Jaime Echenique. Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Nire ibilbidearen hasieran askok esan zidaten ez nuela balio»

Kolonbian ere bada saskibaloia, eta jokalaririk ezagunena Donostian ari da. Kirol hori zenik ere ez zekien Echeniquek hasi zenean, baina elitera heldu da, eta baliteke gaur betetzea NBAko jokalari izateko ametsa.

GIPUZKOA BASKET.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gaur goizaldean jakingo du Jaime Echeniquek (Barranquilla, Kolonbia, 1997) NBAko talderen batek aukeratu duen draft izeneko hautaketa ezagunean. Hori du amets, baina badaki Gipuzkoa Basketen ari dela udatik. Burua hemen duela dio behintzat. ACB ligan egiten ari den zenbakiek ez diote kontrakorik: taldeko onena da, eta ligako baloraziorik onenetan hamahirugarrena, oraingoz.

Nola dago taldea garaipen bakarrarekin?

Ez genuen horrela egon nahi, baina baikorrak izatea tokatzen da. Bakoitzak bere onena ematen segitu behar du entrenamenduetan, eta hobetzen saiatu. Partidetara beste mentalitate batekin heldu behar dugu.

Arazorik handiena psikologikoa da, hortaz?

Gauzak okertzen zaizkigunean partidetan, ezin dugu hondoa jo.

Zure zenbakiak, hala ere, onak dira: ia hamabi puntu eta sei errebote partidako.

Onena ematen saiatzen naiz partida guztietan, eta pozik nago zenbakiekin. Ez zen erraza niretzat liga berri batera etortzea. Taldeari lagundu nahi diot.

Joventut duzue hurrengo aurkaria, igandean, eta hori ere, kontrario zaila.

Talde guztiak dira gogorrak ACB ligan, eta ezin dugu lo hartu. Ondo ekin behar diogu partidari, gure jokorik onena egiteko.

Zer ari zaizu iruditzen liga hau?

Oso ezberdina da NCAArekin alderatuta, handik bainator. Gehiago lehiatzen da hemen, eta taldeek dena dakite besteen inguruan. Horrek asko harritu nau. Bestelakoan, jokalari oso onak daude.

Zer ezberdintasun dago NCAAren eta ACB ligaren artean?

Arlo fisikoa eta teknikoa. Han asko jokatzen da buruz buru, eta hemen, berriz, sistemek garrantzia handia dute. Espazioak gehiago baliatzen dira hemen, eta zailagoa da saskiratzea.

Gehiago gustatzen zitzaizun hango jokatzeko modua?

[Barrezka] Egokitzea da kontua.

Gaur da NBAn sartzeko aukeraketa [draft delakoa], eta talderen batek aukera zaitzake, izena emanda zaudelako.

Jainkoaren esku daukat dena utzita. Orain, nire burua taldean daukat, Joventuten partidan.

Zure ametsa da NBAn jokatzea.

Gustatuko litzaidake lehen kolonbiarra izatea NBAn jokatzen, baina esan dizut Jainkoaren esku dagoela, eta burua hemen dudala. Nire esku dagoena da nik egunero lan ona egitea. NBAko taldeek zein jokalari aukeratuko dituzten ez dago nire esku.

Tim Duncan pibota omen zen zure idoloa.

Bai. Eskola zaharreko jokalariek erakusten zizkidan nire entrenatzaile izan zen batek, eta Duncanekin alderatzen ninduen.

Unibertsitatean izan zenuen aukerarik NBAko jokalariekin entrenatzeko?

Bai. Kanpaleku pribatu batera gonbidatu ninduten uda batean, eta jokatu nuen haietako batzuekin. Prestakuntza ona zen unibertsitatean jokatzen segitzeko. Izarrak zure ondoan ikustea berezia zen hasieran, baina ohitu egiten da bat. Garrantzitsuena da egunen baten haiek bezalakoa izan zaitezkeela pentsatzea.

«Ez utzi inori ezezkoen bidez zure ateak ixten». Zuk esana da. Zer dago horren atzean?

Jende askok esan zidan ez nuela balio nire ibilbidearen hasieran. Inor gutxik sinesten du beste batengan hasieran. Baina norbaitek esaten dizunean haiek oker zeudela eta erakusteko gai zarela, funtsezkoa izaten da. Nire buruarengan fede handia daukat. Nork sinetsiko du, bestela?

Jokalari profesional izateko, hasi egin behar izan zenuen noizbait saskibaloian jokatzen. Barranquillan izan zen hori, eta ia nahigabe, ezta?

Bai. Gure eskolako gimnasioan iragarki bat jarri zuten, eta han joan nintzen. Baina ez nekien zer zen ere kirol hau.

Zergatik joan zinen probatzera?

Lagunek ez genuen ezer denbora pasatzeko arratsaldetan, eta hiruzpalau animatu egin ginen. Nik bakarrik iraun nuen, nire gorpuzkera egokia delako saskibaloian nabarmentzeko. Lagundu egin ninduen horrek maila batzuetan, baita kirol hau serio hartzen ere.

Haurtzaroan bihurri samarra omen zinen, etxean bakarrik egoten zinela baliatuta.

Gurasoek etxetik kanpo egiten zuten lan egun osoan, eta ni etxean bakarrik. Mugitua nintzen, eta energia asko nuen. Futbolean jokatzen nuen asko, kalean. Bihurrikeria batzuk ere egiten nituen. Beste etxeetako teilatuetara igotzen nintzen, eta zuhaitzetara, bizilagunei fruta ostera.

Kolonbiako Akademia pare batean jokatu eta gero, AEBetara joan zinen. Ikastera eta jokatzera?

Beste maila batean jokatu nahi nuen, eta aitak esan zidan ikasketak ez lagatzeko. AEBetara ikastera joateko beka bat baliatu nuen. Soziologia eta Psikologia ikasketak egin nituen.

Unibertsitatean, Wichita State Schokersen jokatzen ari zinen, eta uda honetan Europara etortzea erabaki zenuen. Zergatik erabaki zenuen hori?

Egoera zailean nengoen, zalantza asko baitzeuden NBAren inguruan, pandemiagatik. Jokatzen segitu behar nuen, erakusteko zertarako gai naizen, eta Europara etortzeko aukera sortu zen. Nire ordezkariek eta nik erabaki genuen onena hori zela, eta hemen nago.

Bazenekien zerbait GBC taldeari eta Donostiari buruz?

Ez nekien ezer. Lauzpabost kontu aipatu zizkidaten; besteak beste, hiri oso polita dela, eta leku ona dela profesionaletan hasteko.

Zeure kasa aritu zinen begira nora zentozen?

Bai, baina familiak erakutsi zidan zer den Euskal Herria, eta kontatu zidaten oso ezaguna dela hemengo sukaldaritza, eta horrela etorri nintzen.

Ia ezer ezagutu gabe, leku batera joatea itsu-itsuan joatea bezalakoa da?

Bai. Bertan egon arte ezin da zehaztasunez jakin nolakoak diren lekuak.

Echenique abizena euskalduna dela badakizu?

Esan didate hala dela. Banekien abizen espainiarra dela, baina ez Euskal Herrikoa. Begira egon naiz, eta hiru anai espainiar joan omen ziren Cartagena de Indiasera, eta haietako bat geratu zen Kolonbian. Agian harengandik etorriak gara gu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.