ETB1ek 'Baserria' lehiaketaren finala emango du bihar gauean

Bikote irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du. Asteartean 'Baserria zuzenean' egingo dute

Asier Alegria ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Aurreko neguan, urtarriletik martxora eman zuen ETB1ek Baserria izeneko reality-a. Ikusle datu oso onak izan zituen, eta bigarren denboraldia grabatzeari ekin zioten handik gutxira. Irailaren 19an hasi ziren bigarren denboraldia ematen, eta bihar, igandea, ikusi ahalko da reality-aren finala, 22:30ean.

Bigarren denboraldian parte hartzeko, 400 hautagai baino gehiago aurkeztu ziren. Horietatik, hamabi baserritar eta hamabi kaletar izan dira lehian azkeneko asteetan. Hiru bikote iritsi dira finalera: Jexux Mari Ormaetxea, Urki-Lucia Garmendia; Asier Alegria-Tania Llanos, eta Edurne Arribillaga-Markel Goikolea.

Bi zatitan jokatuko dute finala: aurreneko fasea bukatzean, bikoteetako bat kanporatu egingo dute. Lehia handia izango da azken proban, eta traktoreak ez dira faltako. ETB1eko saioaren aurkezlea Klaudio Landa da. Haren hitzetan entzungo da azkeneko aldiz: «3, 2, 1! Lanera!».

EITBren webgunean ere emango dute finala. Gainera, emanaldi berezia egingo dute Twitch plataforman, 21:30ean hasita. Jon Fernandezek gidatuko du emankizun hori, eta laguntzaile izango ditu Alex Padilla eta Amaia Barandiaran. Unerik onenen errepasoekin eta zuzeneko konexioekin ekingo diote emankizunari. ETB1en finala ematen ari diren bitartean, saioa komentatuko dute, eta, behin telebistako emanaldia amaituta ere, bizitako guztiaren analisia egingo dute. Padilla Baserria-ren webgunean aritu da lehia aztertzen.

Asteartean, berriz, Baserria zuzenean saio berezia emango du ETB1ek. Irabazleak elkarrizketatuko dituzte. Halaber, ikus-entzuleek baserritar eta kaletar onenak aukeratuko dituzte Interneten eta aplikazioan, boto bidez. Publikoaren baserritarrik kutunenak 500 euro eskuratuko ditu, eta beste hainbeste kaletarrik kutunenak.

Ez dago argi jarraituko duen

Baserria-ren lehen denboraldiak %4,7ko ikusle kuota bereganatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —gaztetxoen artean tiradizo handia izan zuen—. Datu txikiagoak izan ditu bigarren denboraldiak: %2,9ko kuota, orain arte. Jon Abasolo saioaren zuzendariak uste du zailagoa dela sasoi honetan urtarrileko datuak lortzea. «Hala ere, edukiak asko zabaldu ditugu sare sozialetan: Instagramen, Tik Token, Twitterren..., eta milaka herritarrek diferituan ikusi dute saioa. Datu horiek ez dira aintzat hartzen». Edonola ere, programak «datu onak» izan dituela nabarmendu du.

ETB aztertzen ari da hirugarren denboraldia egin ala ez. Jakina dena da Banijay banatzaileak bere katalogoan sartu duela formatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.