Egunero bi herri lehiatuko dira Euskal Irratietako 'Gora herria'-n

Artzen Letonak gidatuko du udako saioa, eta herritarren artean zortzi jolas egingo dituzte

Artzen Letona irrati esataria, erdian, Gora herria saioaren grabazio batean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Lehia izango da aurten Euskal Irratietako udako bereizgarria. Astelehenetik ostiralera arteko eguerdietan Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bi auzo edo herri parez pare jarriko dira estudioko mikrofonoetan, eta elkarren aurka lehiatuko dira. Gora herria du izena astelehenean abiatu zen programak. «Beste urteetan eguerdiko tartean bagenuen Itzalean izeneko programa bat, eta bazen udako ekitaldi, hitzordu eta gauza ezberdinei lotua; baina egoera berezia bizi dugu, eta alternatiba bat atera dugu». Artzen Letona saioaren aurkezleak eman ditu azalpenak. Etzi Gabadi eta Amendüze (Nafarroa Beherea) arituko dira lehian.

Elkar zirikatzeko, eta umorez egindako saioa da, azaldu duenez. «Auzo herrien artean beti dago kitzikatzeko aukera, eta umore onean ibiliz, herriak ezagutzeko aukera ere ematen du saioak». Aste honetan egin dituzte lehen programak, eta horietatik herritarrak gustura atera dela dio, «eta entzuleen aldetik ere erantzun ona» jaso dutela dio. Herri bakoitzetik herritar talde bat joaten baita programara, eta gertuko jendea irratian lehian entzuteak beti harrera ona izan ohi duela dio.

Gora herria saioan zortzi jolas egingo dituzte egunero. Lehenbizi, talde bati beste taldeko herri edo auzoaren inguruko galderak egingo dizkiote, «ikusteko zenbat ezagutzen duten elkar»; kantu bat jarriko dute ondoren, eta zein den ezagutu beharko dute; kirola ere egingo dute irrati estudioan, eta talde bakoitzeko kide batek flexioak egin beharko ditu; galdera orokorrak ere egiten dituzte irrintzi lehiaketaz gain; azkenik, kantu baten hitzak jarraitu beharko dituzte lehiakideek, eta bertso bat kantatu amaitzeko.

Jolas horietako batzuk itxialdi garaian sortu zirela dio Letonak. «Denetarik sartu dugu sasoi horretan; konfinamendu garaian irratian lankide bat eta biok geunden, eta, kantu eskaerak sartzen ez zirenez, hasi ginen desafioak egiten, kirola eginez edo dantzatzen». Hortik hartu dute flexioak egitearen ideia, esaterako.

Eguneroko erronka

Orain arte antzeko lehiaketak eginak dituzte Euskal Irratietan. Iraganean bi herrietako jai batzordeekin egiten zituzten halako lehiaketak, edo Seaskako ikastola bat bestearen aurka ere jarri izan dituzte jolasean. Baina sekula ez hainbeste egunez jarraian. Izan ere, uda osoan zehar egunero bi herritako biztanleak batu behar dituzte, eta hori izaten ari da orain arte lanik zailena. «Hasieran, denek esaten dizute baietz, baina, ondoren, eguna jarri behar denean, beti badute zerbait». Horregatik, uda osoan halako programa bati eustea erronka bat dela esan du Letonak. Gure Irratiko lankideek Lapurdiko biztanleak bilatzeko ardura izango dute, Antxeta Irratikoek Bidasoa ingurukoak, eta Letonak Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak bilatuko ditu lankide baten laguntzarekin. «Denetara, 80 herri dauzkagu; beraz, badaukagu aski lan herritarrak bilatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.