Azken bederatzi urteetako daturik onena lortu du ETB1ek 2018an

Euskarazko katea ia hiru hamarren hazi da azkeneko urtean. ETB2k puntu erdia irabazi du, eta azken lau urteetako daturik onena lortu

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 3
ETB1ek %2,28ko ikusle kuota bereganatu du batez beste 2018. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino ia hiru hamarren gehiago. Horrenbestez, hamarkada osoko batezbestekorik onena bereganatu du euskarazko kateak; 2009an %2,96ko kuota izan zuen, eta, orduz geroztik, ez du gainditu amaitu berri den urtearen batezbestekoa. 2015ean eta 2016an izan zituen daturik txikienak ETB1ek: %1,9ko ikusle kuota. Denboran atzera joz gero, 2005ean %5eko ikusle kuota zuen kateak. Azkeneko hamarkadan, asko handitu da Euskal Herrian doan ikus daitezkeen telebista kateen kopurua, eta horrek eragina izan du kate gehienen ehunekoaren jaitsieran.

ETB1en %2,28 horretan, bestalde, ikusleen %40 inguru kirol emanaldiei esker lortutakoak dira. Pilota txapelketetako finalek, esate baterako, datu apartak izan dituzte: binakako finalak %16,2ko kuota izan zuen; buruz burukoak, %23,7koa —azken bost urteetako handiena—; eta lau t'erdikoak, %21,4koa.

Euskarazko beste kateak, ETB3k, %0,3ko ikusle kuota bereganatu du 2018an, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiago; 2017an beste hamarren bat galdu zuen. Bi urtean ikusleen erdiak galdu ditu, beraz, haurrentzako kateak.

ETB2 kateak %8,3ko ikusle kuota bereganatu du 2018an, aurreko urtean baino puntu erdi gehiago. Gainera, azkeneko lau urteetako batezbestekorik onena lortu du; 2014an, %9ko ikusle kuota izan zuen, eta orduz geroztik datu horretatik behera ibili da gaztelaniazko katea.

ETB4 kateak —gaztelaniazko errepikapenek osatzen dute programazioaren gehiengoa— %0,6ko ikusle kuota izan du 2018an, aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5 izan da 2018an gehien ikusi den katea, hogeigarren urtez: %16ko ikusle kuota —Espainiako kate pribatua 1,2 puntu igo da, 2017ko batezbestekoarekin alderatuta—. Bigarren tokian, sei puntura, Antena3 gelditu da —hiru hamarren galdu ditu—. La1 hirugarren tokian dago, %9,6ko kuotarekin —hamarren bat igo da—. La Sexta mantendu egin da (%7,9); Cuatro hamarren bat igo da (%5,6), baita La2 ere (%2,8).

Katalunian, TV3 katalanezko kateak azkeneko sei urteetako daturik onena bereganatu du, eta liderra izan da, %14ko batez besteko kuotarekin. Bigarren tokian dira Tele5 eta Antena3 kateak, biak 4,2 puntura. Marka berri bat ezarri du TV3ek: aurreneko katea da bederatzi urtez jarraian urteko liderra izan dena Katalunian.

Telebista kontsumoari dagokionez, Nafarroan telebista gehiago ikusten da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino. Hala diote, behintzat, Kantar Mediaren abenduko datuek: herritar bakoitzak 246 minutu pasatzen ditu egunean telebistaren aurrean Nafarroan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 minutu egiten ditu herritar bakoitzak telebistaren konpainian. Are txikiagoa da Kataluniako datua: 217 minutu. Espainian, azkeneko hamabi urteetako kontsumo txikieneko abendua izan dute: 238 minutu.

Gabon zaharreko saioak

2019. urteari ongietorria emateko programek harrera ona izan zuten Euskal Telebistan: kanpaietako Kaixo 2019 saioa aldi berean eman zuten ETB1en eta ETB2n, Guardiatik (Araba). Bi kateetako datuak batuta, %14,6ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %18,5—; kanpaien minutuan, ETB1ek 55.000 ikus-entzule izan zituen, eta ETB2k, 65.000. Kanpaien ostean, ETB1ek Go!azen 2019 gala eman zuen; telesaileko aktoreak musikari ezagunekin aritu ziren kantuan, eta %7,8ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %15,2—. 142.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean musika saio berezia. Nabarmen txikiagoa izan zen kanpaien aurretik euskaraz eman zuten saioaren harrera: Herri txiki, urte berri mahats! saioak %3,3ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, 6,8—. ETB2k kanpaien aurretik eta ondotik ¡Se acabó 2018! saioa eman zuen, eta %12,9ko ikusle kuota lortu zuen.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren urte amaierako mezuak ETB1en —eguerdiko albistegiaren barne— %4,5eko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %14—; eta ETB2n —albistegiaren barne hura ere—, %19,1ekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna