke punturen batek, eta guztiak oso garrantzitsuak dira.

Gaur, Europako Ligan jokatuko duzue. Zer itxura hartzen diozu?

Partida oso zaila izango da, aurkari indartsua baita Valcea. Beroketa saiotik lehia amaitu arte oso adi egon beharko dugu. Baina oso gogotsu gaude, are gehiago Guardesi irabazi eta gero. Ondo gaude.

Ustez, Valcea da faboritoa?

Hori diote apustuek, baina Paris ere faboritoa zen, eta kanporatu genuen. Gogoz gainezka jokatu genuen, eta, berriz horrela arituz gero, aukera izango dugu. Garrantzitsuena ez da nor den faboritoa, baizik eta unerik erabakigarrienetan nork duen burua hotzago.

Errumanian dagoen osasun egoera dela eta, ateak itxita jokatuko duzue. Horrek mesede egiten dizue?

Guk eskertu egiten dugu zaleekin jokatzea, oso hotza baita harmaila hutsik ikustea. Baina, kasu honetan, ikusleak egonez gero, aurka izango genituen. Beraz, mesede egin diezaguke. Zorionez, guk ikusleekin jokatuko dugu itzulikoa, etxean. Aldea dago.

Kluba saiatu da bi partidak Donostian joka zitezen, hango osasun egoera txarra dela argudiatuta. Lasai zaudete?

Bai. Gauza gutxi egingo dugu hemen: entrenatu eta jokatu, besterik ez. Arduraz jokatuz gero, ez da ezer gertatu behar. Lasai gaude, eta oso gogotsu.

Parisen eginikoa duzue akuilu?

Bai. Ez genuen asko gozatu, segituan jarri baikinen buru-belarri ligan. Baina oroitzapen ederra dugu. Balentria handia egin genuen.

Oso berezia izango zen zuretzat. Udan Bera Berara iritsi aurretik, mailari eusteko sufritzera ohituta zeunden. Lehen gutxitan irabazten zenuen, eta orain, ia beti. Aldea dago, ezta?

Bai, motel [barrez]. Baina behean ere ikasten dira gauzak: porrotak barneratzen eta atzetik zabiltzan norgehiagokak kudeatzen, besteak beste. Sentipenak hobeak dira orain, askoz gehiagotan irabazten baitugu.

Bera Beraren deiak ezustean hartu zintuen?

Erabat. Imanolek [Alvarez, entrenatzailea] deitu zidanean, zer esan ez nekiela geratu nintzen. Morvedren ia ez genuen irabazi, eta ez nuen espero Bera Bera bezalako talde indartsu batek deitzea.

Aurkezpenean kirol arduradunek esan zuten Eli Cesareok eta Ainhoa Etxeberriak ez dituzten zenbait berezitasun dituzula. Zuk, berriz, azaldu zenuen «izaera» eskainiko zenuela. Nolako jokalaria zara?

Ez naiz ez garaia, ezta indartsua ere. Baina ez naiz kikiltzen. Izaera jartzen diot guztiari.

Zer moduz egokitu zara?

Oso ondo. Nahiko azkar egokitu naiz. Zenbat eta gehiago ezagutu taldekideak, orduan eta errazagoa da egokitzea.

Laura Hernandez eta Maria O'Mullony taldekideekin bizi zara. Horrek erraztu egin du lana?

Bai. Asko eskertzen da toki berri batera iristean ingurua ezagutzen duen jendeak laguntzea.

Irudikatu zenuen bezalakoa da Bera Bera?

Bai. Oso argi nuen haren lorpenen atzean lan handia eta sakrifizio asko daudela. Talde profesionala da, baina aldi berean multzo batua dugu. Oso gustura gaude, eta horri esker ere ari gara horren ondo.

Non sumatu duzu aldaketarik handiena?

Entrenamenduetan. Ni ohituta nengoen egunero lan saio luze bat egitera; hemen, berriz, saio laburragoak egiten ditugu, baina egunean bizpahiru. Intentsitate handiagoarekin entrenatzen gara.

Zer eskatzen dizu Alvarezek?

Barruan dudan guztia emateko, eta, jokoan, defentsan bizi mugitzeko, eta korri egiteko.

Pozik zaude zure lanarekin?

Bai, baina argi dut asko dudala hobetzeko. Horretan ari naiz.

Cesareoren lesioa dela eta, asko jokatu duzu azkenaldian, eta oso ondo aritu zara. Hobetzeko, jokatu egin beharra dago?

Mesede egiten du, baina 20 edo 50 minutu jokatu, nire lana da beti bete-betean aritzea.

Nola eragin dizue Adriana Cardosok taldea uzteak?

Inork ez zuen espero. Maitane[Etxeberria] dugu postu horretan, eta oso ona da, baina hutsune garrantzitsua da. Oraingoz, ondo egin diogu aurre. Ea horrela jarraitzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.