Kulturari erreparatu eta entzungo dio 'Ur handitan'-en azken saioak

Gaur amaituko da 'Ur handitan'-en bosgarren denboraldia. Denetara 35 saio egin dituzte

Ur handitan saioko azken ataleko irudi bat, Azkoitian, Bulego taldearen kontzertuan. UR HANDITAN.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Gaur gauean ikusi ahalko da Ur handitan programaren bosgarren denboraldiko azken kapitulua, 22:30ean, ETB1en. Kulturari berriz nola ekin izango da gaia. Usua Garinek (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) zuzentzen du programa, eta haren arabera: «Denboraldiko azken saioan programako lantalde osoa kontzertu bat entzutera joango da. Zehazki, duela gutxi Azkoitian [Gipuzkoa] Bulego taldeak eman duen kontzertura joango gara: aire librean egin den lehenengoetakoa izan da alarma egoeratik atera ginenetik».

Denboraldia «positibotzat» jo du Garinek, baina «nekatuta» bukatu dutela ere aitortu du: «Aurtengo denboraldian inoiz baino saio gehiago egin ditugu: 35 guztira. Horrek dakarren lan eta esfortzuarekin». Horregatik, lantaldeak eta ikusleek atsedena behar dutela uste du programako zuzendariak.

Garinek zuzentzen duen lehen denboraldia izan da amaitzear dena, Ane Rotaetxeri lekukoa hartu eta gero. «Energia oso indartsuarekin hasi zen denboraldia, saio oso borobilak egiten eta audientzia datu oso txukun eta egonkorrekin», esan du zuzendariak.

Hala ere, COVID-19aren gaitzak «hankaz gora» jarri du programaren lan dinamika: «Eragina izan du taldean eta eskaintzen dugun produktuan», Garinen iritziz. Baina, «zorionez», saioak aurrera jarraitu du konfinamenduan, etxetik bada ere, eta lan erritmoa guztiz aldatuta: «Kontuan izan behar da asteartean saio bat ematen badugu, beste bi jada grabatuak ditugula: badugu nolabaiteko koltxoi bat. Pandemia hastean, denok gure etxera joan ginen, zer gertatuko zen jakin gabe; eta erabaki zenean saioari berriro ekingo geniola, inolako marjinarik gabe hasi ginen lanean. Oso azkar egin behar izan genuen lana, eta Ur handitan saioak beste tempo bat dauka», esan du Garinek

Urrian bueltatzeko gogoz

Bosgarren denboraldi osoan, gai ugari landu dituzte, erretinosi pigmentarioa duten pertsonengandik hasi, Kataluniako egoera politikotik pasatu eta klausurako mojenganaino. Heriotzari buruzko saioa oroitzen du Garinek: «Zalantza asko izan genituen saioarekin, askotan uste dugulako heriotzaren gaia ez dela erakargarria izango. Baina taldeari garrantzitsua iruditu zitzaigun gai hori mahai gainean jartzea».

Haur minbiziari buruzko saioa ere izan du denboraldiak: «Familia horiek oso ausartak izan ziren: etxeko eta ospitaleko ateak zabaldu zizkiguten, eta utzi ziguten beraien egunerokoa, bere alde on eta txarrekin, oso modu errealean irudikatzen», zuzendariaren arabera.

Dena den, beste mila gairi heltzeko prest dago Ur handitan saioko lantaldea. ETB1 «orain udako parrilan zentratuta» dagoenez, ez dakite zehazki noiz itzuliko diren pantailetara. «Espero dugu urrirako bueltan izatea: denboraldi berri batek eskatzen dituen aldaketatxoekin eta ikusi ditugun akatsetatik hausnartutako gauzekin», zuzendariaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.