Leticia Dolera. Aktorea eta zuzendaria

«Intimitateko galderak mahai gainean jarri nahi nituen»

Crossover jaialdia inauguratu du Dolerak, 'Vida perfecta' lanarekin. Cannesen telesail onenaren eta interpretazioaren sariak jaso zituen, eta lehen bi atalak proiektatu dituzte Donostian.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Idazlea, aktorea eta zinemagilea da Leticia Dolera (Bartzelona, 1981). 2015ean, lehen filma zuzendu zuen: Requisitos para ser una persona normal. Vida perfecta telesaileko gidoilaria, aktorea eta zuzendaria da; Movistar+ plataformak estreinatuko du, urrian.

Nola sentitzen zara zure telesaila Donostiako Crossover jaialdian aurkezten?

Ilusio handia egiten dit. Telesailak normalean etxean ikusten dira, eta publikoarekin zinema areto batean partekatzea opari bat da niretzat.

Nola bizi izan zenituzten Canneseries jaialdiko sariak?

Sekulakoa izan zen. Nire lehen telesailarekin nazioarteko jaialdi batean egotea ederra zen berez; kritika onak iritsi ziren gero... Eta hiru aktore protagonistok ex aequo interpretazio saria jasotzea polita izan zen oso.

Nondik sortu zitzaizun Vida perfecta telesaila idazteko ideia?

Nire lagunak eta ni kezkatzen gaituzten gauzei buruz hitz egiteko beharretik sortu zen. Inguruko emakumeen bizitza zatiak irudikatu nahi izan ditut; intimitatean egiten ditugun galderak mahai gainean jarri nahi nituen. Istorioak kontatzeak galderak egiten laguntzen dit, baita nire ingurua hobeto ulertzen ere.

Etxe baten 25 urteko hipoteka sinatzera doanean, bikotekideak utzi egiten du Maria, zure pertsonaia. Hortik aurrera edozer gerta daiteke, ezta?

Mariaren pertsonaia erabateko estresean jarri nahi nuen. Maria oso hertsia da bere buruarekin eta ingurukoekin; kosta egiten zaio inprobisatzea. Urteak dira uste duela betiko mutil lagunarekin familia bat osatuko duela, baina, bat-batean, kili-kolo geldituko da. Hori ondo datorkio, bere ahuleziari aurre egin behar diolako.

Zuk Mariaren antza al daukazu?

Neurri batean, nire izaeran oinarrituta dago. Zorrotza naiz neure buruarekin. Lehen, asko kostatzen zitzaidan inprobisatzea, baina, orain, ikasten ari naiz, eta onartzen dut denak ez duela izan behar modu jakin batean. Gehiago erlaxatzen ikasi dut.

Zeintzuk izan dira zure inspirazioak telesaila idazteko?

Bi telesail erreferente aipatuko nituzke: Transparent eta Girls.

Azkenaldian, hainbat telesailetan emakumezko pertsonaiak estereotipoak hausten ari dira, eta begirada feminista antzematen da. Vida perfecta-n ere bai?

Telesaila feminista den ala ez ikusle bakoitzak epaitu behar du. Vida perfecta-k nire ikuspuntua du, eta hor genero ikuspegia dago. 35-40 urte arteko hiru emakume jartzen ditu errelatoaren erdian, eta egia da adin horretatik aurrera paper gutxiago eskaintzen dizkigutela emakumezko aktoreoi. Telesailean, bestetik, andreak ez dira objektu sexualak, baizik eta desioa duten subjektuak; gainera, gatazkatsua izan beharrik gabe egiten dute.

Beste bi andre izan dituzu bidelagun atalak zuzentzeko.

Bai. Ginesta Guindal publizitateko zuzendaria da, baina aurrenekoz zuzendu du telesail bat. Elena Martinek film zoragarri bat egina du, Julia ist, eta ez zuen horrelako proiektu batean inoiz parte hartu.

Zer behar du telesail baten gidoiak funtziona dezan?

Pertsonaiek ondo definituta egon behar dute. Argi izan behar da zein diren pertsonaien akatsak, bertuteak eta beldurrak. Niri telesailetan gustatzen zaidana da pertsonaietan oinarritzen direla; pertsonaiarekin kateatzen zara, eta gertatzen zaiona gertatuta ere, interesa izango duzu harekin. Vida perfecta-ri dagokionez, Manuel Burque gidoilariak eta biok landu dugu atal bakoitzak gai bat izatea, bere hiru agerraldiekin. Garrantzitsua iruditu zait, halaber, zortzi atalen batura film oso bat bezala ikustea.

Gero eta gehiago hitz egiten da telesailen narrazioak aldatzen ari direla, plataformek kontsumo eredua aldatu dutelako.

Kontsumoaren arabera idaztea ez da niri aterako litzaidakeen zerbait, ateratzen zaidana da ukitzen nauten gauzak kontatzea. Edonola ere, telesailak erritmoa izan dezan saiatu gara, birak izan ditzan.

Hainbat telesail britainiarretan lan egin izan duzu. Nolako esperientzia izan zenuen haietan?

Oso ona. Mad Dogs telesailari dagokionez, lehen denboraldia Palman grabatu genuen, Balearretan. Eta bigarrena, Hego Afrikan, Lurmutur Hirian. Esango nuke lanean jartzen zarenean herrialde guztietan kontu bera dela: egia ematen duten gauzak kontatzen saiatzea kameraren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.