Nahikari Ipiña. 'El vecino' telesaileko ekoizle eragilea

«Komikiak bere zaleak baditu, hutsetik hastea baino errazagoa da»

Netflixek 'El vecino' telesaila estreinatuko du asteartean. Bilboko Astiberri argitaletxearen izen bereko komikian dago oinarrituta. Ipiñak iragarri duenez, komedia bat da, «fantasia generoarekin uztartua».

CARLA FERNANDEZ.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Sayaka ekoizpen etxeko arduradunetako bat da Nahikari Ipiña (Bilbo, 1977). Urteak daramatza Nacho Vigalondo zinemagilearekin lanean. Carlos de Pando, Sara Antuña eta Eneko Gutierrezekin batera da ekoizle eragilea El vecino telesailean.

Nori piztu zitzaion ideia El vecino komikiaren istorioarekin telesail bat egiteko?

Carlos de Pandok eta Sara Antuñak izan zuten telesaila egiteko ideia. Nacho Vigalondorekin jarri ziren harremanetan; gero, niri deitu zidaten eta elkarrekin lanean hasi ginen. Gidoiak, berriz, Miguel Estebanek eta Raul Navarrok idatzi dituzte; haiekin El fin de la comedia telesailean aritutakoa nintzen. Vigalondo komikiaren zalea da, eta pozez hartu zuen deia. Z ekoiztetxearekin egin dugu lana.

Netflix proiektuan egon da kasik hasieratik. Haientzat lan egiteko gogoz zineten?

Bai, gaztelaniazko ekoizpenekin hasi zirenetik gogoa genuen haientzat zerbait egiteko. Harremanetan geunden haiekin, eta telesail hau oso ondo joan da.

Vigalondoren estiloa ezagutzen duten ikusleei ezaguterraza egingo zaie haren umorea?

Bai, ezingo da hori saihestu. Vigalondo beti ibili da umorea eta generoa uztartzen. Nire iritziz, El vecino komedia da, fantasia generoarekin nahastuta, eta ez zientzia fikzioa umorearekin. Superheroi kostunbrista eta baldar bat da protagonista. Fantasia da, eta funtsean hor dago Vigalondok gehienetan bilatzen duena.

Efektu bereziak ere baditu telesailak.

Bai, eta horrek denbora eskatzen du. Barneko grabaketak eta kanpokoak ondo uztartu behar izan ditugu. Kontuan hartu behar da pertsonaia bat hegan azaltzen dela. Horri esker, gauza berriak ikasi ditugu [kar-kar].

Argi zenuten Quim Gutierrez aktoreak jokatu behar zuela superheroiaren pertsonaia?

Bai, oso argi. Gutierrez ikusgarri dago. Esaten duen esaldi bakoitzean umorezko kapa bat ematen diola ematen du. Bi protagonistak argi genituen [Clara Lago da bestea].

Azkenaldian, komikietan oinarritutako zenbait telesail arrakasta ari dira lortzen. Watchmen da horietako bat. Joera hori areagotu daitekeela uste duzu?

Egia da egiten ari den zerbait dela. Hor dago Superlopez filma ere. Eta esango nuke aurretik komiki bat baldin badago errazago atera daitekeela proiektua aurrera. Datozen urteetan errepika daitekeen fenomeno bat izango da ziur aski. El vecino-ren kasuan, umorezko partea hartzen du telesailak, baina, gero, istorioa ez da fidel-fidela komikiarekin. Komikiak bere zaleak baldin baditu, hutsetik hastea baino errazagoa da. Edonola ere, niri asko gustatzen zaizkit hutsetik sortzen diren istorio originalak, unibertso propioak: denetarik egon behar du.

El vecino komikiak bost liburu ditu. Telesailak denboraldi berriak izango ditu?

Hala nahiko genuke. Ea Urtezaharreko afariaren ostean jendea ikusten jartzen den. Netflixen esku geldituko da denboraldi berriak egin ala ez.

Ikusle askok buruan izan dezakete superheroien fikzio batek aurrekontu handikoa izan behar duela. Zuena ez da horietakoa, ezta?

Ez, argi dago ez gabiltzala AEBetako telesailen aurrekontuekin eta ez garela The Mandalorian-ekin lehiatuko. Baina emaitza oso txukuna da. Akzioa ere badauka.

Bestetik, zer moduz zabiltzate Sayaka ekoiztetxearekin?

Aurten, Koldo Serraren 70 binlandens filma estreinatu dugu. Eta proiektu berriak prestatzen ari gara: horietako bat Borja Kobeagarekin egingo dugu; komedia bat izango da. Emakumezko zuzendari berri bat sustatzeko asmoa dugu. Eta beste telesail batekin ere jarriko gara martxan. Genero kontuekin jarraituko dugu.

El vecino-ren atal bakoitza 30 minutu ingurukoa da. Atal laburrena joera bilakatuko da?

Zenbait telesailen atalak 50 minuturen bueltakoak dira, eta beste batzuenak, 30 minutukoak. Ordu erdikoak komediarekin lotzen ziren lehen, baina beste genero batzuetara iritsi da joera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.