Manu Gonzalez. Kirol medikua

«Kirolariek espero baino errendimendu hobea emango dute»

Kirolari profesionalak modu batean edo bestean entrenatzen aritu dira euren etxeetan, eta, esku artean daturik ez izan arren, arlo fisikoari nolabait eutsi diotela uste du Manu Gonzalezek.

MANU GONZALEZ.
Mikel O. Iribar.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ia bi hilabeteko itxialdiak eragindako geldialdiagatik, eliteko kirolariek nahikoa lan izan dute euren kabuz entrenatzeko. Orain, konfinamendua arintzeko fasean sartuta, ohiko jarduerari presarik gabe heltzea aholkatu du Manu GonzalezGipuzkoako Futbol Federazioko kirol mediku eta EHUko Fisiologia saileko irakasleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1958)«Bestela, lesioak izateko arriskua izan dezakete».

Geldialdi honek fisikoki nola eragin die eliteko kirolariei?

Momentu honetan daturik ez daukagu esku artean jakiteko konfinamendua ezarri zenetik gaur arte kirolariek fisikoki zer-nolako bilakaera izan duten. Halere, ezohiko egoera honek kirol modalitate bakoitzari ezberdin eragin dio.

Adibidez?

Arraun munduan, esaterako, konfinamenduak iraun bitartean, arraunlari gehienek ergometroa izan dute etxean entrenatzeko, eta ez dut uste fisikoa asko galdu dutenik. Hori bai, ezarritako arautegia dela eta, talde lanean aritzeko gabezia izan dute, uretara ezin izan baitira atera. Pilotarien kasua, berriz, ezberdina da; etxean espazio handirik izan ezean, ezin izan dituzte potentzia altuko ariketak landu. Eskuak lantzeko ere aukerarik ez dute izan denbora honetan. Agian, ezaugarri fisiko batzuk mantendu dituzte, baina, behin lehiatzen hasita, arazoak izango dituzte.

Behar bezala entrenatu ezinagatik, aldaketak jasan dituzte gorputzean?

Kirolariak denbora jakin batean jarduera fisikorik ez badu egiten, hipertrofia izan dezake, hau da, gihar eta pisu galera, baita gantz masa areagotzea ere. Halere, uste dut kirolari profesional gehienen kasua ez dela hori; egin duten lanarekin giharrak eta bihotzaren gaitasuna mantendu dituzte nolabait.

Psikologikoki, ordea, eragin izan die ezta?

Egoera horrek sortu duen ziurgabetasuna oso txarra izan da kirolarientzat eguneroko jardunarekin jarraitzeko. Are gehiago entrenatzeko baliabiderik ez dutenentzat. Motibazioa galtzea ere eragin die. Dena den, kirolariokzerbaitegatik dira profesionalak; euren burua kontrolatzeko gaitasuna dutelako.

Denbora libre gehiago izan dutela eta, kirolari batzuk behar baino gehiago entrenatu dira. Zer ondorio izan dezake horrek itzultzean?

Kirolariak bere buruari exijentzia handia ezartzen badio, eta karga handiarekin entrenatzen bada, atseden hartzeko tarterik ez du izango. Egindako gehiegizko esfortzua behin eta berriz errepikatzeak errendimendu baxua izatea dakar, eta, aldi berean, neke egoera kronikoan sar daiteke. Hori oso arriskutsua izan daiteke. Hilabeteak behar izaten dira egoera hori gainditzeko. Lehiaketara itzultzean kontuan hartzeko faktorea izan daiteke.

Kirolari batek epe laburrean nola daki gehiegizko esfortzua egin duela?

Adibidez, bihotz taupaden erritmoarekin. Goizean esnatzean, ohean dagoela, taupaden erritmoa hartu, eta egun berean entrenamendu luzea eta intentsua eginez gero, biharamunean bihotz taupadaren erritmoa altuagoa izan daiteke. Horrek esan nahiko du aurreko eguneko entrenamendutik ez dela guztiz errekuperatu.

Taldeko kiroletan, berriro elkartzen direnean, zer izango da egin beharreko lehen zeregina?

Taldea konfinamendutik zer moduz atera den ikusi beharko litzateke aurrena. Horren harira, kirolari bakoitzak itxialdia hasi zenetik nolako bilakaera izan duen jakiteko testak egingo nizkieke kirolariei, modalitateari egokituta, betiere: pisua, fisikoa, indarra, abiadura… Pare bat aste igarota, karga serioekin hasteko moduan izango dira.

Lehiatzera itzultzean, kirolariek nolako errendimendua emango dutela iruditzen zaizu?

Kirolariek pentsatzen duten baino errendimendu hobea emango dutela uste dut. Modu batean edo bestean, itxialdian entrenatzen jardun dute. Hori bai, sasoi onera iristeko bizpahiru aste beharko dituzte, eta hasierako lehietan ez ditugu errekorrik egiten ikusiko.

Datozen hilabeteetan, kirol modalitate askok, futbolak eta txirrindularitzak, adibidez, egutegiak estutu egingo dituzte. Fisikoki galerarik izango dute kirolariek?

Bai, izango dute. Azken hilabeteetan, euren gaitasuna eta ahalmena ezin izan dituztenez erakutsi, dena ematera aterako dira. Egun gutxitan proba edo norgehiagoka asko izango dituzte, eta horrek gehiegizko esfortzua egitea eragingo die, eta lesioak izateko arriskua handituko. Bestalde, entrenatzaileek beren kirolariek konfinamenduan zehar galdutakoa berehala errekuperatu nahi izateko tentazioa izango dute; kirolarientzat, erabaki hori kaltegarria da.

Kirol batzuetan jada aurtengo denboraldia bukatutzat eman dute. Hemendik aurrera zer egin behar dute kirol horietan aritzen direnek?

Edozein modutan ariketa fisikoa egiten jarraitzea beharrezkoa da. Horretarako, bizimodu aktibo bat izateko programa bat egin beharko lukete, hurrengo denboraldia sasoi onean hasi ahala izateko. Nire iritziz, ez dituzte oporrak behar orain.

Etorkizunean horrelako egoera batekin topo eginez gero, kirolariek zein arlotan hobetu beharko lukete, egin dituzten akatsak ez errepikatzeko?

Datozen hilabeteetan ikerketa asko kaleratuko dira, eta emaitza horietatik ziurtzat jo daitezkeen ondorio jakin batzuk aterako dira. Kirol arloari dagokionez, batetik, bakoitzak bere etxean ariketak egiteko plangintza bat finkatu beharko luke, entrenamendu makinetara soilik mugatu gabe. Bestetik, ahalik eta lasterren irizpide batzuk ezarriko nituzke, arlo fisikoa eta lanerako ahalmena mantentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.