Alberto Arteta. Saxofoi jotzailea

«Oso zaila da jazza izatea bizibide»

Nafarroako jazz musikaren izen handi bat da Alberto Arteta. 'Behar bizia' diskoa ondu du Laurok taldearekin; musikari gisa aurrera jarraitzen laguntzen dion behar biziari egin dio omenaldia diskoarekin.

Ane Eslava.
Gares
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Oso gaztetatik izan du jazz musika bidelagun Alberto Arteta (Gares, Nafarroa, 1985) saxofoi jotzaileak. Mundu osoko agertokietan aritu da saxofoi tenorearekin, talde eta orkestra askorekin batera. 2014an Alberto Arteta Group taldea sortu zuen, eta bi disko eta hamaika kontzerturen ondoren utzi zuten. Iaz, berriz, Laurok taldea sortu zuen, Alejandro Mingot, Dani Lizarraga eta Kike Arzarekin. Otsailean kaleratu zuten Behar bizia izeneko diskoa, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin, eta, ordutik, hamaika kontzertutan jo dituzte diskoko bederatzi kantuak, baita berriak sortu ere. Bihar, Ribaforadan (Nafarroa) emango dute kontzertua, Kultur programaren barruan.

Nola sortu zen Laurok taldea?

Diskoa grabatu baino hilabete batzuk lehenago hasi ginen elkartzen. Hor, nonbait, nik sentitu nuen nire aurreko boskotearen bizitza amaitzen ari zela, nire ideiak beste ildo batetik joaten zirela. Hala bukatu nuen boskoterekin eta hasi nuen proiektu berri hau, Laurok. Hasieran, laukotea izan behar zuen, baina deitu genuen Chris Kase tronpeta jotzaile estatubatuarra, eta diskoko hiru kantatan jo zuen; orain, kontzertuetan, guztiak jotzen ditu. Orain, boskotea gara.

Hasieran, taldekide denek ideia edo asmo berberak zenituzten?

Proiektua nik sortu nuen, eta musikari hauek deitu nituen uste dudalako musika ulertzeko modu bera dugula. Jazz musikan beharrezkoa da entzutea, aurreiritzirik gabe jotzea, eta uste dut musikari horiek justu momentu horretan pentsamendu hori zutela. Gainera, lagunak gara, eta horrek ere garrantzia du.

Bostak aritzen zarete musika irakasle lanetan. Ez dago jazz musikatik bakarrik bizitzerik?

Oso zaila da. Egin genezakeen, baina sakrifizio handia egin ostean. Fakturak lasai ordaindu nahi badituzu, jazz musika jotzearekin ez duzu aski, ez bazara izen handi bat. Musikari gehienek dute beren irakasle aldea. Eta lasaitasun ekonomikoak zuk nahi duzun musika eta proiektuak egitea ahalbidetzen dizu. Hori da gure hautua. Bakarrik freelance izanda, edozein musika egin beharko zenuke, edozein artistarekin egin beharko zenituzke birak, eta, agian, ez da hori zuk egin nahi duzuna.

Aurreko taldeko kantuekin alderatuta, Behar bizia diskoko kantuak lasaiagoak dira, ezta?

Melodiak dira, konposizio aldetik ez dago lan askorik. Hori kontzertuetan pentsatuta egin dut: aldiro gauza ezberdin bat gerta dadin. Oso lotura gutxi duen musika da. Kontzertuetan, nola sentitzen garen, non gauden, bide batetik edo bestetik joaten gara. Hori nahita egin nuen horrela, musikak ez izateko kortserik, aske hegan egiteko kontzertu bakoitzean.

Jazz kantuak dira, baina badute beste musika estiloetako eraginik?

Bai. Hemen dago nik entzun dudan musika guztiaren eragina: euskal erroak, pop eta rock kutsua... Azken finean, musikari nafar bat naiz musika estatubatuarra egiten. Nahi edo ez nahi, hor daude hemengo influentziak. Eta harro nago horietaz.

Kantu guztiak zureak dira, Bill Evansen kantu baten bertsioa kenduta. Zergatik sartu duzu?

Normalean, disko guztietan sartzen dut jazz estandarreko kantu bat, eta, kasu honetan, Bill Evansen Show type tune aukeratu dut, konposizio aldetik beste kantuen oso antzekoa delako. Oso melodia soila du, eta kontzertuetan bide batetik edo beste batetik eramaten dugu. Dena den, kontzertuetan errepertorioa aldatuz goaz: orain, ez ditugu abesti guztiak beti jotzen, beste batzuk sortuz goaz.

