Huw Marshall. Hedabide bultzatzailea

«Eskozia eta Euskal Herria lehenak dira nire zerrendan»

Londrestik zuzenduriko hedabideek Galesen duten eraginaz akiturik, hedabide independente bat eratzeko lanean hasi da Marshall, S4C kateko arlo digitalaren buru ohia. Dirua biltzen dabil, merkatu ikerketa egiteko.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2018ko abenduak 29

Huw Marshall (Wrecsam, Gales, 1969) aktorea, telebistako ekoizlea eta S4C galesezko kate publikoko arlo digitalaren burua izan da. Kanpaina bat zabaldu berri du informazioa Galesko ikuspegitik landuko duen hedabide independente bat sortzeko.

Esan duzu «hedabide zerbitzu bat» sortu nahi duzula, baina zer hedabide mota duzu buruan?

Aukera guztiak aztertuko ditugu. Gaur, argi dago adin ezberdinetako ikus-entzuleek informazioa modu eta formatu ezberdinetan kontsumitzen dutela. Bideoa gakoa izango da, baina audio eta podcast-ak ere aukera bat dira.

Kexu zara Galesen Londrestik zuzenduriko hedabideak direlako nagusi; The Daily Mail, The Sun, BBC eta Sky, tartean. Nola eragiten die horrek galesek jasotzen duten informazioari?

Arazo handia da, eta egitasmoa garatzeko arrazoi nagusietako bat. Bizitzaren erretratua lente britainiar batetik ematen digute; politikan, bi aukera besterik ez dago —Alderdi Kontserbadorea eta Laborista—; NHS [Osasun Zerbitzu Nazionala], heziketa eta ekonomia Erresuma Batuaren gai gisa aztertzen dituzte, nahiz eta errealitatean aginte autonomoen esku dauden. Gure hedabide nazionalak bananduta daude ingelesezkoen eta galesezkoen artean. Horrek banandu egiten du gure nazioa, batu ordez.

Ardura bat izan zenuen Galesezko S4C telebista katean. Ezin zen egin lan hori S4Cn? Zergatik behar du Galesek «komunikabide independente» bat?

Begiratu Galesko hedabideen gaurko panoramari: BBC da indar nagusia bideo, audio eta albiste digitalei dagokienez, ingelesez zein galesez, baina munduari ikuspegi britainiar batetik behatzen dio, nahiz eta galesezko katea apur bat galeszaleagoa izan. BBCk ematen dizkio albisteak S4Cri. Galesko hedabideek ez dute Eskozian, Katalunian edo Euskal Herrian duten segurtasuna. Pentsatu nahiko nuke etorkizunean haiekin kolaboratzeko aukerak egon daitezkeela, batez ere alor digitalean. Izan ere, hedabide berriak lankidetzan aritu beharko du, arrakasta izan nahi badu, ez bakarrik Galesen, baizik eta globalki. Eskozia eta Euskal Herria lehenak dira nire zerrendan, etorkizunerako negozio eredua aztertzeko orduan.

Zer hizkuntza erabiliko du hedabide berriak?

Elebiduna izango da, baina ez da itzulpen literalik egongo. Eduki ezberdinak, hartzaile ezberdinentzat.

Zelako negozio eredua ikertzea proposatuko duzu?

Hasierako diruak aukera emango digu denbora eskaintzeko hainbat ereduri begiratzeko. Prentsak zailtasunak ditu, baina gaur erakargarriagoa izan daiteke publizitatea erosi nahi dutenentzat. Gero eta iragarle gehiagok erabiltzen dituzte hedabide digitalak eta sare sozialak, baina eremu horrek baditu erronkak komertzialki. Iragarki plataforma hiperlokalei begiratu behar diegu, baina baita jendearengana heldu nahi duten negozioei eta erakundeei. Ez dago Galesko argazki agentzia ofizialik; beraz, argazkilariekin eta bideogileekin hizketan ari gara, halako bat komertzialki nola garatu aztertzeko. Hedabideak dirua egin beharko du, ez izugarri, baina bai nahikoa, zerbitzuaren garapenean inbertitzeko.

Mundu digitaletik zatoz. Horrek esan nahi du prentsa ez duzula kontuan hartuko?

Hedabideak batez ere digitala izan beharko du, baina ezingo da izan webgune estatiko bat, iritzia ikuspegi bakarretik eskaintzen duena. Teknologia erabili behar dugu, adimen artifiziala eta datuak. Dirua jendearengan gastatu behar dugu, ikertzeko, egiaztatzeko eta dagokien plataformentzat edukia sortzeko denbora izan dezaten. Ikusten dut oraindik ere lekua prentsarentzat, baina nola eta non? Ikusiko dugu ikerketak zer esaten digun.

Noiz zabalduko duzue Galesko hedabide independentea?

Lanean hasi gara dagoeneko, kazetariekin hitz egiten eta datuak biltzen. Gainerako dirua eskuratzen dugunean, egun bateko konferentzia antolatu ahalko dugu martxoaren amaierarako. Internetez ikusi ahalko da. Han, ikerketaren ondorioak aztertuko ditugu, eta negozio planak finduko ditugu. Primerakoa litzateke plan pilotua 2019ko uda hasierarako martxan izatea. Gero eta diru gehiago bildu, orduan eta azkarrago ibiliko dira gauzak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR probak egten, gaur goizean, Refenan. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroako sarrera-irteerak itxiko ditu gobernuak

Mikel P. Ansa

Lanerako edo arrazoitutako mugimenduak baimenduko dituzte, baina ez bestelakoak. Tabernak eta ostatuak ixteko ere agindu du Nafarroak; etxera eramateko janari-edariak soilik prestatu ahalko dituzte. Jarduera guztiak itxiko dituzte 21:00etan, eta garraio publikoa %50era mugatuko dute. Ostegunean indarrean egongo dira neurriak.

PCR probak egiten, Ordizian, uztailaren hasieran izandako agerraldian ©juan Herrero / EFE

«Transmisio handia» egon arren, Jaurlaritzak baztertu egin du intzidentziarik handieneko herriak ixtea

Irati Urdalleta Lete

Baheketa selektiboak egingo dituzte Ordiziako eta Durangoko 13 eta 40 urte arteko herritarren artean.

Taberna baten barnealdea, Iruñean ©Jesus Diges / EFE

Hego Euskal Herrian 1.123 positibo atzeman dituzte

Berria

Kezka dago Azpeitiko, Azkoitiko, Beasaingo eta Ordiziako egoerarekin, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.000tik gora positibo izan dituztelako

PCR probak egitek gunea, Donostiako Ospitalean, abuztuan. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Jaurlaritzaren neurri berriak beranduenez ostegunean sartuko dira indarrean

Jon Ordoñez Garmendia

Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak esan du gobernuaren eskaerak lehentasun osoa izango duela. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere baliteke neurriak zorroztea aste honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna