Natxo Lopez. Gidoilaria

«Zigilu pertsonala duten telesailak bilatzen dira»

Lopezek 'Perdida' telesaila sortu zuen Antena3 katearentzat. Irekian oharkabean pasatu zen, baina Netflixen arrakasta handia izaten ari da Latinoamerikako herrialde askotan.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Natxo Lopez Iruñean hazi zen(Madril, 1976), eta iruindartzat du bere burua. Etxeko ordenagailuan lan egitera ohituta dago, etakonfinamenduak ez dio asko aldatu egunerokotasuna. «Hilabeteotan inoiz baino gehiago lan egin dut». Bihar Conecta Fiction Reboot topaketan parte hartuko du, «fikzioaren ahots berriei» buruzko solasaldi batean.

Nola sortu zen Perdida telesaila egiteko ideia?

Antena3ek telesail bat egin nahi zuen desagertutako haurrekin lotutakoa. Big Bang Media ekoiztetxeak ideia bat aurkeztu zuen, baina Antena3ek beste buelta bat eman nahi zion, eta beste bide batzuk esploratu. Orduan deitu ninduten telesaila sortzeko; neska baten desagerpenetik abiatu behar zen istorioa. Aurreneko bost atalak idatzi nituen, eta konbentzituta gelditu ziren.

Istorioa Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Kolonbian garatzen da. Nolakoa izan zen Kolonbian lan egitea?

Gidoiaren idazketan Kolonbiari buruz ikertzen aritu nintzen: nolakoa den herrialdea, nolakoak hango espetxeak... Bestetik,mundu osoan ulertuko zen istorio bat sortu nahi genuen. Ekoizpena osorik Espainiakoa da, nahiz eta Kolonbiako profesionalek parte hartu duten: produkzio talde bat eta hainbat aktore Kolonbian kontratatu ziren. Oso ondo egin genuen han lan; profesional bikainak daude Kolonbian. Azkenaldian AEBetako fikzio asko ere egin dira Kolonbian; ikasketa prozesu bat izan dute.

Antena3en Perdida-k ikusle datu apalak izan zituen. Nolatan ari da lortzen Netflixen halako arrakasta?

Antena3en ematen hasi zirenean, bagenekien Netflixek erosia zuela. Nahiko lasai geunden, bagenekielako telesailak beste bizitza bat izango zuela. Narratiboki nolakoa den jakinda, plataforman ondo funtzionatu zezakeela pentsatzen genuen. Fikzioak gero eta okerrago funtzionatzen du doako telebistetan. Antena3en telesailak ez zuen promozio handia izan, eta parean La isla de las tentaciones saioaren fenomenoa izan zuen. Hala eta guztiz ere, astero milioi bat ikus-entzule genituen Antena3en. Orain, Netflixen egonda, Latinoamerikan sekulako tiradizoa izaten ari da, apenas promoziorik gabe. Oso pozik gaude.

Zer herrialdetan ari da hobekien funtzionatzen?

Kolonbian bertan, Argentinan, Mexikon, Txilen, Panaman eta Uruguain. Horietan gehien ikusitako hamarren zerrendan dago. Portugalen eta Espainian ere bikain dabil. Ingelesezko bikoizketak egiten dituztenean, mundu osora zabalduko da.

Horrek ateak irekiko al dizkizue bigarren denboraldia garatzeko?

Denbora bat pasatuko da hori jakiten den arte. Baina aurrekontu txikia da, eta ondo luzitzen du. Netflixen gisako plataforma batentzat erakargarria da hori. Badakigu bigarrenerako aukera egon daitekeela, eta nik gidoilari gisa badakit istorioa nondik nora joango litzatekeen.

Conecta Fiction Reboot Interneteko topaketan parte hartuko duzu. Zer hausnarketa egiten duzu fikzioko koprodukzioen inguruan?

Oso garai polita da koprodukzioentzat. Duela gutxi arte, Espainiako telesailak ez ziren atzerrira zabaltzen. Gaur egun, berriz, edozein proiekturen sorreran pentsatzen da kanpoan ere saldu ahalko dela. Plataformek ekarri dute hori, konturatu baitira Espainiako edukiak ondo saltzen direla beste herrialde batzuetan. La casa de papel katalizatzailea izan da. Horrek guztiak ekartzen du produktu interesgarriagoak egin ahal izatea narratiboki ere.

Europan gidoilariei kasu gehiago egiten zaie orain garai batean baino?

Bai; duela hogei urte, hasi nintzenean, proiektu bat aurkezten zenean telebista katea batean, ez ziren gidoilariak joaten, ekoizleak baizik. Berdin zuen nork idatzi zuen. Orain edozein plataformak galdetzen du proiektua nork idatzi duen. Funtsezko galdera da. Zigilu pertsonala duten telesailak bilatzen dira. Hori lortzen da indarra eta aitortza sortzaileari ematen, proiektu pertsonalak egin ditzan, ahots propioarekin. Hori lortzen ari da gidoilariei esker, baita gidoilarien sindikatuei esker ere. Oso lan garrantzitsua egiten da Espainiako gidoilarien sindikatuan. Egoera hobetu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.