Zuen musika, beraz, kontzertuetan sortzen da?

Bai. Kontzertuak erabiltzen ditugu errepertorio berria probatzeko. Nik ideia bat eramaten dut, eta zuzenean jotzen dugu. Funtzionatzen badu, gauzak gehituz goaz, eta, azkenean, grabatzen dugu. Gero, berriz aldatuko da.

Hiru kanta labur sartu dituzue, hasieran, erdian eta amaieran. Zergatik?

Kanta bera dira, berez. Melodia bat da, eta hiru modutan jo dugu, momentuaren arabera, kasik hitzik egin gabe. Hiru zati hauek dira emaitza; jarraitutasuna emateko sartu ditugu diskoan.

Halako kantuak sortzeko eta inprobisatzeko, konexio handia egon beharko da zuen artean...

Bai, jazz musika komunikazioa da: hizkuntza bat da, eta, horren bitartez, beste musikariekin gauzak konpartitzen dituzu. Ez du esanahi finkorik; zerbait sakona da, sentimenduen ingurukoa. Hori da jazz musika niretzat. Bost musikarion artean egiten dugun inprobisazioak inprobisazio bakarra izan behar du. Alde horretatik, disko hau indartsua da, oso konexio sakona dagoelako gure artean.

Jazza komunikazioa dela diozu. Beste musika estilo batzuk baino gehiago?

Nik jazz, pop, rock eta estilo guztietako kontzertuak egin ditut, baina jazzak ematen dit askatasuna benetan adierazteko. Beste musika batzuek ez dute horrenbeste sakontzen zentzu horretan. Jazzaren kasuan, kontzertu guztiak desberdinak dira, nahiz eta errepertorio berbera jo. Horrek asetzen nau ni.

Hartzaileekin ere sentitzen duzu komunikazioa?

Bai, noski. Askotan sentitzen dut, baina asko aldatzen da agertokiaren arabera. Niretzat, lekurik onenak klub txikiak dira; hurbiltasuna dagoenean, sortzen den giroa benetan berezia da. Jaialdi handietan ez dago hurbiltasun hori; konexioa sor daiteke, baina musikariarentzat ez da horren nabaria. Eta tokia aldatuz joatea ere aberasgarria da, musika asko aldatzen delako lekuaren arabera.

Oraingoan, nola erantzun dute?

Oso ongi. Jendeak zuzenean konektatu du musika honekin.

Disko honetako abestien artean, zein da zuretzat bereziena?

Bereziena nire semeari eskaini niona da [Aritz], baina guztiak dira bereziak; guztiek dute esanahiren bat, eta bakoitzak toki batean kokatzen zaitu. Kantak konposatzean beti heltzen naiz zerbaitetara. Elur bustia, adibidez, neguko egun batean konposatu nuen. Etxean nengoen, eta kalean kristoren hotza egiten zuen. Leihotik begira nengoela, pentsatu nuen: «Zer gaizki dauden hor kanpoan, eta bakarrik kristal batek bereizten gaitu». Pentsatu nuen izugarria litzatekeela sentsazio hori kantu batean transmititzea, eta horretan saiatu nintzen. Baina musikak ez du ezer zehatza transmititzen; ez du esanahirik, bakoitzak ematen dio. Nik batzuetan azaltzen dut Elur bustia-ren istorioa kontzertuetan, baina beste batzuetan ez, entzuleek beren interpretazioa egiteko.

Halako kantuak sortzeko erabaki zenuen Laurok taldea egitea?

Bai, hori izan zen nire behar bizia. Behar bizia musikari guztiok dugun sentimendu bat da, laguntzen gaituena egunero jaikitzen, eta musika ez diren lan guztiak egiten: telefono deiak, kudeaketa, fakturak... Nik badut; betidanik izan dut. Eta behar bizi bat sentitu nuen boskotearen atea ixteko eta talde honena irekitzeko. Orain, hainbeste lagundu didan behar bizi horri eskerrak eman dizkiot diskoaren tituluarekin.

Beti izan duzu jazza bidaide?

6 urte nituela hasi nintzen saxofoia jotzen, baina jazzarekin lehen harremanak 18 urterekin izan nituen, orain irakasle naizen kontserbatorioan. Orduan ikusi nuen benetan zer zen, eta hasi nintzen saxofoiarekin gogor praktikatzen. Segidan hasi nintzen kontzertuak egiten, eta, bat-batean, musika nuen bizibide: bilatu gabe, musikari bilakatu nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.