Naroa Iturri. Hamaikaren 'Kolpez kolpe' saioko aurkezlea

«Solaskideak eroso daude garrasirik gabe»

Iturrik 'Kolpez kolpe' programa aurkezten du asteazken gauetan. Astero, gaur-gaurko gaiei heltzen diete, eta mahaiaren bueltan emakumeak izaten dira solaskide gehienak. Umorea sartzen ere ahalegintzen dira.

Naroa Iturri kazetaria eskuinean, Hamaika telebistako saioko platoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
ETBn 11 urtez egin zuen lan Naroa Iturri Lizarribarrek (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Hamaika telebistaren sorreran ardura postuak betetzen aritu zen gero. Azkenaldian, kazetaritzatik aparte ibili da, familiako ginekologia klinikan kudeaketa lanak betetzen.

Zer moduzkoa izan da zuretzat telebistako saltsara itzultzea?

Kazetari sena-edo eta gogoa beti dauzkat. Hamaikara bueltatzea berezia izan da, Hamaika nire txikia delako. Orain egiten dituzten saio ederrekin, plazera.

Parte hartzaile gehienak emakumeak dira saioan, bai kamera aurrean bai kamera atzean. Zertan egiten du berezi saioa?

Emakumearen ahalduntze horretan eragiten du. Komunikabideetan, oro har, emakumeen gabezia egoten da iritzia emateko orduan. Hamaikan oraintxe emakume asko daude lanean, eta pentsatu genuen ea zergatik ez genien emakumeei ahots gehiago ematen saio berri honetan. Dena den, saioa ikusle guztientzat da: emakumeentzat zein gizonentzat.

Gaur-gaurko gaiei zer ikuspuntutik heltzen diezue?

Saiatzen gara aktualitateari heltzen, bai umore aldetik bai kritikotasunaren aldetik. Beste hedabide askotan entzuten ez ditugun iritziekin, bestalde. Gurera etortzen diren emakume askok esaten digute ez direla adituak, baina bai hitz egiteko gogoa dutenak. Sare sozialetatik ikusten ditugu, halaber, inguruan eta munduan gertatzen diren kontuak. Pure berezi bat egiten dugu.

Irribarrez ikusten zaizue askotan aurkezleari eta solaskideei. Nola lortzen duzue hori?

Ekhiñe Atorrasagastiren ideia izan da saioa egitea, eta umorea sartu nahi genuen. Egia da gai gordin batzuekin zaila dela. Saiatzen gara modu lasai batean aritzen. Emakumeon artean badaukagu gaitasuna gaien inguruan patxadaz eta lasai hitz egiteko.

Zailtasunak izan dituzue solaskide andreak aurkitzeko?

Hasieran, pixka bat. Baina pixkanaka ari gara. Berdin zaigu bi edo hiru astez emakume berak gurera etortzea, andre horiei presentzia eman nahi diegulako. Haien burua eroso ikusten dute, formatuan gustura daude, garrasirik gabe. Emakume gehiago ere joango gara bereganatzen.

Asier Errastik sare sozialetako bitxikeriak eta txantxak eramaten ditu programara.

Bai, Errasti egunero dabil zoro moduan edukiak bilatzen. Umore berezia du Errastik, eta eskertzen da: irribarre erdi batekin, handiak botatzen ditu. Umorezko beste atal bat Eñaut Gantxegik betetzen du. Altxor bat da Gantxegi gure proiektuan izatea eta haren umore zoroa mahai gainean jarri ahal izatea.

Hamaikaren denboraldiko ezustekoa al da Kolpez kolpe?

Hitz handiak iruditzen zaizkit horiek. Zorionez, eduki oso onak egiten ditu Hamaikak urte osoan zehar. Guk nahi diogu Kolpez kolpe-ri nortasun berezi bat eman. Eduki berriak sartuz goaz: adibidez, aurrekoan Marga Anduraini buruz hitz egin zigun Amaia Ereñagak. Emakume asko dira ezezagunak memorian, eta aukera bat izan daiteke tarteka andre baten historia kontatzea.

Tentatzen al zaitu klinikako lana utzi, eta egunerokoan telebistara itzultzeak?

Oraintxe ezingo nuke. Klinikan ere gustura nago, emakumeekin lan egiten. Irakaspen politak jasotzen ari naiz.

ETBko hainbat saiotarako egin zenuen lan. Nola ikusten duzu gaur egun Euskal Telebista?

Kanpotik ikusita, gabezia asko ikusten dizkiot, batez ere euskal ekoizpenei dagokienez. Telesailetan eta euskarazko saio txukunetan hutsuneak ikusten ditut. Badago jendea lan egiteko prest, eta iruditzen zait astindu bat eman beharko litzatekeela, edukiei eta aurpegiei dagokienez. Ez da apusturik egiten produktu berriengatik, ez eta ere jende berriarengatik. Euskal Herrian oso kazetari onak dauzkagu, eta ez dute tokirik ETBn. Sormen handia dago, eta horri ahotsa eman beharko lioke kate publikoak. Gutxi arriskatzen da.

Telebista kontsumoa plataformetara ari da bideratzen. Zer egin beharko litzateke?

Ez dakit hori ez den erakundeetatik bideratu behar, baina telesail gutxi egitea arazo bat da. TV3eko Polonia umore saioa oso gogoko dut, eta ez dut bideragarri ikusten horrelako saio bat ETBn: egurra emango diona jende guztiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.